Albistea entzun

Oscar de Marcos. Athleticeko jokalaria

«Europa ligan ez sartzea kolpe handia litzateke»

Europa ligan sartzeko bi kanporaketa jokatuko ditu Athleticek, eta horiek intentsitate handiz prestatu dituzte Oscar de Marcosek eta taldekideek. Ez du gogoko jokatu aurretik faborito izatea.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI. PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Intxausti Aranguren -

2017ko uztailak 27

Denboraldi-aurrean murgilduta, Dinamo Bukaresten aurkako kanporaketa prestatzen aritu da Oscar de Marcos (Guardia, Araba, 1989). Ez du aurkaria gutxietsi nahi, baina bat dator Cosmin Contra aurkarien entrenatzaileak esandakoarekin, eta Athletic faborito delakoan dago.

Intentsitate handian jokatu duzue denboraldi-aurrean, baina emaitzak ez dira onenak izan. Zer moduz zaudete Dinamo Bukaresti aurre egiteko?

Ondo gaude. Argi daukagu kanporaketa oso garrantzitsua dela. Egia da emaitzak ez direla onenak izan, baina denboraldi-aurrean ez dira garrantzitsuena. Entrenatzaile berria daukagu, eta kontzeptu eta dinamika berriak ikasten saiatu gara gehienbat.

Aurkariek ligako bi partida jokatu dituzte, eta martxan daude, baina, Cosmin Contra entrenatzailearen ustez, zuek zarete faborito garbiak.

Ez dakit. Espainiako liga haiena baino maila hobea dauka, eta teorian, haiek jada hasita dauden arren, denek gu jotzen gaituzte faboritotzat. Ez dut gogoko jokatu aurretik faborito izatea; mota honetako kanporaketetan aurkaria errespetatu behar da, eta futbol zelaian faborito garela erakutsi.

Alavesen jokatu zuen Cosmin Contrak, eta ondo ezagutzen du euskal futbola. Aurkari gogorra espero duzue?

Haientzat gauza handia litzateke sailkatzea; ez da urtero Europarako sailkatzen den talde bat. Gogotsu egongo dira, baina horrek ez digu eragin behar. Gure helburuak beti izan behar du Europan jokatzea, eta haien ilusio berarekin joan behar dugu kanporaketara. Sekulako giroa egongo da zelaian; ligako partidetan baino lau aldiz jende gehiago egongo omen da. Horrek erakusten digu haien ilusioa zeinen handia den. Kanporaketa gogorra izango da. Jokoari dagokionez, badakigu intentsitate handiz jokatuko dutela, eta gure jokoa egin ez dezagun ahaleginduko direla ere bai.

Zer egin beharko duzue aurrera igarotzeko?

Uste dut partidaren hasiera oso garrantzitsua izango dela. Irabaz dezaketela ikusten badute, gauzak zailduko zaizkigu. Hasieratik intentsitate handiz jokatzen badugu, eta baloiarekin ezin bada borrokan irabazten badugu, nagusitu egingo gara.

Emaitza bat?

180 minutu jokatu behar dira. Ez da erraza. Kanporaketa hauetan jokatu dudan bakoitzean, asko kostatu izan zaigu. Hobe da umiltasunez jokatzea; kanpoan emaitza on bat lortzea da garrantzitsua.

Athletic maila onenean ariko da denboraldi honetan Europan?

Ni beti baiezkoan nago. Ilusioa ez dugu galdu behar: Europan urrutira heltzeko ametsa bizirik mantendu behar dugu. Gainera, aldaketa guztiak gogoz hartu behar dira, eta orain arte lortu ez duguna lortzen saiatu behar dugu aurten. «Zergatik ez?». Hori izan behar litzateke urteroko helburua.

Porrot handia litzateke Europan ez sartzea?

Bueno, pertsonalki, bai. Asko gustatzen zait Europa liga jokatzea. Denok nahi dugu beste urte batez Europan izan. Aurreko urteko ahaleginaren ondoren, bi kanporaketa jokatzea egokitu zaigu. Zaila da, denboraldi hasiera da, eta jokatzen hasita dagoen talde bat egokitu dakizuke... Baina, aurkaria gutxietsi gabe, uste dut kolpe gogorra litzatekeela jokalariontzat, klubarentzat eta zaleentzat.

Nolakoa ari da izaten denboraldi-aurrea nagusi berriarekin?

Lanean ari gara. Zuk hasieran erabili duzun hitzak egokiak dira: «Intentsitate handikoa». Lehen egunetik ahalegindu da bere estiloa ezartzen. Egin nahi dituen aldaketak ondo ulertzea nahi du. Entrenatzaile bakoitzak entrenatzeko modu bat dauka, eta egokitzeko denbora behar izaten da, eta, kasu honetan, garrantzitsua da denbora hori, gutxi baitaukagu.

Kanporaketa bi hauek asko aldatu dute denboraldi-aurrea?

Bai, asko aldatzen da. Epe laburreko helburua daukagu, eta lana ezberdina da; ez da ligarako prestaketa lan bera. Irabaztea da kasu honetan helburu bakarra, joko kontuak albo batera utzita. Lehen partidetan ezin da hutsik egin, kanporaketak direlako. Gero, gauzak hobetzen saiatzeko denbora izango dugu denboraldian.

Zertan dira berdinak eta zertan dira ezberdinak Ernesto Valverde eta Kuko Ziganda?

Biek dute gogoko zuzenean jokalariekin hitz egitea, atseginak dira eta umiltasun osoz hitz egiten dute. Futbolari dagokionez, ideia garrantzitsu bera dute biek: baloia galdu bezain laster hura lehenbailehen berreskuratzea gustatzen zaie. Barneratzea kostatzen den zerbait da, eta Ernestorekin [Valverde] landutakoa mantentzen, eta ahal den neurrian hobetzen saiatzen ari gara. Horretaz gaiz, taktika aldetik dituzte ezberdintasunik handienak, eta denboraldi honetan ikusiko dituzue egindako aldaketak.

Zurrumurruz beteriko uda izan den arren, ez da fitxaketarik izan entrenatzaileaz gain. Taldeak ezarritako helburuak lortzeko maila duela uste duzu?

Bai, uste dut baietz. Talde honek berak gauza handiak lortu izan ditu. Ez dugu ia ezer aldatzen sasoitik sasoira, baina harrobiak fruitu onak ematen ditu, geroz eta hobeak Valverde iritsi zenetik. Jokalari gazteek asko ematen diote taldeari, eta gero eta garrantzitsuagoak dira. Daukagun onena eman beharko dugu, hori bai, maila geroz eta hobea delako.

Zein leku izango du Oscar de Marcosek Zigandaren taldean?

Ez dakit. Nire helburua taldeari laguntzea da. Beti nahi izan dut hamaikakoan tokitxo bat izan, baina urtetik urtera konpetentzia handiagoa da. Lekue oso jokalari ona da, ni baino gazteagoa gainera. Denek nahi dugu taldean leku bat izan, eta lehiakortasuna kirol legezkoa den artean ona da taldearentzat. Nik ahalik eta gehiena saiatu beharra daukat, ahalik eta maila onenean egoteko, eta denon artean taldea hobetzen saiatzeko.

Yeray Alvarezen gaixotasuna oso pasadizo gogorra izan da. Hala ere, denok elkartzeko eta taldea oraindik gehiago indartzeko balio izan du. Hala izan al da?

Oso gogorra izan da, eta gaixotasunak denok elkarrengana gehiago hurbiltzea eragin du. Lagun talde bat gara, kuadrilla bat izango bagina bezala. Horrelakoetan, kuadrillako bat sufritzen dagoela ikusten denean, beste guztiak egoera lasaitzen, lagunarengandik hurbil egoten eta ahalik eta gehiena laguntzen saiatzen dira. Gainera, egunero-egunero lezio bat ematen digu Yerayk. Bizitzari nola aurre egin erakusten digu. Alde horretatik, lasai gaude; Yeray oso gogor dagoela ikusten dugu, eta argi daukagu guztiok batera lortuko dugula.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia»

Julen Etxeberria

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».
Sherpa Ai binakako txapelketako finalistak, herenegun, aurkezpean. ©AITZIBER ARZALLUS / UROLA KOSTAKO HITZA

Xerpak, txapelaren bila

Jon Ander De la Hoz

Sherpa Ai binakako aizkolari txapelketa jokatuko dute gaur, Zestoan. Lau bikote ariko dira maila nagusiko finalean, eta hiru promoziokoan
Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan

 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.