Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ez dago urruti Sahara

Donostia 2016k eta San Telmo museoak Hondar Artean egitasmoa abiatu dute. Sahararen inguruan hainbat ekitaldi egingo dituzte gaurtik ekainera bitartean
Federico Guzmanen <em>Tuiza</em> artelana uztailaren 3ra arte egongo da San Telmo museoan.
Federico Guzmanen Tuiza artelana uztailaren 3ra arte egongo da San Telmo museoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2016ko apirilak 9 - Donostia

Euskal Herria eta Sahara ez daude elkarrengandik hain urruti. Ez behintzat Donostia 2016k eta San Telmo museoak —beste hainbat eragileren laguntzarekin— martxan jarri duten Hondar Artean egitasmoan. Izan ere, Saharako herria pairatzen ari den okupazioa ardatz hartuta, hogei kultur jarduera baino gehiago egingo dituzte Donostian, gaur hasi eta ekainaren 18ra bitartean. Xabi Paya Donostia 2016ko programazio arduradunen arabera, «munduan dauden injustiziak aztertzea» da proiektuaren helburua. «Elkarrekin bizi behar baldin badugu, ezinbestekoa da elkartasuna balio izatea, urrunekoak ere gertu sentitzea, bestela gertukoak urrun sentitzeko arriskua izango baitugu».

Distantzia horiek apurtzeko, espazio bat sortu du Federico Guzman artistak (Sevilla, Espainia, 1964): Tuiza. Bojadorko (Mendebaldeko Sahara) emakume errefuxiatuen laguntzarekin eraiki duen haima bat da, koloretako oihalez osatua. Guzmanek azaldu duenez, «tragedia» alde batera utzi, eta «bizitza eta elkartasuna ospatu» nahi izan dituzte sahararrek obraren bidez. Donostiako San Telmo museoan egongo da, uztailaren 3ra artea, eta haren barruan egingo dira Hondar Artean egitasmoko ekitaldi gehienak —sarrera librea izango dute han egiten direnek—. Susana Soto San Telmo museoko zuzendariaren arabera, «elkartzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko» gune bat izango da. Artelanaren izena bera esanguratsua da, tuiza euskaraz elkarlana baita.

Ekainaren 18an amaituko da Hondar Artean egitasmoa, eta egun horretarako jaialdi bat prestatu dute. Ordura bitartean, mota guztietako ekintzak izango dira: hitzaldiak, zinema zikloak, erakusketak, egonaldi artistikoak, tailerrak... Besteak beste, Donostialdeko gizarte mugimenduekin bilera batzuk egin ostean, erresistentzien mapa bat egingo dute, eta Euskal Herriko bi artistak eta Saharako bik truke artistiko bat egingo dute Tabakaleran. Gainera, Donostialdeko hamalau eskolatako ikasleek loreak bidaliko dituzte Mendebaldeko Saharara, harresiaren inguruan modu sinbolikoan landatzeko.

SOLASALDIAK

Askotariko solasaldiak izango dira Tuiza-n. Gaur bertan, Oporrak Bakean egitasmoaren inguruko hitzaldi bat izango da, 11:00etan, eta, bertan, Saharako haurrak etxean hartzeko zer egin behar den azalduko dute. Datorren asteazkenean, 18:30ean, Nazioarteko feminismoa: gure borrokak sozializatzen solasaldia izango da, feminismoaren eta erresistentziaren inguruan. Maiatzaren 26an, berriz, Euskal Herriko bake prozesuan emakumeek izan duten parte hartzearen inguruko azterketak eta proposamenak plazaratuko dituzte, eta neoliberalismoaren aurkako proposamen feministak hobeto ezagutzeko aukera egongo da ekainaren 15ean egingo den solasaldian.

San Telmo museoko ekitaldi aretoan egingo dute beste jardunaldi bat, maiatzaren 10ean. Mahai ingurua eta eztabaida prestatu dituzte, garapen jasangarriaren inguruko berrikusketa kritikoa egiteko.

San Telmo museoko ekitaldiez gain, beste bi antolatu dituzte Okendo kultur etxean. Apirilaren 25ean, Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta espoliazioa hitzaldia emango dute, eta, apirilaren 29an, Kapitalismoaren espoliazioaren aurkako erresistentziak izenekoa.

ERAKUSKETAK

Zabalik dago Okendo kultur etxean Lurra, kultura eta identitatea: ondasun lapurtua multimedia erakusketa. Saharako kasuaz gain, mundu zabalean gertatzen diren bidegabekerien inguruan hausnartzea da haren helburua. Maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai.

AISIALDI EKITALDIAK

Haimaren kulturak izeneko jardueran, Euskal Herrian bizi diren sahararrek hango kultura nolakoa den erakutsiko dute. Hilero bi asteartetan errepikatuko da ekintza hori Tuiza-n. Datorren asteartean izango da lehen saioa, 17:00etan hasita. Jolas tipikoen saio bat egingo dute, eta Minetu eta Ergueibi artistek kontzertu bat emango dute jarraian.

Horrez gain, familia osoarentzako lau tailer antolatu dituzte. Maiatzaren 7an, loreak egingo dituzte Tuiza-n, eta eskulan bat baino gehiago bilakatuko dira: edertasunaren eta laguntasunaren sinbolo, hain zuzen. Horren ostean, Hondarrean marraztu arte tailerraren txanda izango da. Federico Guzmanek gidatuta, Saharako gatazkara hurbiltzeko saio bat baino gehiago egingo dituzte maiatzaren 14tik aurrera, San Telmo museoan eta Tuiza-n. Ekainaren 4an, kateak loturaren sinbolo gisa landuko dituzte Tuiza-n, eta, ekainaren 11an, antzeko saio bat izango da leku berean: sarea elkartasunaren sinbolo gisa landuko dute.

ZINEMA ZIKLOAK

Sahararrek egindakoak diren edo Sahara ardatz duten filmen zikloak antolatu dituzte. Lehen saioan, Leyuad filma emango dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Viktoria Eugenia antzokian izango da emanaldia, apirilaren 19an. Gainontzeko hiru zikloak, berriz, Tuiza-n izango dira. Maiatzaren 12an, El maestro saharaui (Maisu sahararra) emango dute; ekainaren 2an, Life is waiting (Bizitza itxaroten ari da), eta ekainaren 16an, Saharako film labur batzuk.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Organoa, zubi lanerako tresna

Organoa, zubi lanerako tresna

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Elorza eta Jesus eta Jose Ibazeta eibartarrek Helmholtz organoa sortu zuten, 1961ean. Organoaren 60. urteurrena gogoratzeko, kontzertu berezi bat egingo dute azaroaren 30ean, Eibarren.

Estitxu Arozena Saioa Alkaizari txapela janzten, gaur, Anaitasunan (Iruñea). ©Idoia Zabaleta / Foku

Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun

Hodei Iruretagoiena

Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hura eta Eneko Lazkoz Martinez aritu dira txapelaren lehian, buruz burukoan. Haien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria, Xabat Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri eta Eneko Fernandez Maritxalar.
Horrela jarraitu du finala BERRIAk, zuzenean.

Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). ©EFE

Itsasoa, itsasoa

Joannes Jauregi

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.