Igone Martinez de Luna Unanue. Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua

«Gazteak euskarazko eskaintzaren parte izatea dugu helburu»

Iruña-Veleiako auzia ahal den azkarren amaitzea nahi du Martinez de Lunak; auzibideak aztarnategiaren balioa «estali» egin duela uste du.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko urtarrilak 26
Murrizketa handiak egin zituen PPk Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailean, aurreko agintaldian. Igone Martinez de Lunak (1966, Gasteiz) politika horiek amaitzeko asmoa agertu du, sail horretara heldu eta lehen urtean. 2016ko aurrekontua «lehentasun berrien» adierazle dela azaldu du. «Sailaren aurrekontua %10,2 igo dugu, eta euskara sustatzeko diru saila, %33 inguru».

Badira hilabete batzuk sailera heldu zinela. Nola aurkitu zenuen, batez ere euskararen alorrean?

Euskararen arloan ez ezik, guztietan ere murrizketa dezente izan zituen sailak aurreko agintaldian. Aurreko gobernuak bere lehentasunak zehaztu zituen aurrekontuen bidez, eta guk beste batzuk ditugu. Gure asmoa da mailaka-mailaka, urtez urte, egoera hobetuz joatea.

Zeintzuk dira zuek ezarri dituzuen lehentasunak?

Euskararen erabilera sustatzeko lan ildoak dira lehentasun nagusiak. Arabako euskarazko hedabideentzako laguntza ere handitu egin dugu, baina, batez ere, euskararen erabilera sustatzeko ekinbideak eta programak indartu nahi ditugu. Horretarako deialdien pisu ekonomikoa handitu dugu.

Aurreko foru gobernuak Euskararen Plan Estrategiko bat onartu zuen 2014-2017 eperako.

Uste dugu beharrezkoa dela ebaluazio labur bat egitea, jakiteko nola ari den garatzen. Planaren epearen erdian gaudela eta, jakin behar dugu neurriek balio izan al duten euskara zabaltzeko.

Aurreko planaren ebaluazioan, asmo onez hitz egin zuten eragileek, baina baliabide faltaz. Baliabide horiek emateko ekinbiderik hasi al duzue?

Horren adierazle nagusia da 2016ko aurrekontuetan euskararen alde egin den apustua. Aurrekontu proiektuan diru saila handitzea genuen buruan, eta, akordioen bitartez, apur bat gehiago handitu dugu.

Ebaluazioan parte hartu zuten eragileek azaldu zuten aurrekontuaren %80 laguntzetara bideratuta zegoela, eta bestelako politiketarako apenas zegoela dirurik.

Orain ezin esan, zehazki, nolakoa den oreka hori 2016ko aurrekontuetan. Baina ezin gara joan diru sail nominatiboetara; oso gutxi mantentzen dira. Normalena deialdietara jotzea da. Hainbat egitasmo interesgarri jaso ditugu, eta horiek guztiak bideratuko ditugu deialdietara.

Arabako kuadrilletako euskara teknikarien sareak ere balorazio onak zituen. Ordea, PP desegiten saiatu zen. Nola dago orain?

Figura hori egonkortu egin behar dugu. Euskaren erabilera sustatzeko hainbat programa aurrera eramateko ardatzak dira. Dagoeneko, hainbat bilera izan dugu haiekin; harremanetan gaude, eta haiekin kontatzen dugu.

Bilera horietan, zer kontatu dizuete teknikariek beren egoeraz?

Alboratuta zeuden sentsazioa zuten; lanik edo funtziorik gabe. Egoera hori irauliko dugu, ordea. Lanaren nondik norako zehatzak ez ditugu finkatu, baina, aurretik esan bezala, euskararen erabilera areagotzea da helburu nagusia. Eta, horren barruan, lehentasunezko jomuga gazteak dira. Kirol arloan, kulturan, aisialdian... eskainiko zaizkien jarduerak euskaraz izan beharko dute. Ez soilik eskaini, baizik eta haiek horien parte izan daitezen sustatu.

Kultura arloari dagokionez, zeintzuk dira aurrera begirako asmo nagusiak?

Hasieran, eragileekin elkartu gara, sektore askotakoekin, eta murrizketa handien berri eman digute. Egoera larrian daude. Askotan, proiektuak aurkezterik ere ez dute izan. Larria iruditzen zait hori. Ildo nagusia Arabako Kultura Plana abiaraztea izango da. Diagnosi prozesua egingo dugu 2016ko lehen sei hilabeteetan: zein eragile, baliabide eta zerbitzu dagoen herriz herri, kultura alorrean lanean. Diagnosi hori egin ondoren hausnartuko dugu zein kultura nahi dugun Arabarako. Horren ostean, plana gauzatuko dugu.

Prozesuaren hasieran, zein da zure abiapuntua?

Guretzat eragileen partaidetza beharrezkoa da. Hala helarazi diegu udalei, baita mahai honetatik pasatu diren eragile guztiei ere. Gu ez gara inor. Kudeatzeko gaude. Haien proposamenak entzun behar ditugu. Ea guztion artean kapaz garen oinarrizko lan dokumentu bat egiteko eta ildo nagusiak abiarazteko.

Probintziako museo azpiegiturei heltzeko asmoa ere agertu izan duzu...

Aintzat hartu nahi ditugu horiek ere. Bisiten aldetik nahiko ondo ari gara, baina museoetako zuzendariekin hausnarketa lan bat hasi nahi dugu, plan bat zehazteko. Lehen neurria iragarri nuen; maiatzaren 18tik aurrera sarrera doakoa izango da. Funtsak, bildumak... ikaragarriak dira, arabar guztionak, eta aintzat hartu behar ditugu.

Funtsak aipatu dituzula, aurtengo aurrekontuan ba al dago Artium museoan artelan berriak erosteko diru sailik?

Ez, oraindik ez dago. Espero dugu, krisi egoera hobetzen den heinean, diru sail hori berreskuratzea. Egia esan, aurreko agintaldian bolada txarrak izan ziren, eta ez zait iruditzen hori neurri txarrenetakoa izan zenik.

Zein lan ildo dituzue buruan Artiumekin?

Lanean ari gara. Hilero biltzen gara. Azken bileran egingo duten plan estrategikoaz aritu gara; proposamen bat egin dute, 2020ra artekoa. Maiatzerako eginda egongo da. Guretzat, inportanteena litzateke Artiumek bat egitea gasteiztar eta arabarrokin, baita bertoko artistekin ere.

Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleia zela-eta hasitako auzibidea hortxe dago oraindik. Nola dago kontu hori?

Kultura diputatu izendatu eta lehen irteera Iruña-Veleiara egin nuen. Ikusgarria da aztarnategia. Auzipean egoteak eragin txarra izan du. Gure nahia da lehenbailehen instrukzio fasea amaitzea, eta epaileak ebaztea. Ebaztea gauza bat, bestea, edo dena delakoa.

Dena den, auzibideak iraun bitartean, lanean segitu dute.

Zuzendaritza plan bat dago 2020. urtera arte. Auzibideak estali egin du aztarnategia. Itzal beltz batek inguratu du. Uste dugu han ateratzen ari diren datuak helaraztea garrantzitsua dela. Ematen du baztertuta dagoela, baina ezagutarazi behar dugu gure ondarea arabarron artean, eta arlo zientifikoan ere bertako datu eta emaitzak zabaldu behar ditugu.

Nola ezagutarazi nahi duzue?

Zuzendaria eta biok hainbatetan bildu gara museoetako zerbitzu buruarekin. Uste dugu beste modu batean aurkeztu behar dugula gure ondarea. Ikaragarria da Araban duguna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna