Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Foro Sozialak emakumeen oinazea aitortu nahi du ekitaldi baten bidez

Bilbon egingo da, urriaren 8an, eta 'Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut' izango du izenburu. Indarkeria jasan duten andreen lekukotzak jasoko dituzte
Teresa Toda, Jone Goirizelaia, Mari Luz Esteban eta Saioa Iraola, atzo, Bilbon.
Teresa Toda, Jone Goirizelaia, Mari Luz Esteban eta Saioa Iraola, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2017ko irailak 30 - Bilbo

Begien bistakoa da euskal gatazka deiturikoak bortxazko adierazpide ugari eta askotarikoak izan dituela azken 50 urtean, eta horiek irekitako zauriak orbaintzea dela aurrera begirako zeregin garrantzitsuetako bat bakegintzaren alorrean. Baina hori ez da izan azken hamarkadetan euskal herritarrek pairaturiko indarkeria bakarra. Biolentzia matxista, esaterako, bereziki larria da, ekartzen dituen ondorio latzengatik eta «egiturazkoa» delako. Gainera, indarkeriak «gurutzatu» egiten dira: maiz, indarkeria politikoa pairatzen duena emakumezkoa baldin bada, biolentzia horrek jite sexista agerikoa hartu ohi du.

Bi ideia horiek daude Foro Sozial Iraunkorraren Gogoetabidean taldearen hausnarketen oinarrian. Foro Sozialean genero ikuspegia lantzen duen taldea da Gogoetabidean, eta, orain, azken hamarkadetan euskal emakumeek pairatutako askotariko indarkeria horiek ikusarazi eta haiei sinesgarritasuna emateko, ekitaldi bat antolatu du urriaren 8rako. Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut da ekitaldiaren goiburua, eta Bilbon egingo dute.

Foro Sozialeko kide Teresa Todak eta Gogoetabidean taldean aritzen diren Mari Luz Estebanek, Jone Goirizelaiak eta Saioa Iraolak aurkeztu dute urriaren 8ko ekitaldia. Esan dutenez, euskal gatazkaren inguruko indarkeria adierazpenak askotan beste biolentzia mota batzuekin gurutzatu dira, eta, bereziki, emakumeen aurkako bortizkeria sexistarekin. «Biolentzia politikoaren altzoan ere jasan dugu emakumeok indarkeria sexista», azaldu dute. Eta, gainera, biolentzia politikoaren zenbait adierazpide desagertu dira, baina indarkeria matxistak ez du etenik: «Emakumeen aurkako biolentziak lehen mailako arazo politiko izaten jarraitzen du».

Horregatik egingo dute urriaren 8ko ekitaldia. Horren xedea da «azken 50 urteetan indarkeria matxistaren aldaerak bizi izan dituzten emakumeak elkartzea», eta indarkeria horien «aitortzan» urratsak egitea: «Oinarrizkoa da jendartean dauden askotariko indarkeriak aitortzea, eta ez soilik euskal gatazka deiturikoarenak». Emakumeen arteko elkartasuna sustatzea ere bada ekitaldiaren beste helburuetako bat.

Sinesgarritasuna eman

Foro Sozialeko kideek azaldu dutenez, askotan, bortxakeria pairatu duten emakumeen testigantzari ez diote sinesgarritasunik eman. Beraz, hori ere izango da Bilboko ekitaldiko xedeetako bat. Horregatik erantsi dute Nik sinesten dizut esaldia ekitaldiaren izenburuari.

Askotariko indarkeriak jasan dituzten emakumeek parte hartuko dute ekitaldian: harreman sexu-afektiboen baitako indarkeria, laneko sexu jazarpena, tortura sexista, indarkeria lesbofoboa eta bestelako biolentziak pairatu dituzten emakumeak, ETAren biktima izateagatik eraso sexistak jasandakoak, preso izandako andrazkoak, emakume errefuxiatuak eta beste izango dira jardunaldian.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta Bilboko Solokoetxe auzoko lorategian dagoen musika eskolan egingo dute. Lekuak badu esangura sinbolikoa: han egon zen frankismoaren garaian emakumeen kartzela, «sufrimendua, tortura eta eskubideen urraketa oinarri izan zituen tokia», alegia. Lehenengo ekitaldi hau egin ostean, helburu berarekin, herri eta auzoetan antzeko ekitaldiak antolatzea ez dute baztertzen.

Foro Sozialeko kideek gogora ekarri dute laster sei urte beteko direla Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin eta ETAk jarduera armatua behin betiko alboratu zuenetik. Halaber, gogorarazi dute Foro Soziala armagabetze, desmobilizazio eta gizarteratze prozesu bat bultzatzen ari dela. «Bakearen eraikuntza kolektiboan» egiten ari diren lan horretan, emakumeek pairatutako biolentzia matxistaren askotariko adierazpenak «jasotzea, entzutea eta aitortzea» ezinbesteko urratsa dela deritzote.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare Herritarrak iazko urtarrilean Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Presoen harrerak «era pribatuan» jasotzeko nahia agertu du EPPK-k

Jon O. Urain

Kolektiboak azaldu du bere gogoa dela «sufrimendu oro arintzea». Presoek «hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea» izan arren, EPPK-k dio «ulertzen» duela harrerek eragin dezaketen «samina»

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

«Jarduteko abagune zabal bat izango dugu»

Iosu Alberdi

Espainiako aurrekontuek euren bideari Senatuan jarraituko diote, baina Garridok aldaketa txikiren bat baino ez du espero. Hala, uste du koalizio gobernua indartuta aterako dela azken asteetako zurrunbilotik.
EAJren zuzendaritzako kideak, Andoni Ortuzar buru dutela, igandean, Barakaldoko BECen. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

EAJk adierazi du Espainian eta Europan eragiteko gaitasunari eusten diola

Gotzon Hermosilla

Ortuzarrek «kalkuluak» egiten dituztenak kritikatu zituen EAJren Batzar Nagusian. Atutxak ere uste du ez dutela eragiteko gaitasunik galdu
 ©Luis Jauregialtzo / FOku

Presoen harrerak «era pribatuan» jasotzeko nahia agertu du EPPK-k

Berria

Presoek «hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea» izan arren, EPPK-k dio «ulertzen» duela harrerek eragin dezaketen «samina». BERRIAk bihar argitaratuko du osorik presoen kolektiboaren agiria.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.