Albistea entzun

Arrauna. Kontxako Bandera

«Zuretzat ez bada bandera, niretzat»

Ane eta Eli Pescador ahizpek lehia bizia izango dute datorren igandean Kontxako Banderan. San Juango arraunlaria da Ane, eta Hibaikakoa Eli. Bandera etxeratzeko esperantzan daude.
Ane eta Eli Pescador, aste honetan, Errenterian; tentsio bereziarekin ari dira bizitzen Kontxako Bandera.
Ane eta Eli Pescador, aste honetan, Errenterian; tentsio bereziarekin ari dira bizitzen Kontxako Bandera. JON URBE / ARP

Aitor Manterola -

2015eko irailak 10 - Errenteria

Hamar urte direla, Hibaika arraun elkartean neska bakarra zegoen kadeteen adinekoa. Berak bakarrik ezin ezer egin, eta San Juanera joatea erabaki zuen. Han bazen arraunlari nahikoa berari gustatzen zaiona egiteko: arraunean egin nahi zuen. Ane Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1991) zen gaztetxo hura.

Urte hartan bertan, arraunlari berri bat hasi zen Hibaikan. Ane baino helduagoa, zaharragoa. Abizen bera daukate: Pescador. Eli ahizpa zen (Errenteria, Gipuzkoa, 1982). Gaztea klubetik joan, eta zaharra sartu. Harrezkero, behin bakarrik egin dute arraun talde berean: 2009an izan zen, Hondarribian. Beste denboraldi guztietan, aparte ibili dira. Ane, beti San Juanen, eta Eli, Hibaikan ia beti, 2011ko salbuespenarekin, Zumaian aritu baitzen orduan.

Aparte alde horretatik, baina aurtengo Kontxako Banderan ez hain aparte. Bi segundo eta hamalau ehunenek baino ez dituzte bereizten bi ahizpak. Elkarren ondoan dira, ia-ia, baina Ane aurretik. Aste hau berezia bezain astuna ari zaiela egiten aitortu dute biek: «Lanean beste gairik ez dago, eta egunero gogoan izan behar datorren igandekoa». Ez zaie gustatzen horrela ibiltzea: «Urduri jartzen nau», aitortu du Anek. «Aste hau gozatzekoa da, eta amorrua ematen dit ezin gozatuta ibiltzeak», gehitu du Elik.

Urduritasunarena aipatuta, biek aitortu dute aste honetako urduritasunek eragina izan dezaketela igandeko estropadan: «Gauzak bere-berean hartzen ez badira, igandean ondorioak etortzen dira», azaldu Elik, esperientzia lagun. Anek ere antzeko zerbait esan du: «Urduri bazaude, entrenamenduak ez dira ondo ateratzen, eta, orduan, zalantzak sor daitezke, eta zalantzekin, arraunkera galdu ere bai».

Ez dira batera bizi, eta, kontatutakoak kontatuta, ez du ematen aste honetan arrauna hizpide izango zutenik elkarrekin bizi izan balira ere. Eta etxean? Zer diote etxekoek? «Ohituta daude egoera honetara», esan du Elik. «Pozik daude bi ahizpak Kontxa irabazteko aukerarekin ikusita», dio Anek. Ez dira bi ahizpak etxekoengana joaten bakoitzaren alde egiteko eskatzera: «Ez, ez. Konpromiso batean jartzea litzateke hori, eta niri hori egitea ez litzaidake gustatuko; nik ere ez diet egingo». Etxekoak joango omen dira igandean Donostiara: «Han izango dira, bai. Bi taldeetako zapiak lepoan jarrita, ziurrenik», esan du Anek.

Pescadortarrek, hortaz, bi aukera dituzte igandean poza eurenganatzeko. Anek badaki zer den arranplan gora bandera preziatuarekin igotzea. Iaz irabazi zuen. «Oraindik hunkitu egiten naiz argazkiak ikustean», esan du. «Nik ere atera nuen argazkia berarekin eta banderarekin», gogoratu du Elik, baina ez du hor amaitu esaldia: «Ea aurten ni naizen banderarekin».

Estu daude gauzak bi ahizpen taldeen artean, eta Zumaia ere gainean daukate, hiru segundora. Elik ez du uste alde handiak egongo direnik: «Itsasoa zeharo txarra ez badago, behintzat, ez zait iruditzen alde handiak egongo direnik. Berdintasuna izango dugu berriz ere». Anek zorteari bota dio keinua: «Itsasoa zakar samar badago, kaleek eragin handia izango dute, eta zorte ona ere beharko da bandera irabazteko».

Sekulakoa izan zen igandekoa. Arraunlariek era batera bizi izan zuten barrutik: «Nekagarria izan zen oso. Patroia denborak eta aldeak esanez une oro; bat aurretik, bestea…», kontatu du Anek. Elik beste ikuspegi batetik ikusi zuen gero estropada: «Etxean telebistaz ikusi nuen gero, eta hunkitu egin nintzen hain estropada bikainarekin». Haren ustez, ondo gogoan gordeta geratuko da: «Mugarria izango da emakumezkoen traineru estropadetan; urteen joanean ere hor egongo da».

Osaba arraunlariak

Biak arraunari eman eta eman aurreko igandean, eta, bitartean, etxekoak gozamen betean eta urduri aldi berean. «Arraunzalea zen aita, eta ikusten genituen traineruak entrenatzen eta lehiatzen Pasaiako badian», gogoratu du Anek. Orain, bi ahizpak dabiltza lehian, eta horrek eragina izan du etxean: «Arraunaz asko hitz egiten da, hau dela eta bestea dela. Polita da», gehitu du Elik.

Bi osaba izan dituzte gogoan, biak arraunlari izanak. Pescadortarren oihartzuna ez baita gaurkoa arraun munduan: «Bat San Pedron ibili zen, eta bestea, Hibaikan». Aitaren zaletasunarekin eta osaben jardunarekin, ez da harritzekoa bi ahizpak arraunlari izatea. Segitzekotan dira, gainera. Eli, Hibaikan: «Gauzak asko aldatzen ez badira, herriko traineruan segituko dut. Osatzea kosta zitzaigunarekin...». Anek ere buruan dauka Hibaikan arraun egitea, baina ez orain: «Hibaikan bukatu nahiko nuke, baina oraindik ez da heldu garaia».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©RUNGROJ YONGRIT / EFE

Urrezko belaunaldiak azken aukera dauka

Zuriñe Iglesias Sarasola

Belgikak hil ala biziko partida jokatuko du gaur Kroaziaren aurka (16:00). Irabazi ezean, Munduko Kopatik kanpo gera daiteke. Herrialdean inoiz egon den jokalari multzo hoberena osatzen dute De Bruynek, Hazardek, Courtoisek, Lukakuk...
<em>Crypto.com</em> eta Budweiser enpresen publizitatea, Ingalaterraren eta Galesen arteko partidan. ©GEORGI LICOVSK / EFE

Babestua dago Munduko Kopa

Ainara Arratibel Gascon

Qatarren, debekatua dute edari alkoholdunak saltzea eta kriptodirua erabiltzea, baina Munduko Koparen babesle dira, besteak beste, sektore horretan ari diren hainbat enpresa eta marka.
 ©ICON SPORT

«Ezin da esan etxetik kanpoko partidetan ondo aritu ez garenik»

Iñaki Berastegi

Baionan lehen sasoia du Facundo Boschek. Uste du taldeak «espero baino hobeki» hasi duela denboraldia. Lyonen aurka jokatuko dute etzi (17:00), Jean Daugerren. Aurkari indartsua da Frantziako taldea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...