Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Ardoak eremuen eta herrien arabera bereiztea onartu du Errioxak

Publizitatea

Ekonomia

Ardoak eremuen eta herrien arabera bereiztea onartu du Errioxak

«Akordio historikoaren» ondoren, ABRAko upeltegiek eten egin dute Arabako Mahastiak sor-marka propioa sortzeko prozesua
Mahastiak, Guardian, Arabako Errioxan.
Mahastiak, Guardian, Arabako Errioxan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Iker Aranburu

Zatiketa saihestu du Errioxako sor-markak. Bere ardoen bereizketa argiago bat onartu du azkenean: eremu historiko batekoak edo herri jakin batekoak direla hizki handiz azpimarratu ahal izango dute aurrerantzean ekoizleek. Horrekin, bete egin dute Arabako Errioxako upeltegi gehienen eskaera, beren izaera berezia nabarmentzea baitzuten helburu, modu masibo batean ekoitzitako ardoetatik bereizteko. Behin aldarrikapen nagusia beteta, oraingoz alboratu egin dute Arabako Mahastiak sor-marka propioa sortzeko prozedura.

Arabako Errioxako 40 upeltegik baino gehiagok abiatu zuten, iazko uztailean, berezko sor-marka osatzeko prozesua. Sektoreko parte bat aspaldi zegoen gogaituta Errioxako ardoa kontrolatzen duen kontseiluaren zurruntasunarekin, eta, sor-marka utzi nahi zutenei beste bide bat eskaintzea erabaki zuten, ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen babesarekin.

Administrazioen esku zegoen jatorri izena onartzeko prozedura, baina eten egingo dutela jakinarazi du ABRAk. «Epe zuhur bat, bi urtekoa» emango diote sistema berriari. Gertutik erreparatuko diote prozesuari, «mailaketa berria sinadura huts bat bilaka ez dadin eta Arabako mahastientzat probetxugarri izan dadin». Behin epea igarota, «egoki egiten ez bada edo beharrei erantzuten ez badie», ABRAk ez du baztertu berriro abiaraztea sor-marka propioa. Elkartea osatzen duten 113 upeltegietatik —txikiak horietako gehienak— 40k bat egin zuten sor-marka berriaren eskaerarekin, baina ez zuten jakinarazi zeintzuk ziren.

«Historikoa»

Sor-marka propioa aurkezteko asmoa adierazi zuenean entzundakoak alde batera utzita —traiziotzat jo zuen kontseilu arautzaileak—, ABRAk «mugarri historikotzat» jo du atzo Errioxako ardoaren kontseilu arautzaileak iragarritakoa. «Arabako Errioxako eta hango herrietako ardoen jatorriek ikusgarritasun bat izango dute, beren jatorriaren berezitasunaren arabera hautatuak eta baloratuak izateko».

Orain arte, jatorri izeneko zein azpieskualdetakoak ziren jar zezaketen botiletan, hots, Arabako Errioxa —Rioja Alavesa, derrigorrean gazteleraz egon behar baitu—, Errioxa Garaia edo Errioxa Beherea. Baina azpieskualdearen izena ezin zen asko nabarmendu: Errioxako ardoa zela zioten hizkien neurriaren bi heren besterik ez. Aurrerantzean, neurri berekoak izan ahalko dira Errioxa eta Arabako Errioxa jartzen duten hizkiek —baina inondik ere ez eremukoak handiagoak sor-markarenak baino—.

Lehen azpieskualde deitutakoak eremuak izango dira aurrerantzean. Errioxa Beherea-ren ordez Ekialdeko Errioxa erabiltzea aztertzen ari dira. Eremu horretan lur lehorragoak daude, ekoizpen handikoak baina kalitate oro har apalagokoak. Logroñotik ekialdera dauden Errioxako mahastiak dira horiek, baina baita sor-markaren barruan dauden Nafarroako zortzi herrietakoak ere: Andosilla, Aras, Azagra, Bargota, Mendabia, San Adrian, Sartaguda eta Viana. Sor-markako mahastien hamarren bat dago Nafarroan.

Arabako Errioxan, berriz, mahastien %21 daude, baina ardo ekoizpenaren %35 inguru, haren eremuan dauden upeltegi handi batzuek mahatsa ekartzen baitute beste eremuetatik.

Eremuak nabarmentzea baino berritasun handiagoa izango da ardoak zein herritakoak diren nabarmendu ahal izatea. «Ardoen jatorriei buruzko informazio gehiago ematea da helburua, hori eskatzen zutelako eragileek, iritzi sortzaileek eta kontsumitzaileek», argudiatu du Fernando Salamero Errioxako sor-markaren kontseilu arautzaileko presidenteak.

Herrietako ardoekin malgutasun bat onartuko du Errioxak. Horrela, ardo jakin bat egiteko mahatsaren %15 edo gutxiago ondoko herri bateko mahasti batekoa izango ahal da.

Erakundeak, pozik

Akordioa txalotu du Eusko Jaurlaritzak. «Baldintza egokiak eman dira ardoak benetan bereizteko», ziurtatu du Ekonomiaren Garapenerako Sailak. «Bere eskaera historikoetako bat bete du Arabako Errioxak».

«Arabako Errioxaren eta erakundeen presioak fruitua eman du», nabarmendu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Haren iritziz, Errioxaren barruan «sor-marka propio» bat lortzeko urratsa da atzo eginikoa.

EH Bilduk ere ontzat hartu du akordioa: «Multinazionalen eredu industrialaren aurrean, bereizketak upeltegi txikiei eta ertainei lagundu behar die».

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak