Hurbiltzeko eskatzeko, auzitara joko dute EPPK-ko presoek

Espetxeetako zuzendariek ezezkoa eman ostean hartu dute erabakia.

Gertuko kartzeletan egotea «oinarrizko eskubidea» dela diote
Presoak bisitatzera joateko autobus bateko bidaiariak, mobilizazio batean dauden pertsonak agurtzen.
Presoak bisitatzera joateko autobus bateko bidaiariak, mobilizazio batean dauden pertsonak agurtzen. L. J// ARP

Erredakzioa -

2014ko irailak 24
Nork bere espetxeko zuzendaritzaren ezezkoa jaso ostean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak auzitara joko du Euskal Herriko espetxeetara hurbildu ditzatela eskatzeko. Zehazki, preso bakoitzak helegitea jarriko du bere espetxean jasotako ukoaren aurka, EPPK-k BERRIAra igorritako ohar batean jakinarazi duenez. «Kolektiboak urrats ausarta egin du espainiar eta frantses legedien bidean. Euskal Herriratzeko eskaeren ukoei helegiteen bidez erantzungo diegu orain».

Euskal presoen sakabanaketaren 25. urtemuga gogoratuz, ohar bat kaleratu du EPPK-k. Kolektiboak, presoek eurek hartuko duten erabakiaren berri emateaz gain, azpimarratu du erabaki politikoa dela sakabanaketa, eta herritarrei dei egin die presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko. «Euskal herritarren parte hartze aktiboa ezinbestekoa izango da guztion artean estatuen jarrera itxia aldatzeko».

Martxoan hasi ziren EPPK-ko kideak banakako eskaerak egiten, horiek multzoka aurkeztuz: presoaren espetxeratze egoera, zigor mota edota egoera pertsonala kontuan hartuta. Espainiako Estatuan preso daudenek nork bere espetxeko trataera batzordean egin zuten eskaera. Ekainean hasi, eta uda osoan aritu dira ezezkoak jasotzen, eta, haien abokatuek esan dutenez, erantzun berbera jaso dute denek. Ebatzi dute ez dela egongo ez espetxe aldaketarik ez espetxe barruko egoeraren aldaketarik, argudiatuta presoa ETArekin lotura izan duelako dagoela preso eta ETA ez dela desegin ez presoa hartatik aldendu. Berriki, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du ETA desegitea dela Madrilek sakabanaketa «berriz pentsatzeko» baldintza.

Alfontso Zenon abokatuak, berriz, uztailean BERRIAri adierazi zion espetxeetako tratamendu batzordeen erantzun eta «baldintzak» legezkotasunetik eta presoen oinarrizko eskubideak arautzen dituzten nazioarteko arauetatik kanpo daudela. «Ikuspuntu juridikotik astakeria bat da», adierazi zuen.

Etxetik gertuko espetxean egotea «oinarrizko eskubidea» dela argudiatu zuten euren eskaeretan EPPK-ko presoek. Hain zuzen, Espainia, Frantzia eta nazioarteko hamaika lege, araudi eta gomendio aipatu zituzten, ohartarazteko sakabanaketaren bidez lege horiek eta, bereziki, giza eskubideak urratzen direla.

Lehen urrats horrek kale egin badu ere, argudio berberei eutsi eta bide judizialetik aurrera egitea erabaki dute EPPK-ko kideek. Hala, abokatuek azaldu dutenez, Espainiako Estatuaren menpe dauden presoek helegiteak aurkeztuko dituzte Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen aurrean. Hark ere ezezkoa emango balie, helegitea jarriko lukete auzitegi berean. Eta orduan ere ez baliete arrazoirik emango, Auzitegi Konstituzionalera joko lukete. Espainiako Justiziak ate guztiak itxiz gero Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea ere ez dute baztertzen.

Frantziako Estatuan preso daudenen kasuan ere ez da aldaketarik izan hilabeteotan. Haien abokatuen arabera, apirilean hasi ziren eskaerak egiten, eta, oharretik ondorioztatzen denez, haiei ere ezezko erantzuna eman ei diete. Uztailean zenbait komunikabidek jakinarazi zuten bi preso Mont de Marsanera gerturatu zituztela, baina, hil horretan Maritxu Paulus abokatuak kazeta honi adierazi zionez, aldaketa orokorrik ez da izan, eta Frantziak sakabanaketan sakontzen jarraitzen du.

Prozesua, EAJ eta gizartea

Sakabanaketaren 25.urtemugaren karietara kaleratutako oharrean, EPPK-k azpimarratu du neurri horren helburuek «porrot» egin dutela. Horren sorrerari buruzko irakurketa egin, eta gaineratu du oraindik ere indarrean egoteak xede bakarra duela: «etsipena hedatzea» eta «prozesu politikoa errailetik aztertzea». Horren harira, EAJri galdetu dio gaur egun ere «bedeinkatzen» duen euskal presoen sakabanaketa duela 25 urte bezala. Horrek eragindako «zauri eta sufrimenduak» salatu ditu, eta euskal gizarteak neurri horren aurka agertu duen jarrera txalotu; era berean, egun «inoiz baino indar gehiago duela» azpimarratu du, urtarrileko eta ekaineko mobilizazioak gogoratzearekin bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna