Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Preso egon zirenen kantuen istorioa

Publizitatea

Bizigiro

Preso egon zirenen kantuen istorioa

Lehen Mundu Gerraren garaian Alemanian preso egon ziren soldadu euskaldunen grabazioak erabili dituzte Elena Canasek eta Ainara Menoyok 'Maitia nun zira' dokumentala egiteko. 2014an jaso zituen EKEk grabazio horiek.
<em>Maitia nun zira</em> dokumentaleko fotograma bat.
Argazkia: MAITIA NUN ZIRA

2016-12-24 / Iñaki Berastegi

Kepa Junkerak edo Mikel Urdangarinek abestu izan dituzte Maitia nun zira edo Atharratze jauregian kantuak, besteak beste. Ehun urte lehenago, Alemaniako kontzentrazio eremuetan, Ipar Euskal Herrian jaiotako eta Frantziarekin Lehen Mundu Gerran aritutako hamar soldadu euskaldunetako batzuek ere abestu zituzten abesti horiek. EKE Euskal Kultur Erakundeak Berlingo Etnologia Museoak eta Humbold Unibertsitateak bidalitako hamar soldaduren 78 ahots grabazio jaso zituen 2014an, eta Mondragon Unibertsitateari eskatu zion grabazioen inguruko ikerketa egitea.

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Elena Canasek eta Ainara Menoyok hartu zuten ikerketaren ardura, Gradu Amaierako Lan gisa aurkezteko. EKEren baldintza bakarra grabazioen ikerketa egitea bazen ere, haratago joan nahi izan zuten Canasek eta Menoyok, eta Maitia nun zira dokumentala egin zuten. Dokumentalean, audioen grabazioak aztertu eta Lehen Mundu Gerraren zati bat errepasatzeaz gain, Kepa Junkera, Maider Bedaxagar edo Mikel Urdangarinen kolaborazioa izan dute preso euskaldunek abestu zituzten abesti haiek berriro kantatzeko. Egin duten lanagatik, 2016ko Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko Etxearen bideo-dokumental saria jaso dute, eta «ezin sinetsita» daude.

Prusiako batzorde fonografikoak Alemaniako kontzentrazio esparruetan zeuden presoak grabatu zituen, euren hizkuntzetan abesten edo irakurtzen. Canasek dioenez, batzorde horrek «munduko ahotsen bilduma» sortzea zuen helburu, eta Alemaniako kontzentrazio esparruak baliatu zituzten han lurralde ezberdinetako jende asko eta hizkuntza bereko dialekto ezberdinak grabatzeko aukera zegoelako.

Euskarazko grabazioak egiteko preso zeuden Ipar Euskal Herriko hamar soldaduren ahotsa erabili zuten: bost lapurtar, bi baxenabartar eta hiru zuberotar. Menoyoren hitzetan, Prusiako batzordeak bakarrik Ipar Euskal Herriko euskalkian abestutako kantuak grabatu bazituen ere, «Euskal Herri osoko euskalkiak» biltzea zen asmoa. Hori horrela, dokumentalean ahots eta euskalki guztiak bildu nahi izan dituztela azaldu du Menoyok: «Istorioa Ipar Euskal Herrian oinarritzen den arren, istorioa euskaldun guztiena dela adierazteko erabili dugu Euskal Herri osoko jendea».

Ahaztuak ez izateko

Balio handiko audioak direla kontuan hartuta, Canasek dio «pribilegiatuak» sentitu direla material horrekin lan egiteko aukera izateagatik: «Euskal Herriaren eta euskararen historiaren zati bat kontatzen ari gara, eta hori erantzukizun handia da. Historiaren zati hau ezagunagoa bihurtzea nahi genuelako egin dugu ikerketaren osteko dokumentala». Honelako istorio batek mota honetako lan bat «merezi» zuela uste du Menoyok.

Lana osatzeko ezinbestekoa izan da Bedaxagarrek emandako materiala, preso egondako soldaduen familiekin hitz egitea lortu zuelako grabazioen harira.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea