Militante ohien bizipenak eta gogoetak

UEUren ikastaroetako bigarren egunean, ETAk euskal gizartean izandako eraginaz hausnartu dute, eta militante ohiek euren esperientzia pertsonalaren berri eman dute
Jose Ramon Beloki eta Jose Manuel Bujanda, atzo, Iruñeko Katakrak liburu dendan.
Jose Ramon Beloki eta Jose Manuel Bujanda, atzo, Iruñeko Katakrak liburu dendan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2017ko ekainak 29

«Agian hasieran bertan ekibokatu ginen». Ken Zazpik musikatutako Joseba Sarrionandiaren hitz horiek hartu zituen atzo Jose Manuel Bujanda ETAko militante ohiak erakunde armatuaren eraginaz gogoeta egiteko: «Bai, ekibokatu ginen. Jarri genuen helburu politikoa pertsonaren duintasunaren aurretik. Hor dago gakoa. Lehenetsi behar da beti pertsonaren bizitza eta duintasuna. ETAk ez zuen inoiz existitu behar, eta, existitzekotan, inoiz ez zuen pasatu behar trantsizioaren marra».

Iruñeko Katakraken egindako UEUko ikastaroetan, atzo ETAn ibilitako militante ohien bizipenek hartu zuten protagonismoa, baina erakunde armatuaren eraginaz ere entzun zen gogoetarik. Bestelako ikuspegia azaldu zuen Arantza Arrutik, adibidez. «Herria zanpa-zanpa eginda zegoen, etorkizunik gabe. ETAri gutxienez aitortu behar zaio, asmatuta edo asmatu gabe, hasi zela gauza berriak aldarrikatzen eta herriari sekulako kontzientzia abertzalea eman ziola. Ziur nago bestela Euskal Herria Parisko museoan egongo zela, herri hila». Antzera pentsatzen du Kristiane Etxaluzek. ETAk sufrimendua ekarri arren, Ipar Euskal Herrian bizitza ekarri zuela deritzo. «Gure herria basamortutze prozesu batean zegoen, eta itogarriena da ezer ez pasatzea. ETA gure artera etorri zelarik, mundua dantzan jarri du».

Ikurrina liburu zahar batean

Jose Manuel Bujanda EAJko kide da 1990eko hamarkada erditik, baina gaztetan ETAn ibili zen. Ibilbidea laburbildu zuen atzo. Gogoan du 14 urterekin aitaren liburutegian liburu zahar batean lehen aldiz oihal bat topatu zuela. Ikurrina zen. «Amari erakutsi, eta zuri-zuri eginda zegoen, eta aitari ez esateko esan zidan. Ez nuen ulertzen zergatik». Koskortu zenean, gertaera hark kontzientzia politikoa piztu zion, eta ikasle mugimenduan hasi zen.

Haatik, 19 urterekin ihes egin behar izan zuen, eta mugaz beste aldean Juan Paredes Manot Txiki ezagutu, eta ia urtebete egin zuten elkarrekin. Bujanda Iruñeko Leire tabernan atzeman zuen Poliziak, eta 17 urtera kondenatu zuten. «Ez klandestinitateak, ez beldurrak, ez torturak, ez epaiek ez zuten nire hautua aldarazi». Haatik, bestelako gertaerek eragin zioten zalantza. Bata Txiki-ren fusilatzea izan zen. «Denborarekin, bere anaiak papertxo bat eman zidan, fusilatua izan baino ordu gutxi batzuk lehenago niri zuzendutako hitzak: 'Hiltzen naizenean ez etorri negar egitera, ez naiz inoiz lurpean egongo, askatasun haizea naiz'. Heriotza eta idatzitako paper hura lehen kolpea izan ziren».

