Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Artxipelago diren irlak

Publizitatea

Kultura

Artxipelago diren irlak

Hainbat diziplinatako sei artista elkartu, eta bertsoa, musika eta kantua uztartuta, 'Artxipielagoa' saioa sortu dute. Iruñean estreinatuko dute, apirilaren 28an
<em>Artxipielagoa</em> emanaldian parte hartzen duten sortzaileak: Andoni Egaña, Ainhoa Garmendia, German Ormazabal, Pello Ramirez eta Gari Mendizabal.
Argazkia: BELEN IBARROLA

2017-04-12 / Julen Aperribai

«Gutako bakoitza irla bat balitz bezala, artxipelago bat osatu dugu», azaldu du Garikoitz Mendizabal txistulariak. Hainbat diziplina artistikotatik datozen sei sortzaile batuko ditu oholtzan Artxipielagoa ikuskizunak: Andoni Egaña bertsolaria, Ainhoa Garmendia sopranoa, Pello Ramirez txelo eta soinu jotzailea, German Ormazabal piano jotzailea, Belen Ibarrola artista eta Mendizabal bera. Narrazioak, bertsoa, musika, kantua eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartzen ditu emanaldiak, eta apirilaren 28an estreinatuko dute, Iruñeko Baluarte jauregian.

Ormazabal izan zen uharteak elkarrengana hurbildu eta multzokatzeko hariak mugitu zituena. Hala dio Mendizabalek: «Bazuen halako har bat, zerbait berria hastekoa». Garmendia eta Mendizabalengana jo zuen lehenik, eta haien inguruko musikari eta lagunak batu ziren gero proiektura. Eta emanaldiaren ideia oraindik xehatzen ari zirela jo zuten Egañarengana, bertsolariak berak azaldu duenez. «Hasierako ideia zen, nagusiki, kantuaren inguruko ikuskizun bat egitea, bukaera aldera publikoa ere kantuan jartzeko asmoz». Ideia horri heldu diote gerora ere, baina beste zenbait aspektu «findu» dituzte, eta, besteak beste, ikus-entzunezko proiekzio bati ere tartea egin diote, esaterako.

«Batzuetan joera egoten da hain gertu eta, aldi berean, hain urrun sentitzen ditugun diziplina desberdinak batzeko». Eta asmo horrek gidatu ditu taldekideak ere, Mendizabalek dioenez. Lehenago ere elkarrekin arituak dira haietariko batzuk, eta diziplinak uztartzen ere arituak dira. Eta sortze prozesurako lagungarria izan da aurretiazko esperientzia hori izatea, Egañaren arabera. Musika lotuz joan dira, eta paraleloan garatu dituzte hitzak eta ikus-entzunezkoak.

Mendizabalek aitortu duenez, izan dira kideen jardunari lotuago aritu behar izan duten sortzaileak, eta izan dira libreago aritu ahal izan dutenak, baina, dioenez, guztiei balio izan die prozesuak «beste ikuspegi bat hartzeko eta ondokoengandik ikasteko». Halere, ez du uste kolaborazioek norbere jardunean aldaketa handirik ekarri dutenik; ikuskizuna bere osotasunean ikusita, bakoitzaren berezitasunak hobeki antzematen direla dio Mendizabalek.

Izan ere, «berezia» da proiektua, eta nekez aurki daiteke antzekorik nahiz erreferentziarik. Originaltasunaren bila espresuki joan gabe, hala suertatu dela uste du txistulariak: «Askotan, sinergiak modu naturalean sortzen dira, eta, emaitza lortu eta gero, arrazoi bat bilatzen diozu gertatutakoari».

Kantutegiak banatua

Ordu eta erdi iraungo du emanaldiak, eta bi zati izango ditu, kantuen errepertorioari dagokionez. Lehenengo zatia klasikoagoa izango da, eta herri kantei eskainia. Besteak beste, Jose Mari Iparragirreren eta Tomas Garbizuren abestiei ahotsa jarriko die Garmendiak, eta publikoari ezagun egingo zaizkion beste kanta batzuk ere eskainiko ditu. Garaikideagoak izango dira errepertorioko bigarren parteko abestiak, eta azken 30-40 urteetan ezagun egindako hainbat abesti joko dituzte. Garmendiak berak egin du lehenengo ataleko abestien aukeraketa, «gustukoen zituenak» eta zuzenekoari begira «logika gehien zutenak» aukeratuta.

Emanaldiko azken zatikoak, berriz, elkarlanean hautatu dituzte, baina, txistulariak dioenez, lagungarri izan dituzte Xabier Otaolea konpositoreak Bilboko Udal Txistulari Bandarentzat moldatutako hainbat pieza. Ohiko eremu duen operatik bestelako publiko batengana iristeko ahalegina sumatu dio Egañak kantatzeko moduan Garmendiari: «Nik uste dut Ainhoak, kantatzeko modu zoragarria edukitzeaz gain, probatu nahi duela modu berri bat, operako vibrato hori gabe. Beste jende batengana iristeko modua ere izan daiteke; ulertu egiten zaizkio letrak, adibidez, eta hori guretzat garrantzitsua da».

Tokian tokikoak eraginda

Kantu eta kantu artean, jostun lanak egitea egokituko zaio Egañari. Bertso nahiz narrazio bidez joango da hariak lotuz. «Ez dakit oso seguru zer egingo dudan, baina pixka bat entretenituko dut publikoa». Hizketaldiak eta bertso jarduna tokian tokiko errealitatera egokitzen saiatuko da, herrian herriko egoera politikoa, egoera kulturala edo goitizenak hizpide hartuta. Egaña izango da narratzailea, eta moldatu egingo ditu saioak emanaldian jasotzen duen erantzunaren nahiz bere gogoaren arabera.

Tonu aldetik ez du oso umoretsua aurreikusten emanaldia, ez behintzat lehenengo saioa: «Umorea izango du nik eman diezaiokedana. Han egongo naiz neure burua defendatzeko, eta agian umore pixka bat eman beharko zaio, narrazioan, prosan edo bertsoetan». Leku bakoitzean kideek aurkituko duten giroak ere baldintzatuko omen ditu ikuskizunaren hainbat aspektu: «Zenbaterainoko umorea sartu, publikoaren arteko distantzia...». Izan ere, Euskal Herriko kultur espazioen aniztasunak ahalbidetuko die beraien artean antzekotasun handirik ez duten lekuetan aritzea. Oraingoz, Iruñekoaren ostean, Azkoitian eta Oñatin(Gipuzkoa) izango dira maiatzean.

ZUZENEAN

Iruñea. Apirilaren 28an, Baluarte jauregian.

Azkoitia. Maiatzaren 6an.

Oñati. Maiatzaren 21ean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak