Anari: «Beste norabaiterantz abiatzeko saioa egiten dut disko bakoitzean»

'Zure aurrekari penalak' diskoan, «hitzetan» egin du aurrekotik urruntzeko ahaleginik handiena.

Musikaren aldetik ere «beste giro bat» sortzen saiatu da
Anari taldeko kideak, atzo, Donostian: Mariano Hurtado, Drake, Anari, Borja Iglesias eta Mikel Txopeitia.
Anari taldeko kideak, atzo, Donostian: Mariano Hurtado, Drake, Anari, Borja Iglesias eta Mikel Txopeitia. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2015eko maiatzak 8
Disko bat argitaratu ondoren, bizpahiru urte behar izaten ditu Anari Alberdik, Anari taldeko kantu egile, kantari eta gitarristak, «disko horretatik irten eta hurrengoa egiten hasteko». Horregatik, nahiz eta berak epe zehatzik ez jarri bere buruari, bost bat urteko tartea izan ohi da beti bere diskoen artean. Bost urte eta erdi igaro dira zehazki orain hurrengoa —Irla izan, Bidehuts, 2009— argitaratu zuenetik Zure aurrekari penalak (Bidehuts) berria kaleratu duen arte, bere ibilbideko bosgarrena, bederatzi kantuz osatua. Disko bakoitzean, «beste norabait joateko edo beste norabaiterantz abiatzeko saioa» egiten du Anarik, eta Zure aurrekari penalak disko berrian «hitzetan» egin du batik bat ahalegin hori. «Kantuetan agertzen diren gaiak ez dira aldatzen, baina gaiak tratatzeko hitzak bai. Horren bila ibili naiz».

Ahalegin horretan, «beste eremu batzuetako» hitz eta esamoldeetara jo du, gai soziopolitikoekin lotuetakoetara adibidez, beste batzuen artean. Diskoaren izenburua da horren adibide: batetik, Anariren aurreko diskoetako kantuetan agertzen diren «penak» dakartza gogora, auto-ironiaz, bere buruari barre eginez; bestetik, joko polisemikoa egiten du «herri hiperjudizializatu honetan». Dena den, nahiz eta «aurrekari penalak», «armagabetzea», «biktimak», «mundu mailako gerra», «albo-kalteak» eta gisa hitz, esamolde eta kontzeptuak aipatu tarteka, disko berriko kantuak ez dira kantu sozialak, Anariren ustez.

Emaitzarekin «oso gustura»

«Buelta asko» eman dizkie kantuei, «berridatzi» egin ditu «goitik behera», baina azkenean egin duen ahaleginaren emaitzarekin «oso gustura» geratu da Anari. «Gero eta gehiagotan lortzen dut nahi dudan horretara ailegatzea. Ez beti eta ez kantu denetan, baina egiten dudana gero eta gertuago dago nik egin nahiko nukeenetik. Kantu batzuetan behintzat, lortu nahi nuen kantua lortu dudala sentitzen dut».

Anari Alberdirekin batera, Borja Iglesiasek (gitarra), Xabier Olazabal Drake-k (baxua), Mariano Hurtadok (pianoa eta teklatuak) eta Mikel Txopeitiak (bateria) osatzen dute egun Anari taldea. Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu dute nagusiki diskoa —Tolosako Bonberenea (Gipuzkoa) etxean grabatutako zati batzuk izan ezik—, iazko abenduan hasita aurtengo apirila bitarte. Karlos Osinaga Txap izan da soinu teknikaria, Martxel Arkarazo laguntzaile zuela.

Ohi bezala, Anarik sortu ditu, «etxean», diskoa osatzen duten bederatzi kantuak, eta gero kantu horiek taldekide guztien artean «prestatu» dituzte. Hala ere, estudioan sortu da «kantuen parte handi bat», kolaboratzaileen eskutik: Joaquin Pascual (pianoa, Hammond organoa eta sintetizadoreak), Jabi Manterola, Karlos Osinaga Txap eta Ander Mujika (gitarrak), Eneko Burzako MobyDick (gitarra eta ahotsak), Ager Insunza (biola, biolina eta slide gitarra). «Musikak, beste gauza batzuez gain, aukera ematen dit miresten ditudan musikariekin jotzeko eta nahasteko. Kolaboratzaileek beren ikuspuntua ematen diote diskoari, eta lan honetan ere hala gertatu da. Asko gustatzen zait hori egitea, eta beti egin izan dudan gauza bat da».

Musikari dagokionez, Zure aurrekari penalak osatzen duten kantuak mantsoagok edo lasaiagoak direla uste du Borja Iglesias taldekideak, «tenpo ertainak baino geldoagoak» nagusitzen direla. Disko bakoitzak «bere soinua izan dezan» ahalegintzen direla azaldu du Anarik, eta disko hau ez dela salbuespena alde horretatik. «Uste dut aurreko diskoarekin konparatuta, beste giro bat duela, Saiatu gara behintzat».

Azalaz eta diseinuaz Savanna Studio arduratu da. «Diskoaren hitzekin eta giroarekin guztiz bat egiten du diseinuak», Anariren ustez. Azalean marraztuta ageri den emakumea ez dela bera argitu du: «Nahiz eta ni bera banaizen, bera ez da ni. Bera emakume asko da».

Diskoa aurkezteko emanaldiak Euskal Herriko ahalik eta lurralde gehienetara eramateko ahalegina egin dute: maiatzaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian ariko dira, eta 23an Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxean, bietan aurretik MobyDick dutela; maiatzaren 28an, Gasteizen; maiatzaren 30ean, Azkoitian; ekainaren 4an, Iruñean; eta ekainaren 5ean, Baionan.

@ Anariri egindako bideo-elkarrizketa ikusteko: www.badok.info

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna