Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Debekuaren aurka, alde bakarreko aldarria

Publizitatea

Mundua

Debekuaren aurka, alde bakarreko aldarria

Kataluniako errepublikara iristeko hiru agertoki zehaztu ditu ANCk; tartean, independentzia galdeketarik gabe eta alde bakarrez aldarrikatzea
Joan den urteko Diadaren egunean Lleidan prozesu independentistaren alde egindako agerraldia.
Argazkia: ADRIAN ROPERO / EFE

2017-03-16 / Ander Perez Zala

Independentzia erreferendumerako hilabete gutxi falta direlakoan, ANC Kataluniako Biltzar Nagusiak Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko hiru agertoki zehaztu ditu. Besteak beste, independentziaren aldarria alde bakarrrez egitearen aldekoa da ANC, Espainiako Gobernuak balizko independentzia galdeketa ukatuko balu. Errepublika aldarrikatzeko bide orria zirriborro bat da oraingoz; biltzarreko kideek apirilaren 29an eztabaidatuko dute testua.

Lehen agertokian, ANCk ez du Espainiako Gobernuaren esku sartzea kontuan hartzen. Hala, Kataluniako Parlamentuak trantsizio juridikorako legea onartuko luke, ondoren erreferenduma egiteko. Testuinguru horretan, hiru baldintza lituzke biltzarrak galdeketaren inguruan: galdera argia eta bitarra izatea —«bai» edo «ez» erantzuteko aukera izatea soilik—; boto gehien jasoko lituzkeen aukera izatea garailea; eta, azkenik, gutxiengo parte-hartze kopurua ez inposatzea. Galdera ere proposatu du: «Nahi al duzu Katalunia estatu independente bilakatzea?». Baiezkoak irabaziz gero, independentzia aldarrikatzeko eskatuko lioke ANCk Kataluniako Parlamentuari, eta biltzarrak zin egiten du subiranotasunaren «bermatzailea» izango dela; ezezkoak irabaziz gero, ezohiko Biltzar Orokor batera deituko luke erakundeak.

Beste bi agertokietan, berriz, Espainiako Gobernuaren esku sartzea hartzen du kontuan ANCk, eta trantsizio juridikorako legearen onarpena jartzen du muga gisa. Madrilek eskua sartuko balu lege hori onartu aurretik —eta erreferenduma egin aurretik—, biltzarrak «kataluniar herriaren subiranotasun osoa gauzatzeko ekintzak» abiatuko lituzke: herritarren mobilizazioa eta Aecat Kataluniako Hautetsien Biltzarraren «aktibazioa». Azken hori izango litzateke parlamentuaren ordezkoa, Espainiak ganbera edo Kataluniako Gobernua inhabilitatuko balu; hala, Aecat-ek aldarrikatuko luke independentzia, legea onartu ostean.

Azken agertokian ere, ANCk Mariano Rajoyren gobernuaren esku sartzea hartzen du kontuan, baina, kasu horretan, Kataluniako Parlamentuak trantsiziorako legea onartu ostean. Legea onartuta ere galdeketa debekatuko balu independentzia alde bakartasunez aldarrikatzearen aldekoa da biltzarra. Testuinguru horretan, nazioartearen babesa «ezinbestekotzat» du ANCk.

Olanoren babesa

Datozen hilabeteei begira, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok babesa eman dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari, «Gipuzkoako gizartearen izenean»; Bartzelonan elkartu ziren bi politikariak, atzo. Olanoren hitzek haserrea eragin dute PSE-EEn —Olanoren gobernukideak dira—.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea