Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Veleiako beste egiak

Publizitatea

Kultura

Veleiako beste egiak

Iruña-Veleiako piezak ditu ardatz larunbatean Gasteizen egingo den Proklama egitasmoak, baina eztabaida egiazkotasunaz harago eramatea da asmoa
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek sortutako <em>Nire ama Roman hil da</em> piezaren atal bat.
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek sortutako Nire ama Roman hil da piezaren atal bat. IRATXE JAIO ETA KLAAS VAN GORKUM

2016-10-13 / Iñigo Astiz

«Piezak faltsuak edo benetakoak izatearen debatea kortse moduko bat izan da, eta landu gabe geratu dira, horren ondorioz, beste gai oso interesgarri batzuk». Iruña-Veleiako aurkikuntzak ditu ardatz Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artisten lanak, eta, Jaiok azaldu bezala, debatea egiazkotasunaz harago zabaltzen saiatzea da haien asmoa. Donostiako San Telmo museoko Gaur konstelazioak erakusketarako dokumental bat eta instalazio bat egin zuten horretarako, eta egun osoko aditu arteko topaketa antolatu dute orain Gasteizko Artium museoan etziko. Arkeologoak, soziologoak, Eusko Jaurlaritzako ondare arduradunak eta artistak gonbidatu dituzte Proklama proiektuaren barruan. «Guk ez dugu ikuspegi ideologikorik, baina iruditzen zaigu artista gisa gure lana ziurtzat jotzen dugunaren atzean dauden mekanismo ideologikoak erakustea dela».

Ez da eztabaida teoriko hutsa. Iruña-Veleiako piezak Artium museoan erakutsi ahal izatea da Jaio eta van Gorkumen sakoneko asmoa. Horretarako, mailegu eskaera ere egin diote Arabako Aldundiari, baina ezetz erantzun diete oraingoz. «Badakigu proiektua erronka handia izan dela erakundeentzat», onartu du Jaiok. Gaia oraindik ere epaitegian dagoela esanez justifikatu dute ezezkoa aldundiko arduradunek. Izan ere, instrukzio fasean dago 2009ko martxoaren 24az geroztik Eliseo Gil Lurmen enpresako kide eta aztarnategiko buru izandakoaren aurkako salaketa Gasteizko Lehen Instrukzio epaitegian, eta ikusteko dago oraindik azkenean epaiketarik egingo den edo ez. Horregatik, aldundia ez dago prest erakusketarako piezak uzteko, harik eta epaileak zerbait esan arte.

Adibide praktiko hori ere presente izango da larunbateko jardunaldian, eta Iruña-Veleiako piezak erakutsiko lituzkeen erakusketa proposamen hori aurkeztuko dute hitzaldietariko batean. Jaiok eman du azalpena: «Printzipioz denona den ondare materiala erakusteko orduan martxan jartzen diren mekanismoak erakusten ditu proposamen horrek; zer gauza baloratzen diren, nola hartzen diren erabakiak, nola aurkezten diren...».

Interpretazioen mugak

Mantentzen dute erakusketa egiteko asmoa Jaiok eta Van Gorkumek. «Gure asmoa da Proklama amaitutakoan tresna batzuk sortzea erakusketa hori egin ahal izateko, abagunea heltzen denean. Horretarako elkartuko ditugu diziplina askotako adituak, eta elkarregaz pentsatuko dugu erakusketa hori egitearen inplikazio sozial, politiko eta etikoei buruz». Esaterako, Iñaki Martinez de Albeniz soziologoak zerbait autentikotzat jotzeko mekanismo sozialak aztertuko ditu bere hitzaldian. Xurxo Ayan arkeologoak ere hitzaldia emango du, eta han izango dira, Harkaitz Cano idazlea, Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura-Ondarearen, Hezkuntzaren, Hizkuntza-Politikaren eta Kulturaren zuzendaria eta Daniel Castillejo Artium zentroko zuzendaria ere.

Argia da erronka, beraz. Baina posible izango da egiazkotasunari buruzko eztabaidari erreparatu gabe bestelako eztabaidak piztea? Baikorra da Jaio: «Espero dut egun batez atseden pixka bat hartzea egiazkotasunari edo gezurrezkotasunari buruzko eztabaidak, beste narratiba batzuk ere sakondu ahal izateko».

Aurrez ere landua dute Jaiok eta Van Gorkumek. Arte garaikide bilakatu zuten aurrez ere kasua, Donostiako San Telmo museoan jarritako Nire ama Roman hil da piezarekin. Veleiako ostraketan agertzen diren inskripzio guztien kopiak egin zituzten ordukoan, eta museoko mahai batean jarri zituzten jendearen bistara. Jaio: «Hori ez zen bakarrik modu bat erakusteko orain arte ezkutuan egon dena; baizik eta baita hori egin duen pertsonaren edo pertsonen lana dokumentatzeko ere. Guk egindako kopia haiekin ikusten delako 900 pieza baino gehiago kopiatzea zelako lantzarra den». Bestalde, pieza haiekin batera dokumental bat ere egin zuten. Faltsutasunaren eta egiazkotasunaren aldeko lau pertsona gonbidatu zituzten, pantaila batean jarritako Iruña-Veleiako piezei buruzko interpretazioak eman zitzaten. «Horren bidez, interpretazioen mugak eta boterea erakustea zen gure asmoa», adierazi du Jaiok. Eta horren haritik doa etzi egingo duten topaketa ere.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak