Albistea entzun

Berritasun gutxi aldaketaren festetan

Karrikako giro lasaia, asteburuko jendetza, erakundeen rola, entzierroak... Oro har, aurtengo sanferminen balorazio ona egiten dute erakunde, ostalari eta eragileek. Beste behin, ordea, sexu indarkeriak lohitu du festa.
Zapi gorriak plazan eta ikurrina balkoian, aurtengo txupinazoko irudia.
Zapi gorriak plazan eta ikurrina balkoian, aurtengo txupinazoko irudia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz - Ander Perez -

2015eko uztailak 15 - Iruñea

Urtero gertatzen den legez, sanferminen gaineko balorazioak askotarikoak dira. Iruindar adina irakurketa utzi ditu festak, eta batzuentzat festa bikainak izan direnak masifikatuak edo kontinuistak izan litezke besterentzat.

Iruñeko alkate Joseba Asironek, adibidez, behin-behineko balorazioa egin zuen atzo goizean —gaur jakinaraziko ditu Iruñeko Udalaren ondorio ofizialak—, eta 2015eko jaiak «oso onak» izan direla aipatu zuen, azken egunetan argitara ateratako sexu eraso «onartezinak» salbu. «Sanferminek gaur egun duten orban beltzena da indarkeria matxista», azpimarratu zuen.

Izan ere, argi-ilun asko izan ditzake bederatzi eguneko festak. Sanferminak, finean, poliedrikoak baitira, eta alde bakoitzak analisi txikia mereziko luke. Oro har, baina, ez da iraultzarik gertatu 2015eko festetan, askok uste zutenaren kontrara.

BISITARI KOPURUA

«Beste urte batzuetan baino jende gutxiago etorri da», esaten dute iruindar askok sanferminak bukatutakoan; baina, topikoak topiko, oso zaila izaten da hori zehatz-mehatz neurtzea. Aurten, oro har, bisitari asko izan dira Iruñean uztailaren 6tik aurrera, baina, zenbait ostalariren irudiko, duela bi edo hiru urteko datuetatik urrun gelditu dira festak. Hala ere, hotelak, kanpinak eta alokatzeko gela gehienak beteta izan dira; asteburuan, batez ere. Hain zuzen ere, asteburu bakarra izan dute aurtengo sanferminek, eta horrek beheititu egiten du apur bat turisten kopurua. Jaiak astelehenarekin hasi izana ere nabaritu dela uste dute askok.

Aldeko faktoreen artean, eguraldia da aipagarrienetako bat: bero sargoria nagusi izan zen, bai lehen egunetan, baita asteburutik aurrerako egunetan ere; beste urte batzuetan ez bezala, ez du euririk egin. Horrek handitu egin du Erriberatik, Sakanatik, mendialdetik edota Ipar Euskal Herritik etorritako bisitarien kopurua.

TABERNAK

Tabernarien balorazioak ere askotarikoak izan dira, zonaldearen arabera. Gazteluko plazako eta San Nicolas karrikako ostalari askok, adibidez, kontsumitzearen goranzko joera nabarmendu dute. Estafetakoek, aldiz, beherakadatxoa aipatzen dute.

Jendeak edaria dendan erosi eta karrikan edaten duela kritikatzen dute tabernetako jabeek, eta kontsumitzaileek, berriz, sanferminen aitzakiarekin prezioak gehiegi garestitzea leporatzen diete ostalariei. Fenomeno horri aurre egiteko, urtean zehar jarritako prezioei eusteko apustua egin dute Nabarreria, San Nicolas, Comedias edo Jarauta karriketako hainbat tabernarik.

SEXU ERASOAK

Azken urteotako kanpainarik ikusgarriena egin du Iruñeko Udalak aurten sexu erasoen kontra; peñek, gizarte eragileek eta beste zenbait taldek bat egin dute sanfermin parekideen alde; hala ere, horrek guztiak ez du balio izan indarkeria matxistaren mamua uxatzeko.

Izan ere, sexu eraso bat gertatu zen Alde Zaharreko taberna batean, uztailaren 10eko goizaldean: gizon talde batek 19 urteko emakume bati eraso egin zion, Alde Zaharreko taberna bateko komunetan.

Horretaz gainera, «intentsitate baxuagoko erasoen salaketak» ere jaso dituzte Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Udalak; hau da, irainak, ukipenak eta bestelako eraso fisikoak.

Beste urte batzuetan ez bezala, ordea, erantzun bateratua eman dute erakunde publikoek, gizarte eragileek eta herritarrek. Patricia Perales udaleko zinegotziak azpimarratu du elkarlanean ari direla eragile feministekin eraso sexisten kontrako politika eraginkorrak aplikatzen segitzeko, eta alkateak berak azaldu du irailean Sanferminetako Mahaia osatuko dutela, gai hori jorratzeko.

UDALAREN PRESENTZIA

Sanferminen aurreko eztabaidagaietako bat izan zen Joseba Asiron alkatearen eta beste udal ordezkarien presentzia ekitaldi erlijiosoetan eta zezenketetan. Azkenean, alkateak eta udaleko gobernu taldeko zinegotziek eutsi egin diote tradizioari kasu gehienetan: uztailaren 7ko eta 14ko prozesioetan parte hartu zuten (elizkizunetan ez, ordea), eta zezenketetako presidente ere izan dira hainbat egunetan, «udala ordezkatzen».

Txupinazoaren egunean ikurrina udaletxeko balkoian zintzilikatzea izan da, ordea, UPNren, PPren eta PSNren kritika latzenak eragin dituen erabakia. Alkatearen aburuz, «giroa mikaztu nahian» ibili da oposizioa ikurrinaren aferarekin. Herritar gehienek, bestalde, naturaltasunez hartu zuten neurria.

ENTZIERROAK

Historia hurbileko entzierrorik azkarrena utzi dute aurtengo sanferminek. Atzo, bi minutu eta bost segundo baino ez zituzten behar izan Miurako zezenek ibilbidea betetzeko. Ez dira bakarrak izan, oro har ziztu bizian igaro baitira 2015ko entzierroak: luzeena ere ez da hiru minututara iritsi, eta, Iruñeko entzierroaren bataz besteko iraupena hiru minutu eta 55 segundokoa dela kontuan izanda, aldea agerikoa da. Idien gidaritza izan da abiadura horren arrazoi nagusia. Egunero zuzen-zuzen eraman dute taldea zezen plazako kortaraino, bidean abiada jarriz. 848 metroko tarte horretan, hamar adarkada utzi dituzte guztira animaliek, iaz baino bi gehiago. Edonola ere, ez da zauritu larririk izan.

Uztailaren 11n, ukuiluetatik atera eta gutxira buelta eman zuen zezenetako batek, eta kortara itzuli.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Gaur goizean egin dute agiriaren aurkezpena, Durangoko Azokako Irudienean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.