Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Euskal preso ohiei laguntzak ematen hasi da SEPE, auzitegiek ebatzi bezala

Publizitatea

Politika

Euskal preso ohiei laguntzak ematen hasi da SEPE, auzitegiek ebatzi bezala

Konstituzionalak aldeko ebazpena atera arren, preso ohiei laguntzak ukatzen jarraitu zuen Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Gutxienez hemeretziri onartu diete orain
Harrera laguntza elkartearen urteroko batzarra, iazko maiatzean, Abadiñon.
Harrera laguntza elkartearen urteroko batzarra, iazko maiatzean, Abadiñon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-01-03 / Hodei Iruretagoiena

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi eman arren, urte erdi inguruz gizarteratzeko laguntzak ukatu dizkie euskal preso ohiei SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Azken egunetan, ordea, Harrera elkarte asistentzialak berri eman duenez, baiezko erantzunak jaso dituzte gutxienez hemeretzi preso ohik.

2013ko abenduan, aurrekontuen inguruko eztabaida baliatuta, PPk eta UPDk baldintza berriak sartu zituzten aurrekontu legean. Auzitegi Konstituzionalak, iazko ekainean, konstituzioaren aurkakotzat jo zuen lege aldaketa hori, eta ebatzi zuen ez zela «egokia» izan erabilitako bidea. Sententzia hura atera zenetik, 27 euskal preso irten dira kalera; hiruri, auzitegien irizpideen aurka, ezezko erantzuna eman zien SEPEk, eta orain arte erantzunik ez zien eman gainerakoei.

Jarrera hori dela eta, LAB sindikatuak salaketa jarri zuen ezezko erantzunak sinatu zituen SEPEko arduradunaren aurka, prebarikazioagatik. Ikusteko dago zer bide egingo duen auzi horrek.

Hilabete batzuk pasatu eta egoera aldatzen ez zela ikusita, ekainetik aurrera laguntzarik eman ez zieten preso ohiak «segurtasun juridikorik gabe» zeudela salatu zuen Harrerak, abenduan. «Printzipioz, amaitua behar luke egoera horrek, berriz ere baiezko erantzunak ematen hasi direnez», azaldu dio orain BERRIAri elkarteko kide Karlos Ioldik.

Azken urte erdian kalera irten diren 27 preso ohi horiei ez ezik, gehiagori ere eragin die SEPEren jarrerak. 2013ko abenduan PPk eta UPDk legea aldatu zutenetik, 93 preso ohik egin dute eskaera. Harreraren arabera, aurreikusi gabeko 455.000 euroko gastua eragin dio horrek elkarteari.

2015eko urtarrilean, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Parot doktrina bertan behera utzi osteko erabakia izan zela legea aldatzea, eta «zigor bikoitza» ezarri ziela bi preso ohiri. Delitu motaren arabera «diskriminatu» zituztela ere esan zuten epaileek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak