Albistea entzun

Farmaziatik pasatu gabe zaintzeko erak

Aste honetan egin dute `Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora´ UEUko ikastaroa. Etxaurin eta Baztanen ibili dira landareak biltzen, gero ukenduak eta enplastuak egiteko.
Sendabelar ikastaroan, Oronoztik Lekarozera dagoen ibilbidea osatu zuten, belarrak eta landareak jasoz, gero ukenduak egiteko. Irudian, ikastaroko bi parte hartzaile lore batzuei begira.
Sendabelar ikastaroan, Oronoztik Lekarozera dagoen ibilbidea osatu zuten, belarrak eta landareak jasoz, gero ukenduak egiteko. Irudian, ikastaroko bi parte hartzaile lore batzuei begira. BERRIA

Saioa Alkaiza -

2014ko uztailak 24 - Elizondo

Sendabelarrak ez dituzte pribatizatu, oraingoz... Horregatik, ezagutzen badituzu, bildu, eta gaitza senda dezakezu, farmaziatik pasatu gabe». Halaxe mintzo da Gorka Menendez UEU Udako Euskal Unibertsitateko Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora ikastaroko irakaslea. Oso garrantzitsua iruditzen zaio natura ezagutzea, eta hiru egunez hori transmititu nahi izan die ikastaroko ikasleei.

Izpilikua, kamamila, malba, garoa, elorri zuria, elorri beltza..., horiek dira mendian aurkitu dituztenetako batzuk. Izan ere, bi egunez aritu dira Etxauri eta Elizondoko inguruetan bide bazterrei so, eta zuhaitzen hostoei begira, espezie bakoitza nolakoa den jakiteko asmotan. Ez da kasualitatea bi herri horiek aukeratu izana. Etxauri isurialde mediterraneoko tokia da, eta, ondorioz, lehorragoa da landaredia. Elizondo, aldiz, isurialde atlantikokoa da, eta hori dela eta, hezeagoak dira bertako landareak, zuhaitzak eta belarrak. Hirugarren egunean, mendia utzi, eta infusio, ukendu eta kremak egiten ikasi dute, Iruñeko Jaso ikastolako laborategian.

Aitziber Zufiaurre da ikastaroko arduraduna, eta «oso kontent» dago emaitzarekin. Hasieran, hamabost pertsonarentzako tokia baino ez zegoen, baina zabaltzea erabaki zuten, eskari handiaren ondorioz. Hori dela eta, lortutakoarekin «gustura» dago. Dioenez, denetariko jendeak eman du izena: «Denetarik dago: gazteak, zaharrak, sendabelarrak ezagutzen dituztenak, ez dituztenak...». Interesa, beraz, ez da falta. Bestalde, galbidean dagoen jakintzari segida emateko saioa da ikastaroa. «Gure amonek pila bat zekiten sendabelarren inguruan; gure ama eta izebek, zer edo zer, eta guk, oso gutxi. Belaunaldiz belaunaldi galtzen ari den jakintza da». Horrelako saioekin nolabaiteko bultzada eman nahi diote belarrak eta landareak jasotzeko usadio zaharrari, gal ez dadin.

Azkenean, hogeita hamar bat lagunek eman dute izena. Mendian gora abiatu dira, motxila bizkarrean hartuta, eta ikasteko gogoz. Horietako bi dira Ibon Murua eta Axun Askarai. Muruak ez du harremanik izan sekula sendabelarren munduarekin, eta, hain zuzen ere, horregatik animatu da. «Niri mendia asko gustatzen zait, baina landareak, zuhaitzak, belarrak... ez nituen ezagutzen, eta interesa neukan». Behin ikastaroa eginda, pozik dago ikasitakoarekin. «Beste mundu bat» deskubritu duela dio.

Bestelakoa da Askarairen esperientzia. Hark bai, hark ongi zekizkien lehendik sendabelarren dohainak zein diren, baina gehiago ikas zezakeela iritzita eman zuen izena. Eta ez da damutzen. «Beti gustatu izan zaizkit sendabelarrak; eta, aurretik, ezagutu bai, baina izenak eta...». Orain, izenak ere badakizki, baita zertarako balio duten ere. Gehiago jakiteko gogoz geratu da. «Esan diet antolatzaileei datorren urtean bigarren mailako ikastaro bat egiteko!».

Kritikotasunean irakasten

Ibili, begiratu, lore eta belarrak hartu, ukenduak egin... Hori guztia bada sendabelarren inguruko ikastaroa. Baina baita hori baino askoz gehiago ere. Zergatia: medikuntzaren inguruko ikuspegi kritikoa sustatzen ahalegintzen direlako. Zufiaurrek azaldu du zeintzuk diren eztabaidatu dituzten gaietako batzuk: «Zer da enpirikoa eta zer da magikoa? Zeintzuk dira farmakologikoki gaitasun batzuk dauzkaten sendabelarrak eta zeintzuk oinarritzen dira sinesmenetan?». Galdera horiek eginda, ez dute medikuntzaren bertsio bat edo beste hobetsi nahi, ikasleengan kritikotasunaren harra sartu nahi dute, zalantzak airean utzita.

Menendez irakasleak ere nabarmendu du zeinen garrantzitsua den gauzak ezbaian jartzea. «Ematen du natura gizakitik kanpo dagoela, edo kontrakoa, gizakia dagoela naturaz aparte. Hala, badirudi inguratzen gaituena arrotza dela. Baina ez; disoziazio horrekin hautsi behar dugu». Ondorioz, naturarekin kontaktuan sentitzeko gunea ere izan da ikastaroa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.