Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Agenda «Lehen irrintzia botatzea terapeutikoa izan zitzaidan, eta mugarria nire bizitzan»

Publizitatea

Agenda

Maite Larburu. Musikaria

«Lehen irrintzia botatzea terapeutikoa izan zitzaidan, eta mugarria nire bizitzan»

Josh Cheatham Amsterdamgo auzokidearekin Neighbor bikotea osatu, eta 'Ura patrikan' diskoa aurkezten dabil Maite Larburu, «euskalduna ematen ez duen» kantari gozo eta lasaia.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2014-03-23 / Edu Lartzanguren

Azken hilabeteotako ustekaberik handiena izan da Neighbor bikotea euskal musikaren munduan. Maite Larburu musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979) osatzen du, Amsterdamen auzokide duen Josh Cheathamekin (Seattle, AEB, 1974). Ura patrikan diskoa argitaratu dute Gaztelupeko Hotsak etxearekin. Kontzertua emango dute gaur, 19:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan (Gipuzkoa). Aurretik, Asier Altunaren Zela Trovke [belarra mozten, eslovakieraz) film laburra emango dute.

Orain arte, XV. eta XVII. mendeetako musika jotzen aritu zarete profesional gisa. Neighbour taldearekin jazza, popa eta beste hainbat estilo lantzea zer da zuentzat, lana ahaztu eta lasaitzeko modu bat?

Gure mugak zabaltzeko modu bat da. Mugak «puskatu» esatekotan egon naiz, baina hori handinahikeria litzateke. Gure espazioa handitzeko da, azken batean, gure musikagintzan askatasuna irabazteko.

Nolabaiteko harridura eragin du zuen diskoak. Ezustekoa izan da zuentzat halako ustekabea sortu izana?

Bai. Neu ere harrituta nago. Izan ere, gure asmoa maketa bat grabatzea izan zen. Kontzertu pare bat eman genituen Amsterdamen geure auzoan, eta jendeak grabazioak eskatzen zizkigun. Lagun baten estudioan grabatu genituen kanta batzuk zeozer txukun izateko. Lagunak, ezer esan gabe, Gaztelupeko Hotsak-ekoei bidali zien, eta, azkenean, disko bihurtu da maketa.

Halako gauza ezberdinak sortzeko ezinbestekoa da Euskal Herritik kilometro askora bizitzea?

Ez dut uste. Josh eta bion artean atera den zerbait da. Joshek beste ibilbide bat du, eta bestelako gustuak, baina, nire aldetik behintzat, gure musikak izan behar du Euskal Herritik.

Beste proposamen originaletako bat Mursegorena da, eta hura ere klasikotik dator. Hor al dago gakoa?

Baliteke. Nire kasuan, txikitatik aritu naiz abesten, eta, Amsterdamera biolina ikastera joan nintzenean, hartu nituen kantu jazz eskola pare bat. Baina ez nuen akademizismotik pasa nahi berriz, klasikoarekin nahiko gogorra baita teknika finkoa ikasi beharra, gurutzatzerik ez duzun muga zurrunak. Agian klasikoa ikasi dugunok askatasuna bilatzen dugu orain beste bide honetatik.

«Lasai, gozo kantatzen duen hegoaldeko emakumezko kantari bat azkenean!», esan zuen zuregatik Andoni Tolosa Morau-k.

Zein jatorra. Harkaiz Canok ere esan zuen «euskalduna ematen ez duen kantaria». Ez dakit, ni euskalduna naiz. Ez dakit beste modu batera kantatzen.

Fermin Etxegoienen arabera, zuen Non zare abestia «kantu erabatekoa» da.

Bada, egin genuen lehen kanta da. Diskoko kantak oso ezberdinak dira. Bidaian eramaten zaituzte, bakoitzak leku batera.

Diskoarekin eta kontzertuekin, aldatu egin al da Euskal Herriarekin duzun harremana azken hilabeteotan?

Egia esan, bai. Antzinako musikarekin oso kontzertu gutxi izan ditut Euskal Herrian. Orain, behintzat, estutu egin da dudan harreman musikala.

Etorkizuneko Wikipediak esango du irrintziterapia asmatu zenuela?

Euskal Herrian nik ez dut irrintzirik bota sekula. Lehen aldiz, Varsoviako irratian bota nuen. Terapeutikoa izan zitzaidan, eta mugarria nire bizitzan. Lotsarekin ez da ezer lortzen.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak