Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Zigorrik gabeko kondena eskatu du prokuradoreak Jon Palaisentzat

Publizitatea

Ekonomia

Zigorrik gabeko kondena eskatu du prokuradoreak Jon Palaisentzat

Hilaren 23an emango dute Biziko militanteari buruzko deliberoa. Frantziako pertsona ezagun andana bildu da Akizen, Palaisi elkartasuna eta babesa adierazteko
Jon Palais eta haren abokatuak, atzo, Akizeko epaitegira sartzen.
Jon Palais eta haren abokatuak, atzo, Akizeko epaitegira sartzen. ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-01-10 / Ion Elizondo

Ehunka jende elkartu zen atzo Akizeko karriketan eta merkatu estalian. «Auzi eguna» izango zela ihardetsi zuen Bizi mugimenduak, eta hala izan da, bai epaitegian Jon Palaisentzat, bai merkatu estalian antolaturiko besta eta ekitaldietan salaturiko zerga saihestearentzat. Palaisek hilaren 23an hartuko du epaiaren emaitza. Atzokoaren ondotik, beti bost urteko presondegi zigorra arriskatzen du 75.000 euroko isunarekin batera; 2015eko urriaren 19an BNPk Parisen duen agentzia batean 14 kadira ebastea leporatzen diote. Hala ere, prokuradoreak galdegindako «zigorrik gabeko kondena» entzunda, «konfiantzaz beterik» atera zen epaitegitik.

Eta konfiantza osoz hartu zuen epaitegiko bidea. «Seriostasunez, gaia serioa baita, eta kondena arriskua ere bai baitago», baina egindako ekintza bere gain hartuz, eta epailearen eta prokuradorearen aitzinean ekinaldiaren nondik norakoak lasaitasunez azaltzeko esperantzarekin. Atera zen Cafe du Palaistik, eta epaitegia batzeko pausoak oihu eta txaloen artean egin zituen, Eva Joly eurodiputatua eta Caroline Joly abokatuek lagundurik.

Barruan, epaileak segidan «jarrera egokia» galdegin zuen, «testuingurua dela eta». Prokuradoreak, berriz, Palaisen alde jo zuen, iruzurraren aurkako borrokarekin bat egiten duela azpimarratuz, eta bereziki, «eramandako aulkiak» nozioa erabiliz, bide batez «lapurretarena» baztertuz. Horrez gain, «justizia erabili» izanagatik haren ideiak zabaltzeko ez zuen Palaisi aiher nahi izan. Bestalde, BNPk ez zuen abokaturik aurkeztu, eta jakinarazi zion auzitegiari kalte morala ordaintzeko euro bakarra galdegiten diola militante ekologistari.

Kanpoan, ehunka lagunek ibilaldia egin zuten Kuxkuxtu txarangak alaiturik, eta inoiz baino euskara gehiago zabalduz Landetako bigarren hiriko karriketan barna.

Zerga saihestearen auzia

Biziko militanteek aspaldi finkatua zuten ekitaldirako ordua, eta Jon Palaisen kontrako epaiketaren aitzinean, horiek antolaturiko auzia eginen zutela abisatu zuten: iruzurrarena. Horretarako, Frantziako lehendakarigaiak gomitatu zituzten, besteak beste, Benoit Hamon Alderdi Sozialistako kidea eta Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Alderdiko kidea ordezkatuak izan ziren; halaber, Philipe Poutou (NPA), Yannick Jado (Berdeak), Pierre Larrouturou (Nouvelle Donne) eta Charlotte Marchandise (herritar hautetsia) presente egon ziren.

Akizeko merkatu gaineko sala lepo zegoen 10:00etatik, alde eta adin guzietako jendez. Azkar ohartu ziren parte hartzaileak «%98an elkarrekin ados» zirela aldeak eta, beraz, Frantziako lehendakari hauteskundeetarako elkarrekin aurkezteko gaia nagusitu zen publikoan. Baina, eztabaida ez zen inondik ere estrategia politikora mugatu. Areago, guztiek Jon Palaisi elkartasuna adierazi zioten, eta bereziki, zerga saihesteari aurre egiteko aterabide konkretuak proposatu zituzten.

«Interes orokorrari egina zaion iruzurrari» kontra egiteko, bankuak horien erantzukizunen aurrean eman behar direla zioen Jadok, iruzurra egin duen bakoitza auzitegira jaukiz. Politikari goi kargudunen eta bankuen arteko «isileko hurbilketak eta akordioak» geldiarazi behar direla erran zuten aho batez. Bankuen gardentasunik eza eta handitasuna ere azpimarratu zuten iruzurraren kausa gisa. Bukatzeko, Ekonomia Ministerioak justiziaren gainean duen boterea behin betiko desagerrarazi behar dela aldarrikatu zuten, «botere judiziala guztiz libre izan dadin».

Ziurtasun bat dute Biziko militanteek: zerga iruzurra publiko handiarengana hurbiltzen ari dela. Froga bat ematearren, atzo Akizen bildu diren Frantziako dozenaka kazetariak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak