Ernesto Galbarriatu. Ibaigane ikastetxeko langileen eleduna
«Bazter batean utzi gaituzte; lan gabe»

Azken eskola eguna izan zuten orain dela astebete Bilboko Deustua auzoko Ibaigane ikastetxean. Alaia behar zuena, samin eta protestarako eguna izan zen, irailetik aurrera ez baitu aterik zabalduko. Kolokan geratu ziren 280 ikasleak birkokatu ditu Eusko Jaurlaritzak Deustuako bi ikastetxetan. Maisu-maistrei eta administrazioan diharduten langileei, berriz, ez die konponbiderik eman. «Gutxietsiak sentitzen gara», salatu du eskolako langile batzordeko eledun Ernesto Galbarriatuk. 27 urte daramatza ikastetxean lanean, eta bi ikasleren aita ere bada. «Ezustean» jaso du itxieraren albistea, udako oporren bezperan, ikasturte berria prestatzen ari zela. Halere, ez du itxaropena galdu, eta «ahalik eta bizkorrena» konponbide bat aurkitzea espero du.
Dagoeneko, 280 ikasleak birkokatu ditu Jaurlaritzak. 38 langileentzat, ordea, ez da irtenbiderik.
Itxieraren berri izan genuenetik, inor ez da gugana etorri; ez Jesusen Bihotza komentukoak, ez Kristau Eskolako eledunak, ezta Hezkuntza Saileko inor ere. Erantzunik ez dugu jaso, oraindik ere.
Alboratuta sentitzen zarete?
Erabat. Gutxietsiak sentitzen gara, ilarako azkenak bagina bezala. Inor ez da gutaz arduratu, badirudi gurea ez dela inorentzat eragozpen. Ulergarria da Hezkuntza Saila ikasleen birkokatzeaz kezkatua egotea, baina ez da aitzakia. Bazter batean utzi gaituzte; lanik gabe. Bitartekari bat izatea gustatuko litzaiguke; oraingoz ez dugu aukerarik izan gure eskariak helarazteko. Gurekin zer egingo duten jakin nahi dugu. Gurasoekiko baino ezin gara esker onez egon.
Protesta egin duzue. Zertarako?
Irtenbide integral eta bateratu bat galdegiteko. Ikasle, behargin finko eta azpikontratatutako langile guztien egoera konpontzea nahi dugu. Ezin dugu ahantzi ikastetxeko garbiketaren eta jangelaren ardura zutenak ere kalean direla.
Gurasoek eskatu zuten ikasleak ez banatzea. Langileek ere batera joan behar dutela uste duzu?
Ikasleak taldean birkokatu badituzte, beharginetako batzuk ere haiekin joatea litzateke logikoena. Ibaigane eskolak diru kopuru bat adostua zuen Hezkuntza Sailarekin, 2014-15eko ikasturtean erabili ahal izateko. Diru kopuru hori beste toki batera bideratu behar bada, estudianteen lekualdatzea eta langileen egoera kontuan hartzea premiazkotzat jotzen dugu.
Deustua auzo inguruko eskola asko leku faltan daude. Bideragarria da gaur gaurkoz?
Zurrumurruak baino ez zaizkigu iristen: itunpeko eskolak gainezka daudela, gazte gehiagorentzat lekua egiteko ikasgelak handitu beharko liratekeela... Ez dut batere argi ikusten. Badakit zaila dela birkokatzea apropos egitea, baina ziur nago itxiera saihets zitekeela. Berriki jakinarazi digute, gainera, ez dela posible izango haur hezkuntza eta DBH bitarteko estudianteak eskola berean elkartzea.
Zelan hartu duzue itxiera?
Bada, pentsa... Dagoeneko hasiak ginen ikasturte berrirako edukiak jorratzen, eta ezustean harrapatu gaitu. Lantaldea ia zehaztua dute ikastetxe gehienek, eta kezkatuta gaude. Ziurtasunik eza eta ezegonkortasuna ari dira gailentzen.
Ez dirudizu oso itxaropentsu.
Itxaropena da galtzen den azkena, baina nahiko ezkor nago orain. Eskolako lankideen artean ere gero eta murritzagoa da itxaropena. Botata laga gaituzte, eta norberak bere kabuz topatu beharko du konponbidea, inor ez baita geure geroaz arduratuko. Borrokatzeko gogotsu gaude, baina bada sentsazio makur bat. Beharginen batasunari eusten saiatzen ari bagara ere, horrelakoetan oso nekeza da. Langile bakoitzak segituan jakin gura du irailetik aurrera non ariko den: lanean, langabezian...
ELAk dio «gaizki» kudeatu dela.
Krisi ekonomikoak zerikusi handia izan du —milioi bat euro inguruko zorra du ikastetxeak—, baina ez da arrazoi bakarra: jaiotza tasen jaitsiera, immigrazioa... Horrek eragin zitala izan du. Inguruan zabala da eskaintza, eta gurea da eskola txikiena. Galtzeko guztiak genituen, eta, azkenean, galduan irten gara. Gauza txikiak dirudite, baina zulo handia sortu da. Erantzukizuna guztiok dugun arren, kudeaketa ez da ona izan: edalontzia betez joan da, gainez egin arte. Mojek salduta laga gaituzte, eta Kristau Eskolak ia ez du interesik agertu. Zorroztasun falta sumatu dugu orokorrean.
Bazenuten egoeraren berri?
Aspalditik dakigu egoera ekonomikoa ez dela oparoa, zailtasunak daudela. 27 urte egin ditut ikastetxean lanean, eta, gutxi gorabehera, beti lortu dugu aurrera egitea. Bagenekien egoerak goia jo zezakeela, baina ezkorrenak ere ez luke pentsatuko halako erabaki oker bat: eskola bat-batean ixtea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.