Albistea entzun

Joseba Azkarraga. Soziologia doktorea EHUn

«Berriz hazteari ekitea 'Titanic'-en mus partida bat irabaztea bezala da»

Krisi sistemikoa dela-eta kooperatibismoak moldatu egin behar duela dio Azkarragak, Mondragon taldean ibilbide luzea duen teorialariak. Ekonomia ekologikoarekin bat egitea proposatu du, eraginkor izateko.
XABIER MARTIN / EZEZAGUNA

Xabier Martin -

2015eko urriak 18 - Donostia

Kooperatibismoaren geroa ikuspuntu kritiko batez azaltzen du Joseba Azkarraga EHUko Soziologiako doktoreak; ekonomia sozialari ez dio nahiko gaitasun ikusten egungo krisi sistemikoak aurrez aurre jarri dituen erronka guztiei erantzuteko. Mondragon taldean hamalau urte egin dituen teorialari horrek kooperatibismoa moldatzea proposatu du Euskal Herriko Unibertsitatearteko I. Kongresu Kooperatiboan, Donostian; ekonomia ekologikoa beste aldagai baten gisan gehitu beharrean, kooperatibismoak harekin bat egitea nahi du. «Mundu osoko ekonomia eredu sozial batez funtzionatuko balu ere, ez ginateke gai izango hazkunde ekonomikoak muga biofisikoekin izango duen talka saihesteko».

Azkarragak aho bilorik gabe azaltzen du hazkunde mugagabeko sistema ekonomikoak baliabide mugatuko naturarekin talka egingo duela; «ez da probabilitate kontu bat, baizik zenbakiek bermatzen duten egia bat». Eta, horri aurre egiteko, ekonomia sozialak —Euskal Herrian, Arrasateko kooperatibismoak batez ere— beste zerbait izan beharko duela dio, «urte askoan egon den elkartasun sozialaren oinarrien eztabaidatik harago».

Kapitalismoaren beste forma oldarkor eta bidegabeagoen aldean ekonomia soziala aberastasuna sortu eta banatzen duen sistema hobea izanda ere, ez da gai izango «zibilizazio krisiari aurre egiteko». Krisi klimatikoa eta krisi energetikoa nabarmentzen ditu Azkarragak, «azaleratzen den errealitate gordina, azken batean», eta gaur egungo «lurrikararen hipozentroan» jartzen ditu. «Mendebaldea epizentrora begira dago, ekonomia eta finantza krisira, alegia, eta begirada hori hipozentrora eraman beharko luke, benetako talkaren lekura, hondamendi ekologikoa gertatzen ari den lekura».

Fotosintesia eta ekonomia

Soziologia doktorearen ustez, 2008tik den krisi ekonomikoa gainditzeko «hazkundearen bidera itzultzeko eginahalak egiten» ari dira gobernuak, «azpitik gerturatzen den kolapsoa ahaztuta»; besterik gabe hazkundearen bidera bueltatzea, ordea, «Titanic-en mus partida bat irabaztea bezala litzateke». Hau da, planetaren baliabide mugatuak direla-eta aurrez aurre dagoen krisi askotarikoari —energetikoa, klimatikoa, zibilizazioena— begira jartzea ala epizentrora begira jartzea da dilema. Komikilari ezagun batek egunkari batean ateratako lana gogoratu du hori laburtzeko: «Gehiago kontsumitu ekonomia ez hausteko, baina gutxiago kontsumitu planeta ez hausteko».

Dilema horren erantzunarekin lotzen du Azkarragak kooperatibismoak beharko duen moldaketa ekonomia ekologikoarekin. «Hazkunde etengabearen sistemaren talka biolentoa ikusten ari gara. Garapen iraunkorraren izenean egiten diren politikak ez dira nahikoa, eta ekonomiaren eskala jaistea baino ez da geratzen». Azkarragak dio ez dela iritzia, «zenbakiek» bermatzen dutela talka hori datorrela. Garapen iraunkorraren politikak sustatzea epizentroan mugitzen jarraitzea da, haren ustez. «Fisikaren kontra goaz zuzen-zuzenean. Eztabaida honek goitik behera joko ditu ideologia guztiak XXI. mendean».

Baita ekonomia soziala ere, kooperatibismoa, eta hor jauzi kualitatiboa eskatu du EHUko irakasleak. «Ez dago ekonomiarik, ezta sozialik ere, fotosintesirik edota polinizaziorik gabe; hori bezain erraza eta konplexua da». Ekonomiaren hezkuntzan ez dela hori erakusten dio, kritiko, «ekonomia arazo horietatik aske ulertu ahalko balitz bezala». «Maila batetik aurrera frogatua dago hazkundeak ongizatea sortzeari uzten diola. Primitiboa da barne produktu gordina ekonomiaren osasuna neurtzeko erabiltzen jarraitzea».

Eskala txikitzeko erronka

Kooperatibismoak —Arrasateko ildoa espresuki aipatuta— ekarritako onura sozialak azpimarratu ondoren, Azkarragak nabarmendu du okerrak egin dituela, «gizarteek ez dutelako lebitatzen, ez daudelako mundutik deskonektaturik»; ekonomia ekologikoa, naturaren muga fisikoak kontuan hartzen duena «barneratu» egin behar du ekonomia sozialak, «krisi sistemikoari erantzun ahal izateko». Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren ideologoari baliabide fisikoen mugaren kontzeptuak ihes egin ziola dio soziologoak, baina gaineratu du «haren esanetan hipozentroan dauden arazoekiko kezka» sumatzen dela aldi berean.

Azkarragak badaki «zaila» dela Arrasateko buruzagiek hori guztia barneratzea, «baina ez bakarrik kooperatibistek, baita sindikatuek ere, adibidez». Hondakin gutxiago eragiteko ekonomiaren eskala fisikoa txikitzea nola eraman praktikara, horixe da katuari joarea jartzea. «Batzuek ulertzen dute; adibidez, ELAko buruzagiek ulertzen dutela badakit, baina fabrikara joan eta ez dakizu nondik hasi ere». Krisi larriak eskala hori txikitu duela agerikoa da, baina Azkarragak «murrizte ordenatua» aipatzen du, «ez politika neoliberalen bidez, horrek ezberdintasunak areagotu egiten dituelako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Aitor Biain

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Jokin Sagarzazu

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

ArcelorMittalek Euskal Herrian duen lantegi bateko altzairutegi elektrikoa ©Jon Hernaez (Foku)

Argindarraren kostua dela eta, Arcelorrek geldialdiak egingo ditu Olaberrian eta Bergaran

Jokin Sagarzazu

Multinazionalak jakinarazi neurria indarrean dela, eta ordu zehatz jakin batzuetan eteten ari direla ekoizpena.

Mahats biltzaileak uzta kamiora botatzen, Tierra upategiko Bastidako (Araba) mahastietan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Araban kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo arteko kostua du

Imanol Magro Eizmendi

Aldundiak aginduriko ikerketa baten ondorio nagusia da. Upategien eta mahastizainen arteko negoziazioetan langa hori ezar dadin nahi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna