Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Nafarroa saldu lehenik, eta defendatu ondoren

Publizitatea

Kultura

Nafarroa saldu lehenik, eta defendatu ondoren

Altzai eta Lakarriko herritarrek 'Joanikot' pastorala oholtzaratuko dute datorren udan, Nafarroaren historiaren gainekoa
Ikasketarako koadernoari begira; eskuinean, <em>Joanikot</em> pastorala idatzi duen Joana Etxart.
Argazkia: ALLANDE SOKARROS

2017-04-06 / Allande Sokarros

Altzai-Altzabeheti-Zunharreta eta Lakarri-Arhane-Sarrikotagaine herriek (Zuberoa) Joanikot pastorala egingo dute datorren udan; zehazki, uztailaren 30ean eta agorrilaren 6an. Joana Etxart gazteak idatzitako tragedia horrek Arberoako Joan edo, goitizenez, Joanikot kapitainaren bizi urratsak kontatzen ditu. Gudalburu horrek Nafarroako konkistan parte hartu zuen 1512an, Gaztelaren laguntzaile gisa, baina 1521ean, ostera, nafarrekin batera independentzia berreskuratze saioaren protagonista izan zen.

Nafarroaren historia aberats eta korapilatsuaren atal bat gehiago kontatuko du Zuberoako pastoralak edo tragediak, Altzai eta Lakarri herrietako bizilagunek uda honetarako paratuko duten Joanikot pastoralarekin. Gai hori apur edo gutxi jorratu duten pastoralen zerrendari erreparatuz gero, aipa ditzakegu honako tragedia hauek, berrienetik zaharrenera, hurrenez hurren: Xiberoko Jauna (2008), Antso Handia (2004), Santa Kruz (1992), Zumalakarregi (1989), Ibañeta (1978), Zantxo Azkarra (1973 eta 1963), Eüskaldünak Ibañetan (1954). Aurtengoa, berriz, Joanikot izenburuko pastorala da, eta Nafarroak bere independentzia galdu eta berreskuratu nahi izanaren kontuetan murgilduta dago kontakizuna. Joanikot zen Arberoako Joan (1470-1521) deiturarekin sortutakoak gudaldietarako hartzen zuen izena. Zehazkiago, Joanikot kapitaina gisa ezagutua zen, armada agintari maila hori baitzuen. Gerra egiten ez zebilelarik, bere emazte Oztako Maiarekin bizi zen Nafarroako Tebas herrian.

Nafarroa zuen, beraz, sorterri eta bizileku, baina bere bizi urratsetan ez zion beti leialtasunik eduki. Hala, 1512. urtean, Albako dukeak, zeina Gaztela eta Aragoiko erresumen eskumakila zen, Nafarroa inbaditu zuelarik, Joanikot kapitaina eraso egileekin eskuz esku aritu zen, euren herriaren burujabetza defendatu zuten Nafarroako indarren aurka. Garai haietan, Albreteko Katalina zen Nafarroako erregina, eta, Gaztela-Aragoikoen erasoaren ondorioz, gaur egungo Nafarroa Beherea bakarrik zen lurralde burujabea geratu. Hortaz, Joanikot kapitainak Nafarroaren zati handienari burujabetza kentzean esku hartzerik izan zuen. Konkista gerraren lehen aldarte horren ostean, dena den, Tebaserat bizitzera bueltatu zen. Albreteko Katalinak Nafarroaren burujabetza berreskuratzera saiatu zuelarik 1516an, Joanikot ez zen inoren alde jarri, bakean bizitzea gogoan zuela azalduta.

