Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Iruñeko istiluak «terrorismoa» izan daitezkeela ondorioztatu du Lamela epaileak

Publizitatea

Politika

Iruñeko istiluak «terrorismoa» izan daitezkeela ondorioztatu du Lamela epaileak

Auzitegi Nazionalak bere gain hartu du Errenteriako hiru gazteen auzia. Iruñean ikertzeko eskatzen zuen defentsak, baina bere helegitea atzera bota du epaitegiak
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-03-28 / Joxerra Senar

Berriro Carmen Lamela sartu da tartean. Martxoaren 11n Iruñeko alde zaharrean izandako liskarrak «terrorismo delitu» izan daitezkeela ondorioztatu, eta kasuaren instrukzioa bere gain hartu nahi izan du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. Epaitegiko magistratuak. Egun hartan, Espainiako Poliziak lau gazte errenteriar atxilotu zituen. Horietako bat adingabea zen, baina gainerako hirurak espetxean dauzkate oraindik. Lamelaren arabera, «desordena publikoak, lesioak, kalteak, sutea eta atentatua» egotz dakieke gazteoi.

Gazteen abokatuen arabera, auziak ez du zerikusirik terrorismoarekin, eta, horregatik, instrukzioa Nafarroan egiteko eskatu dute. Alta, Iruñeko Instrukzioko 4. Epaitegia inhibitu egin da, eta, atzo kaleratutako autoan, atzera botatzen du erabaki horren aurka defentsak jarritako erreforma helegitea. Edilberto Esteban Iglesias magistratuak sinatutako autoak dio instrukzioa hasi besterik ez dela egin, eta prozesuaren abiapuntua ez dela unea terrorismoari lotutako ezaugarriak ematen ote diren zehazteko. Haatik, auziari uko egin eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi duenez, juridikoki terrorismotzat jotzeko elementuak badirela dio.

Hilaren 11n, Errepresioari Autodefentsa mugimenduak baimendu gabeko manifestaziora deitu zuen San Frantzisko kalean. Iruñeko epaitegiko autoaren arabera, burua estalita zeramaten gazte batzuek ETAren aldeko oihuak bota eta suziriak jaurti zituzten Zapateria kalean; Mercaderes kalean, aldiz, poliziaren aurka oldartu eta barrikadak jarri zituzten inguruko kaleetan. Edilberto Estebanen arabera, manifestazioak «ordena publikoa modu orokorrean asaldatu eta Poliziari oldartzea» lortu nahi zuen.

Autoaren arabera, istilu horietan «argi dago» atentatu delitua egon daitekeela, «poliziei harriak eta botilak» jaurti zizkietelako. Era berean, aipatzen du polizien bizitza eta segurtasuna arriskuan jarri zirela eta «ondare publikoari zein pribatuari kalte ugari» egin zitzaizkiola. Azkenik, gaineratu du herritar ugarik Alde Zaharrean ohiko jarduera egin ahal izatea galarazi zutela kaleko erasoek.

Iglesias epailearen irudiko, terrorismo kalifikazioa zehazteko goizegi bada ere, hainbat zantzu «egiaztatu» dira. Zigor Kodeko 573. artikuluan jasota dator terrorismo kalifikazioa: batetik, eskatzen du bizitzaren, segurtasunaren, askatasunaren, ondarearen edo ingurumenaren aurkako delitu larria izatea, eta, bestetik, hainbat helburu lortu nahi izatea —hala nola ordena konstituzionala urratzea edo bake publikoa larri aldatzea—.

Iruñeko epailearen arabera, gertaeren deskribapenak eta Poliziaren txostenak irakurrita, «argi dago erasoen helburua bake publikoa modu larrian» asaldatzea izan zela. «Elkarbizitza publikoa aldatzeko erasoa modu kontzientean eta planifikatuan egin zen». Era berean, Zigor Kodeko 573. artikuluak ez du behartzen erakunde terrorista bateko kide izatea. Edilberto Iglesiasen arabera, orain arte ikertutako gertaerek bide ematen dute 573. artikulu barruan sartzeko, eta horregatik erabaki du inhibitzea.

Espetxean diren hiru gazteen inguruan, aipatzen du ihes egiteko arriskua dagoela. «Gertaerak modu kolektiboan antolatua izateak larriagotu egiten du arrisku hori, eta delitua berriro egiteko arriskua ere handia da», dio Esteban epaileak.

Dena den, ez da behin betiko erabakia. Defentsak apelazio helegitea jar dezake, eta horren inguruan erabakiko du lurralde auzitegiak. Hain justu ere, ostiralean auzitegi horrek Altsasuko auzia-ren inguruan deliberatu zuen ez zegoela terrorismo zantzurik, eta eskatu zion Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiari eskumen lehia irekitzeko Auzitegi Gorenean. Iruñeko istiluen auzia eta Altsasukoa bi kasu desberdin badira ere, aurrekari horrek balio dezake.

Sortu: «Neurriz kanpokoa»

Sorturen irudiko, «ez du ez hanka ez bururik» istiluok Auzitegi Nazionalean epaitu nahi izateak. «Neurriz kanpoko erabakia da Iruñean gertatukoa terrorismoarekin lotzea». Sorturen arabera, euskal gizartea bake eta bizikidetzan «aurrerapauso nabarmenak» ematen ari da, «baina Espainiako Erresuma interes handia erakusten ari da hori guztia zapuzteko. Auzitegi Nazionala sobera egon da lehen, eta sobera dago orain ere».

Podemosek legez besteko proposamena aurkeztu du Espainiako Kongresuan, eta Madrilgo gobernuari eskatzen dio Zigor Kodetik terrorismoa goratzearen delitua arautzen duen 578. artikulua kentzeko. Era berean, laido, kalumnia eta adierazpen askatasuna mugatu dezaketen delituak «berehala» berrikustea galdegiten dio gobernuari.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak