Albistea entzun

Mauriziaren izen guztiak

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen figura du ardatz nagusi Aukeran dantza taldearen 'Maurizia' ikuskizunak. Bihar estreinatuko dute lana Bilbon
Aukeran dantza konpainiako bi dantzari, <em>Maurizia</em> ikuskizunaren entseguetako momentu batean.
Aukeran dantza konpainiako bi dantzari, Maurizia ikuskizunaren entseguetako momentu batean. AUKERAN DANTZA KONPAINIA / DAVID HERRANZ

Iñigo Astiz -

2016ko apirilak 16 - Bilbo

Izua izan zen lehenik, eta soilik gero heldu zen miresmena. Gaztetan dantza txapelketetan ibiltzen zenean ezagutu zuen Edu Muruamendiaraz Aukeran dantza konpainiako zuzendariak Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea (Zeberio, Bizkaia, 1904- 1988), eta horregatik izua. «Panderoa jotzen zuen andre hori ikusten genuen aldiro beldurra izaten genuen, eta buruan iltzatu zitzaidan haren irudia». Oso azkar eta oso luze jotzen zuen Mauriziak dantzariaren hitzetan, eta horregatik beldurra. Baina dantzatzen jarraitu, eta urteekin heldu zitzaion miresmena, eta, dioenez, baketu da jadanik harekin. «Euskal musikaren eta dantzaren munduan erreferente argia da». Haren figuran oinarritutako dantza ikuskizuna zuzendu du orain Muruamendiarazek Aukeran dantza konpainiarekin batera: Maurizia. Bihar estreinatuko dute Bilboko Campos antzokian.

Orain urte bete jaso zuen Loraldia jaialdirako estreinaldi bat prestatzeko proposamena Muruamendiarazek, eta hasieratik izan zuen buruan Mauriziaren figura. «Baina asmoa ez da Mauriziaren bizitza kontatzea», zehaztu du. «Emakumeen indarra erakutsi nahi dugu, lanerako zorroztasuna, pasioak, desioak, beldurrak, ahuleziak eta minak». Izan ere, emanaldiko protagonista Maurizia izango den arren, beste hainbat pertsonaiaren esperientziak kontatzeko ispilu moduko bat izango da haren figura. «Buruan dugun baserritar jantzitako Mauriziarekin hasten da emanaldia, bai, baina nik kentzen diot zapi bat, eta Maurizia bilakatzen naiz. Beste batek amantala kentzen dio, eta hura ere Maurizia bilakatzen da. Maurizia asko daude emanaldian», azaldu du.

Dantza da ikuskizunaren oinarria, eta dantza izango da nagusi horregatik, baina hari narratibo moduko bat izango dute pieza guztiek azpitik. Guztira, 11 dantzari izango dira oholtzan, eta euskal dantza tradizionalak, dantza klasikoa eta dantza garaikidea uztartuko dituzte. Muruamendiarazek eta konpainiako beste dantzari batzuek sortu dituzte koreografiak, eta Ainhoa Aierbe aritu da eszena zuzendari lanetan. Narrazio hari hori zorrozten laguntzea izan da bere lan nagusia, Muruamendiarazek zehaztu duenez. «Istorio hori ulergarriago egiten lagundu digu».

«Ni naiz Maurizia»

Karmele Jaio idazleak sortu du ikuskizunaren oinarri gisa funtzionatzen duen testua, eta hor ere Maurizia da ardatz nagusia, baina emakume askoren historia biltzeko baliatzen du haren figura idazleak ere. «Mauriziaren ahotsean entzun ditut beste hainbat ahots. Emakume askoren ahotsak dira, bizipoza, harrotasuna, indarra, pasioa, alaitasuna erakusten dutenak. Baita beldurra, amorrazioa, askatasun nahia, mina. Emakume haien guztien irrintziak aldi berean direlako algara eta aienea, aldi berean salaketa eta ospakizuna. (...) Ahots haien guztien artean, neure ahotsa ezagutu dut, eta etengabe mugitzen ari diren milaka esku haien baitan ikusi ditut nireak. Eta orain badakit: Ni naiz Maurizia. Ni ere banaiz Maurizia. Eta haren moduan prest nago plazara irteteko».

Ikuskizunean ez dute Jaioren testua osorik emango, baina off-ean entzungo dira pasarte batzuk. Emanaldian ageri diren pertsonaia guztiak Mauriziaren ispilu direla ulertzen lagunduko du horrek Aukeran taldeko zuzendariaren hitzetan. Gainera, eskuorriarekin batera banatuko duten paperean jaso ahalko du ikusleak testu guztia.

Panderoa izango da kontakizunaren elementu zentraletariko bat, eta hori izango da eszenografiaren oinarria ere. «Guk ez genekien panderoa jotzen, eta nahi genuen zerbait berezia egin, eta horregatik ikasi, eta, une batean, panderoa jotzeaz gain, panderoa jotzen eta dantzatzen arituko dira 11 dantzariak oholtzan. Ikusgarria da dantzariak bi gauzak batera egiten ikustea». Etengabeko presentzia izango du tresnak oholtzan bestela ere. Une bakar batean utziko dute eszenarioa biluzik, eta esanguratsua izango da une hori. «1936ko gerran garaian, etxean zituen pandero guztiak jaso, eta ezkutatu egin zituen. Une hori kontatzean desagertzen dira panderoak oholtzatik, eta gero berriz agertzen dira».

Pozik dago Muruamendiaraz ikuskizuna Bilbon estreinatzeko aukerarekin. «Donostian ere ezaguna da Maurizia, baina euskal dantza eta musikaren mundutik kanpo ez du hainbeste erreakzio pizten. Bizkaian askoz ere presenteago dago».

Hemeretzi urte daramatza konpainiak lanean, eta euren zortzigarren ikuskizun luzea izango da biharkoa. Jauzi bat emateko puntuan deskribatu du taldea zuzendariak. «Konpainia egonkorra gara, baina ez gara profesionalak. Hori da nire erronka handiena. Gure ikuskizunak oso profesionalak dira, eta lanordu eta diru asko sartzen dugu, baina ezin dugu horretaz bizi. Ea lortzen dugun».

EMANALDIA

Bihar. Campos antzokian, 19:00etan. Sarrera 10€.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.