Beste kolpe bat Espinosa izeneko militar baten hilketa izan zen. Haren amak ezagutzen zuen, eta espetxean zela Espinosak goraintziak bidali ohi zizkion. Hil zutenean, hiletetara joan zen Bujanda. «Groseko San Ignazio eliza militarrez eta poliziaz beteta zegoen, baina bere bi semeekin egon nahi nuen. Eskolatik ezagutzen nuen seme zaharrena, eta betidanik eskertu izan dit egoera konplexu hartan kuraia hura izatea. Gazteagoak, aldiz, inoiz ez dit eskertu. Oraindik nabari dut nola begiratzen didan».

ETA utzia zuen Yoyesen hilketa gertatu zenerako. Klandestinitatean ezagutu zuen, eta eztabaida gogorra izan zuten biek. Denbora asko pasatu zen Yoyes Euskal Herrira itzuli zenerako, eta biek Donostiako Katalunia plazako parkean topo egiten zuten seme-alabak zaintzen: «Ni banku batean esertzen banintzen, hura bestean. Ez nintzen ausartzen hitz egitera, ez nekielako nola hartuko ninduen. Behin, aurrez aurre topo egin genuen kalean, eta, zalantza izan arren, aurrera jarraitu genuen. Neure buruari esan nion hurrengoan hizketan hasi behar nintzela. Hurrengo egunean, tiroa eman zioten. Beti damutu naiz aukera hori ez baliatu izanaz».

Arantza Arruti zarauztarra, berriz, 1960ko hamarkadan sartu zen ETAn. Espetxean hilabete batzuk egin, eta, ateratzean, Txabi Etxebarrietak egin zion proposamena. «Bere ironiaz esan zidan jada bizpahiru sumario banituenez, bi aukera nituela: Parisera joatea iraultza ideala egitera edo hemen geratzea Astra txiki batekin. Jarri nire azalean. Militantea nintzen, baina hura jauzi handia zen». Handik bost egunera, baiezkoa eman zion. Iruñean izan zen, militante izan zitekeenak biltzeko lanetan. «Abertzaleak bildu ohi ziren tokietara joaten nintzen. Medikuntza ikasten nuela asmatu ohi nuen. Kontu handia izan behar nuen, neska gazte nintzelarik ez baininduten serio hartzen. Nire autoritatea jarri behar nuen».

Kristiane Etxaluz, berriz, mugaz bestaldera armak pasatzen ibili zen mandoarekin, kontrabandistentzat atondutako Peugeot batekin. Bere irudiko, Euskal Herriko historian ETAren V. biltzarra iragan mende erdialdeko gertakari garrantzitsuena izan da, eta harrituta dago jende askok ez duelako ezagutzen.

Jose Ramon Beloki jeltzaleak ere parte hartu zuen atzoko saioan, eta ETAk euskal gizartean izandako eraginaz hitz egin zuen. «Indarkeriak inguruko gauzak ezkutatzera eramaten du, eta jendearen bista iluntzera. Eguneroko lan arruntak garrantzirik ez balu bezala. Indarkeriak sututako titularrak gainontzeko albiste xehe guztiak bazterreratzen ditu. Horregatik, zoritxarrez, gauzak ez dira gertatu ETArik ez balego bezala. ETA hor egon da, eta baldintzatu gaitu. Besteak beste, ez digu utzi egin genezakeen lan guztia egin nahi genuen moduan egiten. Bestelako eragozpenak egon dira. Ez da iritsi dena hankaz gora jartzera, zenbaitek nahi izan duten modura, baina denbora pila ikaragarria jan digu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek dio Nafarroako egoera ezin dela Madrilgoarekin «konparatu»

Arantxa Iraola

Konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du, eta positibo «asko» izan arren, «kontrolatuta»  dagoela egoera

Ikasle batzuk, ikasgelan, ikasturteko lehen egunean egindako argazki batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ordutegi jarraitua: eztabaida zaharberritua

Mikel O. Iribar

Ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu dute: institutuetatik kanpo ere jartzea nahi dute. Nafarroan hala ari dira, baina Jaurlaritzak ez du onartu. EHIGEk uste du eztabaida pedagogikoa behar dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna