Albistea entzun

Mikel Valdivieso. Auzipetua

«Gure ikurren eta ikurrinaren aurkako epaiketa izango da»

Iazko txupinazoan ikurrina zintzilikatzea leporatuta epaituko dituzte Mikel Valdivieso, Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaio urriaren 8an. Bi urteko zigorrari egin beharko diote aurre.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Lohizune Amatria -

2014ko urriak 4 - Iruñea

Ezohikoa izan zen iazko sanferminetako txupinazoa. Ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zuten plazan, eta 19 minutu berandu hasi zen festa Iruñean. Ikurrina jartzea egotzita, bost pertsona epaituko ditu Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Auzipetuetako bat da Mikel Valdivieso (Iruñea, 1978). Urriaren 8an eta 9an izango du epaiketa, Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso,eta Iñigo Ramaio auzipetuekin batera.

Ikurrin erraldoiari erantzun emanez, zazpi lagun atxilotu zituzten uztailaren 15an. Zu zinen tartean. Nola gogoratzen duzu atxiloketaren eguna?

Etxean nengoen, lasai-lasai. Ez nuen ezer espero. Egunero bezala jaiki nintzen, eta ordenagailuan albisteak irakurtzen gosaldu nuen. Atxiloketak izan zirela ikusi nuen Interneten. Sakelakora ere iritsi zitzaidan mezuren bat: «Hau eta bestea atxilotu dituzte». Guztiak ezagunak ziren, eta zertxobait haserretu nintzen. Txirrina jo zuten, eta behatxulotik begiratu nuen. Txanoa jarrita zuten bi pertsona zeuden esperoan. Banekien zetorrena. Etxetik atera nintzen. Eta zuzenean kotxean sartu, eta polizia etxera eraman ninduten. Harrituta nengoen, baina aurretik ikusi nituenez, urduritasuna bakarrik bizi izan nuen, etxean.

Eta gau bat eman zenuten polizia etxean.

Egun oso bat eman genuen, eta polizia etxean esan ziguten ikurrinaren harira zirela atxiloketak. Gaua pasa, eta hurrengo goizean eraman gintuzten epaitegira. Desordena publikoak egotzi zizkiguten.

Atxiloketak egiteko, neurrigabeko operazioa egin zutela salatu izan duzue.

Operazioaren berri askoz geroago izan genuen. Egin zuten prozesu guztia kontatu zigun abokatuak, eta harrituta geratu ginen. Lagun gehienei telefonoa konfiskatu zieten, eta txartelak klonatu zituzten. Ni ezer gabe atera nintzen kalera, eta ez zidaten telefonoa harrapatu. Hilabeteotako deiekin eta mezuekin zazpien arteko lotura egin zuten. Ikusi zuten bilatzen zuten profila ematen genuela.

Kontu korronteak ere aztertu zituzten. Lagun batek kanabera erosi zuela esan zuten; eta beste batek, berriz, bizarrak erosi zituela. Azkenean, zazpitik bi utzi zituzten kanpoan; gainontzekoen aurka dituzten frogak ikusi beharko ditugu, orain.

DNA proba egiteko ere eskatu zizueten.

Polizia etxean geundela izan zen. Listua uzteko eta DNA probak egiteko baimena eskatu ziguten, baina probari uko egiten ahal geniola esan ziguten; eskubidea genuela. Hori entzunda, zuzenean ezetza eman genuen. Azkenean, eginarazi zizkiguten, eta Bartzelonara (Herrialde Katalanak) eraman zituzten uztarketak egiteko. Kristoren dirutza balio du horrek.

Niri leporatzen zidaten Udaletxeko bulegoen teilatuan lo egin nuela. Eta defentsa egiteko kalean egon daitezkeen kameren irudiak eskatu genituen, justifikatzeko nik gau horretan lagun baten etxean egin nuela lo. Irudi horiek ez dizkigute pasatu. Haien mesederako mugitu dute dena.

Iruñeko Instrukzioko 2 zenbakiko Auzitegiko epaileak esan zuen ekintzak «arrisku larrian» jarri zituela plazan zeuden pertsonak, eta delitu zantzuak ikusi zituen.

Akusazioa horretan datza. Desordena publikoak eragin genituela diote, eta eskarmentua hartzeko edo, horrekin larriagotu nahi dute pena. Bi eskari daude gure aurka. Fiskalak bost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du, eta udalaren akusazioak, berriz, bi urtekoa. Baina, egiten diguten akusazioarekin, hiru eta sei hilabete bitarteko eskaria izan behako luke. Ekintza egiterakoan ikurrina erori zitekeela diote, eta, plazan jendetza zegoenez, izua hedatu zitekeela. Aitzakia horrekin luzatu dute zigorra. Baina, abokatuaren iritziz, gehiegizkoa da, eta ez du logikarik.

Asteazkenean duzue epaiketa Nafarroako Lurralde Auzitegian. Nola aurreikusten duzu?

Babes izugarria izan dugu hasieratik. Egin diren mobilizazio guztietan jende askok parte hartu du, eta jaso ditugun babes mezu guztiei esker, nahiko gogotsu joango naiz epaiketara, itxaropentsu. Tokatu izan zaigulako epaituko gaituzte. Baina gure ikurren eta ikurrinaren aurkako epaiketa izango da. Sinboloen Legearen aurka lan egiten dugun askoren kontrako jazarpena da. Horregatik, epaiketan gure defentsa egiteaz gain, ekinbidea bera defendatuko dugu. Ikurrina udaletxean zintzilikatzea ez luke delitua izan behar, ez du zentzurik. Horrek argi uzten du: sinboloen legea ez da legitimoa, inposatu digute. Ikurrinaren presentzia ekidin nahi dute nola edo hala.

Aurreko hilabetean, esaterako, Tokiko Ogasunen Legea moldatu zuten, eta Sinboloen Legea betetzen ez duten udaletako hautetsiak diru saririk gabe utziko dituzte.

Kasu asko daude Nafarroan. Herriaren borondatea haien gustukoa ez bada, egurra ematen diete herritarrei. Txupinazoan norberaren herriko bandera atera nahi duenari babesa ematen diot nik. Baina, egia da, herrialde batzuetako bandera ateratzeak ez duela inongo ondoriorik. Gurea den ikurrina ateratzearen aurka, berriz, gogor egiten dute.

Nola baloratzen duzu uztailaren 6ko ekintza?

Izugarria izan zen. Urte asko daramagu ikurrina Udaletxe plazara sartzen, eta sekulako trabak izan ditugu horregatik. 2010an izandako istiluengatik, adibidez, hiru urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu dute gazte bat. Pena ematen dit Nafarroako Gobernuaren lehentasunak zeintzuk diren ikusteak.

Mobilizazioa deitu duzue gaur eguerdirako.

Eguerdiko hamabietatik ordu bietara izango da, Udaletxe plazan. Trikitilariak, bertsolariak eta dantzak izango ditugu. Jai giroan guri babesa emateko aukera izango da, baita gure ikurren alde egitekoa ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela
Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...