Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Eskola garaiko Lorca, Dali eta Buñuel haiek

Publizitatea

Kultura

Eskola garaiko Lorca, Dali eta Buñuel haiek

Gaur hasiko da Loraldia jaialdia, Bilbon, eta pisu berezia izango du teatroak lehen astean. Asteburuan 'Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak' antzezlana estreinatuko dute
Pabiloi 6 aretoko Gazte Konpainia, emanaldiaren entseguetariko batean.
Argazkia: LORALDIA

2017-03-07 / Iñigo Astiz

Antzerkiarekin abiatuko du Loraldia jaialdiak bere hirugarren aldia, gaur, Bilbon. Izan ere, guztira, diziplina guztietako 30 emanaldi baino gehiago programatu dituzte gaur hasi eta apirilaren 8ra bitarte, baina antzerkia izango da lehen asteko protagonista nagusia. Gaur estreinatuko dute Ez dok hiru antzezlana Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkigileek, Arriaga antzokian, eta bihar ere emango dute; lan horrekin jarriko da abian jaialdia, baina asteburuan beste estreinaldi bat izango da: Lorca, Dalí, Buñuel. Aborigenak. Federico Garcia Lorca poeta eta antzerkigilearen testuak ditu ardatz emanaldiak, Felipe Lozak zuzendu du lana, Patxo Telleriak egokitu du testua euskarara, eta Pabiloi 6 aretoko Gazte Konpainiak oholtzaratuko du pieza, areto horretan bertan, ostiral, larunbat eta igandean.

Collage moduko bat da antzezlana. Lorcaren bizitza da piezaren hari nagusia, eta Lorcaren hainbat antzezlanen testu puskak baliatuz osatu du kontakizuna. «Erritmo handia du piezak horregatik», azaldu du Lozak. Baina pieza ez da izango Lorcari buruzkoa soilik. Madrilen ikasle zela Salvador Dali artistarekin eta Luis Buñuel zinemagilearekin izandako harremana ere kontatzen du lanak, eta baita Madrilgo Ikasle Egoitzan zegoen giroa eta orduko testuingurua ere.

Korala izango da antzezlana, eta lau aktorek jokatuko dute, esaterako, Lorcaren rola. Tarteka. Txatalka. Bizi. 20 urte inguruko Lorca, Buñuel eta Dali izango dira figura nagusiak, baina Lozak pertsonaia zerrenda luze bat ere igoko du oholtzara sortzaile haiek bizitako giroa azaltzeko: Albert Einstein, Polizia, senideak, Sigmund Freud, Andre Breton, eliza, militarrak...

Lorcaren eboluzioa ere kontatzen du antzezlanak, Lozaren hitzetan. Nola jaio zen familia aberats batean, eta, halere, nola egin zuen bat gizarteko sektorerik umilenekin. Baina ez hori bakarrik; zuzendariak azaldu duenez, obrak haren homosexualitatea eta heriotza ere kontatzen baititu, esaterako. «Nola hil zuten ere kontatzen dugu, ze hil zuten masoia, gorria eta marikoia zelako. Horregatik hil zuten, baina, bistan denez, ez zuten erabat hil; zeresana ematen jarraitzen du. Hori da kontatu nahi duguna: zeresana ematen jarraitzen duela».

Profesionalizaziorako ate

Lau hilabete eman dituzte obra prestatzen. Gaztelerazko bertsioarekin aritu dira lehen hiruretan lanean, eta espresuki euskarazkoa prestatzen eman dute azkena, Mitxel Santamarinaren laguntzarekin. Antzezle taldearen energia eta ikasteko gogoa azpimarratu ditu zuzendariak. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteek osatzen dute Pabiloi 6 aretoko gazte konpainia, eta hautu horren zergatia azaldu du Ramon Barea antzerkigile eta pabiloiaren bultzatzaileak. «Plataforma bat eskaini nahi diegu profesioan hasi berri diren gazteei arte eszenikoen esparruan murgilduz joateko. Entrenamendu gune bat sortu nahi izan dugu». Kontratupean egin dituzte entsegu guztiak antzezleek, Bareak zehaztu duenez, eta hainbat tailer ere egin dituzte antzezlaneko gaiak sakonago ezagutu ahal izateko. Antzezleek adierazi dute oso pozik daudela izandako esperientziarekin.

Testuaren euskarazko moldaketaren kalitatea azpimarratu du antzezlanaren zuzendariak. Dioenez, ez da itzulpen soila izan, egokitzapena baizik. Loza: «Ez zen nahikoa itzultzailea literatur aditua izatea, antzerkigilea izan behar zuen. Lorcaren testuaren erritmoa apurtzen baduzu, antzezlana apurtzen duzu». Pozik azaldu da horregatik itzulpenarekin, haren hitzetan, testuak «edertasun eskuragarria» duelako. Bi hizkuntzatan aritzearen zailtasunak aipatu ditu, halere. «Halere, euskal aktoreak oso ohituta daude hala lan egitera», bukatu du azalpena Lozak, eta Bareak jarraitu umore puntu batez: «Bai, ohituta daude doble lan egin eta soldata bera jasotzera».

Euskaraz egingo dute piezaren estreinaldia Loraldia jaialdiaren barruan, eta gazteleraz egingo dute gero, 17tik aurrera.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak