Albistea entzun

Irailaren 27ra aurreratuko ditu Masek bozak, ERCrekin eta erakundeekin adostuta

Zerrenda banatan aurkeztuko dira Kataluniako alderdi subiranistak, programen oinarria adostuta.

ERCk aurrekontuak onartzen lagunduko dio gobernuari
Atzo, bost orduko bileraren ostean, bat-batean iragarri zuen agerraldia Artur Mas Kataluniako presidenteak.
Atzo, bost orduko bileraren ostean, bat-batean iragarri zuen agerraldia Artur Mas Kataluniako presidenteak. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 15

Hauteskundeetara deitzeko akordioa egin dute, azkenean, Kataluniako alderdi eta erakunde subiranista nagusiek; baina ez dira izango udaberrian, ERCk eta erakunde zibilek eskatzen zuten moduan. Artur Mas presidenteak berak ipini die data: aurtengo irailaren 27a. Garrantzi sinboliko handia duen eguna dela gogorarazi du Generalitateko jauregitik: «Urtebete izango da horma hauexen artean [azaroaren 9ko] galdeketarako deialdia sinatu nuenetik. Irailaren 27an, berriro deituko ditugu katalanak hautestontzietara». Kanpaina, berriz, egun ezin esanguratsuagoan hasiko da: Kataluniako Diadan.

Atzo iluntzean, azken unean iragarritako prentsaurreko batean eman zituen Masek azalpenok. Aurretik, bost ordu baino gehiago igaro zituen Oriol Junqueras ERCko buruarekin, Carme Forcadell ANC Biltzar Nazional Katalanekoarekin, Omnium Culturaleko Muriel Casalsekin eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko Josep Maria Vila d'Abadalekin bilduta, prozesu independentistaren geroaz eztabaidan. Espektatibak ilunak ziren bilera hasi zenean: azken egunotan hauteskundeei buruzko negoziazioak trabatuta zeuden, eta alderdi subiranistetako ordezkarien tonutik ere ondoriozta zitekeen euren arteko harremana gaiztotuta zegoela. Presidenteak gaurko deitua zuen, berez, agerraldia, bere erabakien berri emateko. Orain, azaroaren 9a baino lehenagoko «adostasuneko klima berreskuratu» dutela esan du Masek: «Zorionez, gaur esan dezakegu batasuneko ituna berregitea lortu dugula. Hori seinale ona da, esan nahi duelako hurrengo urratsak ez ditugula erabakien bidez hartuko, baizik eta akordioetatik helduko direla».

Azken emaitza, ordea, gertuago dago presidentearen asmoetatik, ERCk hasieran eskatzen zionetik baino. Masek azaldu duenez, zerrenda bereizietan aurkeztuko dira alderdi subiranistak bozetara, «bakoitzak ahalik eta hautagaitza onena osatuta», baina prozesu politikoari buruzko bide-orri bat adostuko dute lehenik. «Alderdiek euren programetan txertatuko dute, eta ez da soilik puntu bat izango, programen bizkarrezurra baizik». Akordio hori «oso aurreratuta» dago zenbait indar subiranisten artean, «baita ERC eta CDC ez direnetan ere»; UDCk ere babestuko lukeela iradoki du Masek.

Bozak irailean izan daitezen, abuztuan desegin beharko da parlamentua. Ordura arte, «estatu egiturak» eraikitzen jarraituko dutela iragarri du Masek, batez ere «atzerri ekintzari» eta agenda propioari dagozkionak; besteak beste, Gizarte Segurantzarako sistema propioa sortzeko. Ordura arte, ERCk gobernuari egonkortasuna bermatzen lagunduko dio, eta bizpahiru egun barru ekingo diote berriz 2015eko aurrekontuei buruzko negoziazioei.

«Prozesu politikoa arrakastatsua izan dadin, beharrezkoa da batasuneko paktua berregitea, eta akordioaren kultura sortu behar da berriz», esan du Masek. Onartu du atzoko bileraren aurreko konfrontazioari eutsi izan baliote, prozesuari «egun gutxi» geratuko zitzaizkiola. Adostutako formulaz galdetuta, aurpegi serioarekin erantzun du: «Begira, hobea da akordio hau, adostasunik sortzen ez duen beste edozein ideia baino, hura distiratsua izanda ere. Azaroaren 9ak ere ez zituen inoren idealak betetzen, baina akordioa lortzeko balio izan zigun. Horregatik izango da hain beharrezkoa bide-orri hau adostea».

«Orain data bat daukagu»

Masek uko egin dio alderdien arteko zerrenda nazionalari; Junquerasek, berriz, hauteskundeak martxoan ez izatea onartu du. Azken egunotan akordiorako «behar den guztia» egiteko prest agertu da ERC, eta azkenean lortu dutena defendatu du, orain, Junquerasek: «Itun hau hobea da, botoa ematea ahalbidetzen digulako. Bestela ez legoke hauteskunderik». Oraingoan, bozak «independentzia egiteko» izango direla nabarmendu du: «Orain data bat daukagu, eta horrek balioko digu independentziarako hobeto prestatzeko».

ERCk Generalitateko aurrekontuak onartzen lagunduko dio CiUri, eta hauteskundeetara bitartean babesa ematen jarraituko du: «Behin baino gehiagotan egin dugu gobernuan sartzeko eskaintza. Presidenteak erabakitzen badu gure presentzia baliagarria dela, gu elkarlanerako prest gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Ander Perez Zala

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Kopenhagen egindako agerraldian. ©Liselotte Sabroe / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar

Gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek.

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. ©SERGEY KOZLOV / EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...