Noiz sortua: 2016-04-16 00:30:00

Iturriak aldarrikatzen

1970eko rock-and-rolla oinarri nagusi hartuta, bere ibilbideko bigarren estudio diskoa kaleratu du Eskean Kristo taldeak: 'Ezkurrik onenak'
Eskean Kristo taldea zuzeneko emanaldi batean.
Eskean Kristo taldea zuzeneko emanaldi batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2016ko apirilak 16
«Rock-and-rollean dena dago asmatuta, edo guri gustatzen zaigun rock-and-rollean behintzat dena dago asmatuta. Beste talde batzuek ekar ditzakete gure musikak gogora, eta inoiz ez dugu ostendu hori, zeren gu musikazaleak baikara musikariak baino gehiago, eta gure kantek beste talde batzuen antza izatea, lotsatzeko motiboa baino gehiago, harro egoteko motibo da guretzat». Aldarrikapen kutsuz deskribatzen du Eskean Kristo taldearen erreferentzia sarea Pello Artabe abeslariak, eta zerrenda luze bat osatuz aurkezten du horregatik beren nortasun agiria: The Rolling Stones, The Cult, T-Rex, Black Crowes, Lynyrd Skynyrd, hasierako Guns n' Roses... Eta osagai horiek guztiak nahasiz sortu dituzte estudioko beren bigarren diskoko sei kantak. Ezkurrik onenak deitu dute bilduma (Baga Biga).

Baina badago berritasunerako tarterik ere, Artaberen hitzetan. «Ezer berria egitea ezinezkoa da, baina, egitekotan, zer edo zer berri etorri ahal da musika eta hitzak uztartzeko moduaren aldetik. Euskaraz egiten baduzu, igual zure ezaugarri berezia da hizkuntza, eta hizkuntzaren bidez zure berezitasuna bihurtzen da, eta egin ahal dituzu hitz jokoak asko, adibidez. Ezkurrik onena kantan, adibidez, euskal esamolde bat hamaika bider errepikatuta sortzen dugu abestia». Eta, hain zuzen ere, esamolde horrek ematen dio diskoari izena: Txerririk txarrenak, ezkurrik onenak. «Ehun urte baino gehiago dituen euskal esamolde hori hartu, jarri T-Rex taldearen gisako erritmo bat, eta funtzionatzen du».

Jostalaria da taldearen jarrera zuzenean, eta jostari aritu dira estudioko lanean ere. «Ez zaizkigu gustatzen oso-oso leun dauden kantak. Hortik dator 70eko rockarekin dugun pasio hori, zeren, orduan, nota bat txarto emateko hainbeste kezka gabe grabatzen baitziren gauzak, eta hori da diskoaren xarmaren parte». Espiritu hori du musikak, eta espiritu hori dute hitzek ere. Eta horren bila jo dute grabazioan ere. Bost egunez grabatu zuten diskoa, otsailean, Tio Pete estudioan, eta taldeko lehen gitarra jotzaile izan zuten Igor Delgado aritu zen teknikari, nahasketa, masterizazio eta ekoizle lanetan. «Frenetiko xamarra izan da prozesu guztia», onartu du Artabek. Dioenez, «benetakotasuna» izan dute helburu, halere.

Dibertitzearen alde

1970eko hamarkadako rocka da Eskean Kristoren oinarri nagusia, baina rockaren ezpal guztiak ukitzen ditu diskoak. Gitarra zorrotz eta lelo zuzeneko abestia da Radiobenta. The Black Crowes taldearen oihartzuna du Otso basati kantak. Blues kutsu eta egitura konplexuko kanta da Gure bazterrak blues. The Rolling Stones taldearen gitarrak dakartza gogora Ardigaldua-k. Lelo indartsu eta itsaskorrekoa da Ezkurrik onenak, eta western kutsuko leloa du garapen luzeko Aita saldu nauzu kantak. Zuzenak dira diskoko kanta guztiak, baina horrek ez du esan nahi sinpleak direnik. «Gustatzen zaigu bizitza apur bat konplikatzea, eta entzulea harritzea», azaldu du Artabek.

Etengabeak dira diskoan euskal musikari egindako erreferentziak ere: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, herri kantak... Eta bada bereziki gertuko sentitzen duten beste erreferentzia bat ere: Niko Etxartena, zehazki. Kolaborazio bat ere grabatu zuen Altzürüküko musikariak taldearen lehen diskoan, eta haren figura aldarrikatu du Artabek berriz. «Umorera jotzea asko gustatzen zaigu, eta Niko Etxart izan zen rock-and-rolla egiten lehenengoa, ados, baina baita rock-and-roll dibertigarria egiten ere. Beste batzuek zapalkuntzaz, hizkuntzaren ezinaz eta gauza beltz guztiez kantatzen zuten bitartean, berak zioen baietz, ados zegoela horrekin guztiarekin, baina ondo pasatu beharra ere aldarrikatzen zuen. Guk alde hori asko aldarrikatzen dugu, eta asko miresten dugu horregatik ere».

Etxarten ordez, Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariaren eta Bart Farrellen kolaborazioak izan dituzte oraingoan. «Euskal rock-and-rolleko ahotsik onenetarikoa da Zaloa Urainena», dio Artabek. «Ahotsik onenetarikoa, eta ez emakumezko ahotsik onenetarikoa, ez, ez: ahotsik onenetarikoa».

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Banden Lehia lehiaketa irabazi zuen taldeak 2013an, eta sariarekin lortutako diruarekin grabatu zuten lehen diskoa Garate estudioetan. Azote kaldüz deitu zuten lehen lana. Harrera oso ona izan zuen diskoak, eta taldeak iaz eskainitako 50 kontzertutik gora eskaini izana da horren froga. Hilabete eman zuten estudioan, eta, nolabait ere, orduan egindakoaren kontrakoa egin nahi izan dute orain. «Orduan gauzak gutxiago prestatuta joan ginen estudiora, eta freskoagoa da lana. Hau bost egunetan grabatu dugu, eta denok elkarrekin, baina diskoa landuagoa da; kolore gehiago ditu, xehetasun gehiago».

KONTZERTUAK

Aiherra. Gaur, herriko jaietan.

Gasteiz. Apirilaren 23an, gaztetxean.

Galdakao. Maiatzaren 7an, Gazte Egunean.

Izarra. Maiatzaren 21ean, Urkarock jaialdian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna