Bilbo da udaberriko Durango

Euskal sorkuntza adierazpide guztiak bilduko ditu Bilbon Loraldia jaialdiak, apirilaren 23tik 26ra.

Anton Abadiak XIX. mendean sortutako Lore Jokoak XXI. mendera ekartzea da asmoa
Kukai Dantza taldekoak, iazko Bilboko Kalealdian,  Plaza Barrian eskaini ikuskizunean.
Kukai Dantza taldekoak, iazko Bilboko Kalealdian, Plaza Barrian eskaini ikuskizunean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko martxoak 24
Nolabait ere udaberria igartzen zioten faltan Durangoko Azokari, eta horregatik erabaki dute Loraldia jaialdia martxan jartzea Bilbon. «Euskalgintzaren haize boladetan bazegoen eskaera: euskal kulturaren transmisioak eta ikusgarritasunak izan behar dute helburu. Orain arte, oso ondo jorratu da hori udazkenean, eta behar genuen udaberriko topagunea, eta horretarako dator Loraldia». Imanol Agirre antolatzailearenak dira hitzok, eta balio dezakete jaialdiari ezarri dioten erronkaren neurria ulertzeko. Euskal kulturgintzaren hiriburu bilakatu nahi dute Bilbo apirilaren 23tik 26ra bitarte, eta lehen lerroko 50 sortzaile baino gehiago batu eta 17 ekitaldiko programa bat prestatu dute horretarako. Nagusiki Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babespean, 120.000 euroko aurrekontua izan dute antolatzaileek, eta hurrengo urtean jaialdia are handiagoa egitea da ideia. «Euskal kulturaren munduko erreferente bilakatzeko asmoarekin sortu da Loraldia».

Euskara, Bilbo eta udaberria. Hiru horiek dira jaialdiaren oinarri nagusiak, Agirreren hitzetan, eta, azaldu duenez, lehen mailako jaialdia antolatu nahi dute horien gainean. «Champions league-an jokatu nahi dugu». Euskarazkoak izango dira emanaldi guztiak, eta hiriaren hautaketa ere ez da kasualitatea izan. «Munduko modernitatearen ikurra. Euskararen historian aitzindaria. Gure Euskal Hiria. Euskarak Bilboko erdigunea hartuko du, eta euskal kulturari bultzada emango diogu». Eta horregatik, Agirrek nabarmendu duenez, hain zuzen ere, hiriaren erdigunean egingo dira ekitaldirik gehienak. Kontzertuak Kafe Antzokian eta Cupula aretoan, bertso saioa Guggenheim museoan, ikuskizunak Arriaga antzokian, arte erakusketak Rekalde aretoan, kulturgintzaren profesionalen topaketak Zabalduneko merkatuan, antzerkia Pabiloi 6n...

Berria izango da jaialdia, baina badu sustrairik egitasmoak. Anton Abadia euskaltzale, hizkuntzalari eta astronomoak XIX. mendean antolatutako Lore Jokoak erreferentzia argitzat ditu Loraldia jaialdiak. Antolatzaileek ere halaxe aitortu dute. «Iparraldean euskarari prestigioa emateko xedearekin jarri zituen Abadia kulturgileak Lore Jokoak XIX. mende erdialdean. Loraldiak haren lekukoa hartuko du, eta XXI. mendean euskal kultura garaikidearen plaza ezinbestekoa sortu gura du». Omenaldi berezia egingo diote horregatik Abadiari. Haren figura oinarri duen Anton Abbadia emanaldia estreinatuko dute apirilaren 23an. Aitor Mazo aktoreak jokatuko du hizkuntzalariaren rola, eta Kukai Dantza taldea eta Arkaitz Miner musikariak lagunduko dute emanaldian. Izan ere, Agirrek azaldu duenez, jaialdia antolatzen hasterako figura beraren bueltan zebiltzan lanean Kukaikoak, eta batu egin dituzte bi asmoak oraingoan.

Ez da jaialdiak ekoitzitako ekitaldi bakarra izango. Miguel Unamunok 1901eko Bilboko lore jokoetan botatakoak ere izango dituzte gogoan jaialdian. «Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz!». Erantzun egingo diete oraingoan pentsalariaren probokazioei. Lutxo Egia idazleak prestatutako gidoiarekin, orain ehun urteko hitzaldi hura izango dute ardatz Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek apirilaren 25ean egingo duten saioan. Mikel Martinez aktorea izango dute ondoan saioa gidatzen.

Ehun urte barruko Bilbon ere jarriko dute bista, halere. Harkaitz Canok imajinatutako 2115eko Bilbori kantatuko diote Uxue Alberdi eta Oihane Bartra bertsolariek apirilaren 26an, eta Gorka Benitez eta David Xirgu eta Josu Goiko musikariak izango dituzte alboan. Bilbao-Baobil 2115 deitu dute ikuskizuna.



Hurrengoa, handiagoa

Diziplina artekoak izango dira emanaldietariko asko, baina izango da kontzertu klasikorik ere. Itoiz taldeari eskainitako gaua izango da, esaterako, apirilaren 24an Bilboko Kafe Antzokian. Espaloian taldea, Joseba Irazoki eta Hutsa izango dira oholtza gainean. Mixel Etxekopar eta Igelaren Banda ere batuko dituzte egun berean. www.badok.info Berria egunkariaren musika atariak 22m2, Lurra eta Piztiak taldeak batuko ditu apirilaren 25ean Campos Kupula aretoan.

Metrokoadroka antzerki konpainiak Sua izan nahi pieza estreinatuko du jaialdian, eta Kukai taldeak Hazipenen pozak izeneko atzera begirako ikuskizuna. Euskal zinemari saio berezi bat eskainiko diote apirilaren 25ean; arte erakusketa kolektiboa aurkeztuko du egun berean Okela sormen lantegiak Rekalde aretoan; eta kulturgintzaren profesionalentzako topaketak antolatuko dituzte apirilaren 24an Zabalguneko merkatuan.

Jaialdiaren aurretik trikiti kontzertua eskainiko du Xabi Aburruzagak Bilbao kafetegian, apirilaren 22an, baina horretarako ere asteak falta direla, argi azaldu dute beren asmoa antolatzaileek. «Hurrengo urtekoa handiagoa izango da».
Iñigo Astiz

Informazio osagarria