Albistea entzun

Gasteizko Baratzaren bertako uzta

Arte eszenikoen Bertako Fest jaialdia antolatu du Baratza aretoak, asteburuan. Aretoaren inguruan jardun direnekin eta aretoko ekintzetatik sortutako lanekin osatu dute
<em>Jainko bat</em> antzerkiko eszena baten argazkia.
Jainko bat antzerkiko eszena baten argazkia. BARATZA ARETOA

Beñat Alberdi -

2017ko martxoak 24 - Gasteiz

Gertuko produktuen eskaintza zabala egoten da saltokietan: barazkiak, esnekiak, musika, eta abar. Bertakotasun hori arte eszenikoekin lotu du Baratza aretoak. Horrela sortu dute Bertako Fest jaialdia, edo, tokiko bertako arte eszenikoak dastatzeko aukera. Gaur, bihar eta etzi emango dituzte aretoan bertan edo handik gertu sortutako lanak, Gasteizko Aldabe plazako Baratza aretoan.

Aretoak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu Marina Suarez Baratzako kideak: «Baratzak beti ematen dizkie aukerak Gasteizko artistei, edo, behintzat, beti saiatzen da aukerak ematen». Gasteizi kulturalki hutsune bat igarri zioten Unai eta Garazi Lopez de Armentia anai-arrebek: kultur aurkikuntzarako eta ikasteko espazio falta. Behin hutsunea igarrita, bete egin zuten, Baratza aretoa sortuz 2013an. Helburuak hasieratik izan zituzten argi, eta garbi mintzatu zen Garazi Lopez de Armentia Alea astekarian, aretoa sortu ahalaz bat: «Aretoaren filosofia ikerkuntza artistikoari, esperimentazioari eta lan artistiko berrien garapenari lekua egitea da».

Gaur, Bikoteka dantza-antzerkia eta Oingoan bai antzezlana estreinatuko dituzte, 20:30ean. Bi lanak Baratza aretoan egindako egonaldi artistikoen azken emaitza dira. Josune Velez de Mendizabal artistak azaldu du zertan datzan egonaldi artistikoak: «Proba saioak egiteko toki bat eskaintzen du. Egonaldia egon izan ez balitz, akaso ez nintzateke jaialdian izango». 2016ko ekainean aurkeztu zuen lehenengoz Oingoan lana. Hamabost minutuko iraupena zuen. Baratzakoek garatu zezan tokia eskaini zioten. Probasaioak egiten jardun da harrez gero. Gaur aurkeztuko duen lanak 40 minutuko iraupena du.

Bihar, No estoy para nadie (Ez nago inorentzat) obra eskainiko dute, J.B. Pedradas ekoizpen etxearena. Bakardadea eta eromena landuko dituzte, garunean kafesne mantxa bat izatearren gaixoaldian den poliziaren ikuspuntutik.

Etzi, Jainko bat antzezlana taularatuko dute, Marina Suarezek eta Patxi Suinagak sortutako obra. Suarez, Baratzako kide izateaz gain, egilea ere bada, eta lana garatzeko aukera ikusi du jaialdian: «Antzezlana aurkeztu behar izatea aitzakia izugarria da obra lantzeko, konpromezu bat da». Jainkoak eta idoloak landuko dituzte obran, besteen istorioekin osatutako historia.

Jaialdia antolatzea Baratza aretoko kideen hausnarketaren ondorioa da. «Lehen, hilabetean behin ekintza bat eskaintzen genuen», azaldu du Suarezek. «Baina, aukera hobea iruditu zitzaigun eskaintza biltzea eta gai batekin lotzea». Aretoaren gertuko lanekin osatu dute Bertako Fest, bertakotasuna aretoarekin lotuz.

Aurrera begira, beste hainbat jaialdi prestatuko dituzte. Zurrunbilo antolatuko dute ekainean, euskal arte eszenikoen jaialdia; irailean, berriz, Scratxe Gauak; azaroan, dantza jaialdia; eta abenduan, aretoarekin urteurrenarekin lotutako zikloa.

Baratza aretoak, dena den, ez ditu ikuskizunak bakarrik programatzen. Hainbat formakuntza saio ere egiten dituzte. Besteak beste, dantza garaikidea eta afrikarra eta yoga. Hala ere, Sormen ikerketarako laborategia nabarmendu du Suarezek: «Baratzaren sortzaileek, Unaik eta Garazik, eta Hanna Whelanek ematen dute. Entrenamendu fisikoa, dantza eta antzerkia lantzen dituzte, euren esperientzia elkarbanatuz».

Arte eszenikoen gune

Horretaz gain, aretoa aloka daiteke. Betiere, arte eszenikoekin lotutako erabilera bat emateko baldin bada. Gasteizko kulturaren sustapenean ere egiteko garrantzitsua daukate. Esaterako, Velez de Mendizabalek Zurrunbilo jaialdian aurkeztu zuen lehen aldiz bere lana. Atari programa ere abian dute. Zehazki, aretoko ataria eskaintzen dute formatu txikiko piezak eskaintzeko.

EGITARAUA

Ostirala. Bikoteka dantza-antzerkia eta Oingoan bai antzerkia. 20:30ean, Baratza aretoan.

Larunbata. No estoy para nadie antzezlana. 20:00etan, Baratza aretoan.

Igandea. 
Jainko bat antzezlana. 19:00etan, Baratza aretoan

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Mawenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE
Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.