Haatik, Nafarroaren independentziaz birjabetze hark porrot egin ondoren, Gaztela-Aragoiko indarrek egindako basakeriak ikusirik, Joanikot kapitaina Albreteko Henrikeren alde jarri zen, haren agindupean, 1521ean, gertatutako independentziaren berreskuratze saioan. Hasiera batean, Nafarroa osoa berreskuratua izan bazen ere, Gaztela-Aragoiko indarrak berrosatu egin ziren, eta nafarrei irabazten hasi. Hala, galera batetik bestera, Joanikot kapitainak eta haren manupeko guduriek Donibane Garaziraino egin zuten atzera. Nafarroa Behereko hiriburuaren setioari 21 egunez aurre eginik, Joanikot kapitainak azken batean amore egin behar izan zuen. Etsaiek harrapaturik, Iruñera eraman zuten, eta han laurdenkatuz hil zuten, haren gorputz zatikatuaren puskak usteltzerat utzi zituztelarik.

Erik Alzazebe sujet

Historia latz hori du gogora ekarri nahi izan bere aita eta ama Altzai eta Altzabehetikoak dituen Joana Etxartek. Gai hori ontzat harturik, Altzaiko eta Lakarriko herritarrek ez zuten urruti joaterik errejenta edo taula zuzendaria aurkitzeko. Azken hamarkada hauetako hainbat pastoral oholtzaratu dituen Jean-Pierra Rekalt-Althabe altzabehetiarra dute eginkizun horretarako hautatu. Abestien moldatzeko eta kantarien eskolatzeko ere pertsona guztiz egokia bazuten Altzain bertan, lan horren arduradun ezarri dutelarik, berriz, Jean-Louis Aranburu-Bidabe.

Pastoralaren prestaketarako lehen saioak otsailean hasirik, Jean-Pierra Rekalt-Althabek martxoaren 11n eman zuen ezagutzerat karguen banaketa. Hala, Erik Alzazebek eginen du Joanikot kapitainaren pertsonaia eta, beraz, pastoraleko sujeta izango da. Jatorriz Santa Grazikoa baldin bada ere, emaztea Altzaikoa du, eta bikotea Lakarrin bizi da. Erik Alzazebek badu bai kantuz aritzeko, bai antzerki egiteko ohiturarik. Hala, Zuberoan zehar orain dela lauzpabost urte egundoko arrakasta izan zuen Kanbera doble antzerkiko pertsonaietarik bat izan zen. Joanikoten pertsonaia antzeztean, 34 bertset eman beharko ditu Alzazebek, horiei gehituko zaizkielarik bakarrik edo bikotean abestuko dituen bi kantu. Joana Etxartek halaxe nahi izan baitu historia moldatu. Joanikoten emazte Oztako Maiarena egingo duen Pascale Elixondoborda-Aranburuk ere kargu garrantzitsua edukiko du.

Kiristien (onen) lerroko pertsonaia nagusi Joanikot kapitainari eta Oztako Maiari aurrez aurre izango diren Turken (gaiztoen) buruzagi karguan aritu dena, berriz, Nikolas Urruti da, hori ere kantari eta antzerkilari gisa guztiz trebatutakoa.

Joanikot pastoralak hemezortzi jelkaldi izango ditu, bai eta lau sataneria ere —Satanen ateraldia—, bertset emate eta taula-joko egiteen tartean hamahiru abesti izango direlarik, baita dantza sorkuntza bat ere. Jelkaldien aurretik eta ostetik egiten diren lehen perediku eta azken perediku emaileak, halaber, munta handikoak dira. Hala, pastoraleko historiaren laburbiltze bat den lehen peredikua Dominique Etxebarne-Phoik emango du, eta historiaren ikasbideak plazaratzen dituen azken peredikua, berriz, Marie-Helene Errezaret eta Genevieve Etxebarne bikotearen gain izango da.

Guztira 90 bat aktore igoko dira oholtzara, horien artean 15 haur badirelarik. Berezitasun gisa hartzekoa da, ordea, ate zuritik taularatzea ohi duten apaizik eta aingerurik ez dela egongo Joanikot pastoralean... Haatik, apaizak izango dira, bai... baina turken lerroetan! Seinalea pastorala ez dela batzuek uste duten bezain akademikoa, nonbait.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak