Paola Damonti. Gizarte Laneko ikertzailea NUPen

«Askotan, pertsona bera da erasotzailea eta zaintzailea»

Urritasun fisikoak eta psikikoak dituzten emakumeek pairatzen duten indarkeria matxista ikertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko gizarte langileak: gizarte egitura patriarkalen ondoriotzat jo du.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2015eko azaroak 19
Erakundeek genero indarkeriari buruz ematen dituzten datu eta estatistika gehienetan, ikusezin bihurtzen dira sexu erasoen biktima izateaz gainera bestelako indarkerien jomugan diren emakumeak. NUPeko Gizarte Lan Departamentuko ikerlari Paola Damontik (Milan, Italia, 1984) emakume elbarrien errealitateaz hitz egin du Nafarroako Legebiltzarrean, Emakumeen Kontrako Indarkeriari buruzko I. Jardunaldien barruan.

Urritasun fisiko eta psikikoak dituzten emakumeen kontrako sexu erasoei buruz hitz egin duzu legebiltzarrean. Zein izan da zure abiapuntua?

Jardunaldi hauen ardatza emakumeen kontrako indarkeria izanik, ahulenak eta kalteberenak aipatu nahi nituen. Eta, zehazki, urritasunak dituzten emakumeak izan dira nire hitzaldiaren gai nagusia; finean, ahulenetan ahulenak direlako. Gaia kokatze aldera, testuinguru orokorra azaldu dut, eta, horren ostean, nire ikerketaren datuak eman ditut.

Loturarik al dago genero indarkeriaren eta elbarritasunaren artean?

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dut emakumeen kontrako indarkeria fenomeno orokortua dela, egiturazkoa. Gizartearen banaketa patriarkal bati erantzuten dio, eta hainbat faktorerekin erlazionatuta dago: genero desberdintasunak, gizonezkoen eta emakumezkoen rol banaketak... Hala ere, genero indarkeria ez dago bestelako bazterkeria eta injustizietatik bereizita. Klase sozialean oinarritutako desberdintasunak, arrazakeria edota urritasun fisiko edo psikikoak dituztenen kontrako tratu txarrak, esate baterako, genero indarkeriari lotuta ager litezke askotan.

Adibidez?

Adibidez, errefuxiatuak. Ez dira gauza bera hemengo klase ertain-altuko emakume zuriak eta paperik ez duten emakume errefuxiatuak. Iheslarien multzoaren barruan, askok pairatzen dute arrazari lotutako bazterketa, baina generoari lotutakoa ere bai. Eta urritasunak dituzten andreen kasuan ere antzeko fenomeno bat gertatzen da, guztiz kalteberak direlako.

Ezaugarri propioak al ditu elbarrien kontrako sexu indarkeriak?

Bai. Ikerketa honetarako, bikote harremanetan gertatutako indarkeria kasuak soilik aztertu ditugu, eta, horiei erreparatuta, jakin dugu indarkeria mota horrek ezaugarri bereziak dituela, erasoak jasateko arriskuari, erasoen tipologiari eta indarkeria horrek izan ditzakeen inplikazioei dagokienez. Horregatik da hain interesgarria eta beharrezkoa kasu horiek zehatz-mehatz ikertzea. Oro har, zera ondorioztatu dugu: urritasunak dituzten emakumeen kasuan bikotekideak emandako tratu txarrak ugariagoak direla, erasoak bortitzagoak direla, eta indarkeria horrek gehiago irauten duela.

Zergatik gertatzen da hori?

Aukera bat baino gehiago dago: elbarritasunak emakumea kalteberago bihurtzea eta, horren ondorioz, tratu txarrak ugaritzea; edota emakumeen elbarritasuna tratu txarren ondorio zuzena izatea. Hala ere, orain arte egin diren ikerketak oso orokorrak dira, eta ez digute aukera handirik ematen halako ondorioak ateratzeko. Datu kuantitatiboez gainera, datu kualitatiboak ere bildu behar dira horretarako. Jardunaldi hauek antolatu dituen Cermin erakundeak, esate baterako, abian du ikerketa kuantitatibo zabal bat, eta nire tesirako ere hainbat testigantza bildu ditut.

Eta zer antzeman duzu kasu horiek guztiak aztertuta?

Bada, denetarik ikusi dut. Alde batetik, oso gauza argia da urritasun fisikoa, askotan, indarkeriaren ondorio dela; baina, horrez gainera, elbarritasunetik eratorritako indarkeria kasuak ere ugariak dira. Batzuetan, urritasun fisiko edo psikikoak estresa handitu dezake bikote harremanetan, eta indarkeria kasuen ugaritzearen faktore bat izan daiteke hori. Dena den, horrekin ez dut esan nahi bortizkeria hori estresak eragindako kontua denik. Ezta hurrik ere! Faktore bat da, baina ez da bakarra, inondik inora. Badago beste azalpen bat, eta, nire ustez, kezkagarriena da: gizon batzuek emakume elbarriei erasotzen diete ahulagoak direlako. Ezin direlako babestu, eta ezin dutelako ihes egin. Kasu horietan, bikotekidea, zaintzailea eta erasotzailea pertsona bera izan ohi da.

Latza izanen da biktima horientzat infernu horretatik ateratzen saiatzea...

Izugarria da. Elbarritasun bat tartean sartu gabe ere, botere eta menpekotasun harreman kaltegarriak sortzen dira genero indarkeriaren kasu gehienetan. Bada, pentsa zer izanen den gurpil aulkian doan emakume batentzat bere erasotzailearengandik ihes egin nahi izatea.

Askotan, botere posizio hori baliatuko dute erasotzaileek ere, ezta?

Bai, hala da. Ikerketek erakutsi digutenez, biktimen ahultasuna zenbat eta nabarmenagoa izan, orduan eta ugariagoak izaten dira erasoak ere. Gizarteak eraikitako hesi guztiak birrintzen dira kasu horietan, eta erasotzaileek indarkeriaz jokatzen dute ahal dutelako; badakitelako euren ekintzek ez dutela zigorrik edo erantzunik eraginen. Zuzen-zuzenean esaten diote emazteari: «Alde egiten baduzu, nork zainduko zaitu? Nork aguantatuko zaitu?». Oso barneratua dute.

Errealitate horrek ez du toki onean uzten gure gizartea bera.

Tamalez, orokortua dago. Instituzionalizatua kasik. Biktimei ez zaie sinesgarritasunik aitortzen. Eskizofrenia duen andre batentzat, adibidez, ia ezinezkoa da tratu txarrak salatzea. Nork sinetsiko dio? Era berean, zaintzaileen gehiegikeriak onartuak daude hein handi batean. «Gizon gaixoa; etxean duen egoerarekin, normala da haserretzea». Zenbatetan entzun dugu horren gisako esaldiren bat?