Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ebakuntza gehiago egin arren, itxarote egunak ez dira gehitu Osakidetzan

Publizitatea

Gizartea

Ebakuntza gehiago egin arren, itxarote egunak ez dira gehitu Osakidetzan

2015ean baino 4.742 kirurgia operazio gehiago egin zituzten iaz. Larrialdietan artatutako hirutik bi kasu arinak edo oso arinak izan ziren
Leza ospitaleko barnealdea, artxiboko irudi batean.
Leza ospitaleko barnealdea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Beñat Alberdi

Osakidetzak egindako ebakuntza kopuruak gora egin du; %4, zehazki. 2016an, 122.791 kirurgia operazio egin zituzten. Kirurgiako itxaron zerrendak behera egin du: 17.343, 2015ean baino 382 gutxiago. Hala ere, itxaron zerrendan egin beharreko batez besteko denborak ez du ia aldaketarik jasan. 50,2 egun pasatu behar ditu eriak kirurgia operazioaren aurretik —2015ean, 50,6—. Zuzendariek zehaztu dute, eria zain dagoen tartea gutxitzeko ez ezik, itxaronaldiko bizi kalitatea hobetzeko asmoa ere badaukatela. Itxarote egunak nola hobetu argitu du Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendariak: «50 egun horien kalitatea hobetu nahi dugu. Itxaron zerrendetako kasuak aztertuko ditugu, beharra dutenen kalitatea hobetzeko».

Osakidetzaren 2016ko jarduera balantzea aurkeztu zuten Mugikak eta Osasun Laguntzako zuzendari Andoni Alzelaik atzo, Gasteizen.

Azpimarratu dute kirurgia operazioen %62k ez zutela ospitaleratzerik behar izan, teknologia aurrerapenak zirela medio. Nahikoa izan zen osasun etxetik igarotzearekin. Ebakuntzen espezialitateak nabarmendu ditu Alzelaik: «Normalean gertatzen den bezala, traumatologia, oftalmologia eta dermatologia dira jarduerarik gehien duten espezialitateak». Zahartzearekin lotu dute egoera hori; hots, zahartzea dela eta, protesi eta begi operazioak igo izana.

Larrialdi zerbitzuen egoera ere aztertu dute Osakidetzako balantzean. Ia miloi bat pertsona artatu zituzten 2016an. Hala ere, kasu oso arinak eta arinak batuz gero, 617.812 izan dira, ia kasu guztien hirutik bi. «Hausnarketa bat behar dugu», zehaztu du Osakidetzako zuzendariak. «Larrialdi zerbitzuak kasu larri edo oso larrietan erabili behar dira. Beste kasuak lehen mailako arretan arta daitezke». Esaterako, norbere medikuari txanda eskatuta.

Telefono kontsultak eta zerbitzu telematikoa mahaigaineratu zituzten Mugikak eta Alzelaik. Lehen mailako arretan eta espezializatuan erien eta medikuen arteko harremanak nabarmen igo ziren 2016an. Lehen arretan telefono bidezko kontaktua %22 igo zen helduetan, eta %16 pediatrian. Mediku espezialisten kasuan, 227.738 kontsulta eman zituzten telefonoz, guztien %5,3. «Zenbaki horiekin ikus daiteke iristeko erraztasunarekin daukagun konpromisoa», argitu du Mugikak. Zuzendariak nabarmendu du eriak ospitalera desplazatu gabe artatu daitezkeela; hots, desplazatzeak eragin ahal dizkion arazorik gabe.

Zerbitzu telematikoen bidez, berriz, 1.800.000 hitzordu eskatu zituzten kontsultetarako. Eskaera egiteko bide hori %12,5 igo da, 2015arekin alderatuta.

Osakidetzak 12.503 paziente artatu ditu etxeko ospitaleratzearen bidez. Zehaztu dute jarduera hori 445 oheko ospitale baten parekoa dela. «Gure helburuetako bat da ospitaleratzeak gutxitzea», argitu du Osasun Laguntzako zuzendariak. «Badaude beste bide batzuk eria artatzeko. Bide horiek lantzen gabiltza». Izan ere, Osakidetzak aurrez aurrekoa ez den arretaren alde egiten jarraitzen du: Osarean. Osasun batzordeak 61.109 kontsulta egin ditu, sistema horren bidez, kronikoen segimenduan.

Mahai sektorialaren egoera

Arabako osasun arloko gehiengo sindikalaren eskaerez hitz egiteko prest daudela nabarmendu du Mugikak. Hala ere, zehaztu du ez datorrela bat euren ikuspegiarekin. «Ez dugu sindikatuek daukaten ikuspegia partekatzen. Gainera, haien eskaerak neurriz kanpokoak iruditzen zaizkigu». Esan du Osakidetzaren negozioa osasuna dela. «Ez gabiltza pribatizatzen, proiektua sendotzen baizik».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea