Albistea entzun

Kepa Arrizabalaga. Athleticeko atezaina

«Nire bidea egin nahi dut. Kepa naiz, eta Kepa izaten jarraitu nahi dut»

Athleticen lehen taldera iristen azken atezaina izan bada ere, etorkizuna bakarrik ez, oraina ere bere egiten ari da ondarroarra. Deportivoren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan, Coruñan, eta Valentziaren aurka San Mamesen. Jose Angel Iribar eta gainerakoak ahaztuta, berea egin nahi du atezain gazteak.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2016ko irailak 28

Gazte hasiberriek ohikoa ez duten lasaitasunarekin erantzun ditu Kepa Arrizabalagak (Ondarroa, Bizkaia, 1994) kazetarien galderak. «Elkarrizketa asko dauzkadala azkenaldian? Bai, baina hala tokatzen da. Hobea da hori, inor zurekin ez gogoratzea baino». Lehen Mailan debuta egin berri du bizkaitarrak, baina urte askorako atezainaren traza hartu diote zale eta teknikari gehienek. Ligako jarduna bideratuta, Europa ligakoa iraultzeko erronka dauka orain taldeak.

«Ona dator Kepa, ona dator Kepa», eta iritsi da Kepa.

Bai... Gogotsu nengoen momentu hau iristeko. Urte askoan entzun izan dut nire izena denen ahotan, eta horrek nahastu egin zaitzake. Gogotik lan egin dut, kanpoan ibili naiz, eta aukera honi heltzeko irrika neukan.

Azken urteotan nola asmatu duzu «etorkizuneko atezaina» izendapenaren presioa barneratzen?

Ez da erraza, baina beti saiatu izan naiz zelaian egin beharrekoari soilik begiratzen; garrantzia nik egiten dudan horri ematen.

Ia umetan egin zenuen lehen denboraldi-aurrea Athleticen lehen taldearekin, 16 urterekin.

Hala da, bai. Oso goiz iritsi zitzaidan lehen aukera hura, baina bost urte igaro dira ordutik, partida asko tartean, eta utzita igarotako bi denboraldi. Hobetzen lagundu dit horrek. Beste futbol bat ikusten da kanpoan; hazi egin behar izaten da babesgunetik ateratakoan.

Dena onetik ari zara bizitzen orain, baina zalantzarik izan al zenuen Athletic B-n, Ponferradinan edo Valladoliden jokatu zenuenean?

Zalantzak sortzeko arrazoia baino gehiago, aukera bat sortzeko bidea izan da hori. Hiru urte neramatzan Athletic B-n, eta mesede egin zidaten utzita aritu nintzen bi denboraldiek. Garai hartan handiegia zen, agian, Athletic B-tik Athleticera arteko pausoa. Nire bidea egin behar izan nuen; Bigarren Mailara joan, urte eta erdian 60 bat partida jokatu...

Sasoi honetan jokatzen hasi, ligako lehen bi partidak galdu, Europan ere kale... Tentsiorik sortu al zen aldagelan?

Ez ginen ondo hasi, baina aurreko denboraldietan ere antzera ibili ginen, eta egoera iraultzea lortu genuen gero. Bagenekien denbora asko geneukala, eta berehala iritsi da erreakzioa, ligan lau garaipen errenkadan lortuta. Bolada hori baliatu behar dugu orain.

Gorka Iraizoz, Iago Herrerin eta Kepa Arrizabalaga. Hiru atezain taldean. Ez al da gehitxo denboraldi guztian orekari eusteko?

Arlo horretan, guk ezer gutxi daukagu esateko. Entrenatzaileak eta kirol zuzendariak pentsatu beharrekoa da hori. Haien erabakia errespetatu eta geure onena eman behar dugu guk. Ezin dugu besterik egin.

Egunerokoa, hala ere, tarteka ez da hain samurra izango, ezta?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar hiru atezainok, eta, onena ez bada, onenetakoa da Athleticen talde giroa. Lagun talde bat da gurea, eta oso giro ona daukagu.

Ernesto Valverdek zer esan zizuen denboraldi-aurrea hasitakoan?

Bi urteren ondoren, Athleticen lehen taldean gelditzeko gogoa neukan nik. Denboraldi-aurreari indartsu ekiteko itxaropena neukan, eta entrenatzaileak berehala hitz egin zuen hirurokin. Oso pozik nago emandako aukerarekin eta izaten ari naizen minutu kopuruarekin.

Rayo, Levante, Eibar... Aukera bat baino gehiago izan zenuen aurreko sasoian, eta honetan ere bai. Zurea izan da geratzeko erabakia, edo klubarena?

Oso argi neukan klubak hala nahi bazuen taldean geldituko nintzela. Haiek pozik zeudela esan zidaten, eta aukerari heldu nion.

Aurreko sasoian Gaizka Garitano izan zenuen entrenatzaile Valladoliden, eta, bitxia bada ere, Deportivoren aurka egin duzu debuta sasoi honetan, Garitano bera aurkariaren aulkian zela.

Hala da, bai. Hark ireki zidan Valladoliden atea, eta Gaizkarekin hitz eginda hartu nuen erabakia. Eta, bitxia bada ere, haren aurka egin nuen debuta Lehen Mailan. Aurretik aritu ginen hizketan, harreman polita daukagulako.

Athletic-Valentzia. San Mames ia lepo beteta. Eta Kepa Arrizabalaga atepean. Nola bizi izan zenuen San Mameseko debuteko partida? Hori bai berezia...

Ederra izan zen. Zelaia beteta, aurkari indartsua, lagunak eta familiako kideak harmailetan... Denbora askoan egon naiz momentu horren zain, eta gogotsu aurre egin nion partidari.

Zenbateko aldea dago Bigarren Mailaren eta Lehen Mailaren artean?

Mailak zerbaitegatik daudela esaten dut nik beti. Lehen Mailan oso bizkor ibiltzen da baloia, eta nabarmen gelditzen da hutsik txikiena ere. Munduko jokalaririk onentsuenak daude Espainiako Ligan, eta oso adi egon beharra dago jokaldi guztietan.

Aurkariren batek harritu al zaitu bereziki?

Ez ditut asko izan oraindik, baina Nasri Sevillakoak kalitate handia dauka, adibidez. Arsenalen eta Manchester Cityn jokatutakoa da, eta harritu egin ninduen daukan kalitateak.

Pisua edo ohorea, zer da Lehen Mailara iristerako Jose Angel Iribarrekin alderatzen hastea?

Ohorea, izugarria. Baina mitoa da Jose Angel, eta nire bidea egin nahi dut nik. Kepa naiz, eta Kepa izaten jarraitu nahi dut.

Ez da oso ohikoa 21 urteko atezain batek hainbesteko lasaitasuna helaraztea, zelaian bertan eta zelaitik kanpo.

Nahiko lasaia naiz izatez, eta saiatzen naiz zelaian ere lasaitasun hori helarazten.

Zer daukazu hobetzeko?

Dena. Guztia galtzen da hobetzeari uzten diozunean. Egunero saiatu behar da dena ematen, hobetzen.

Partidak grabatuta ikusi zalea zara?

Bai. Normalean, berriz ikusten ditut nire jokaldi guztiak, eta entrenatzailearekin ere aztertzen ditugu jokaldi jakin batzuk.

Zein atezaini begira egoten zinen umetan?

Ez dut miretsi izan atezain bakar bat. Denei begiratzen saiatzen naiz, eta bakoitzaren gauzarik onenak hartzen.

Hankak, erreflexuak eta burua hartuta, nola osatuko zenuke atezain perfektua?

Gaur egun, Ter Stegenen hankak hartuko nituzke; asko gustatzen zait nola jokatzen duen. Erreflexuak, Iker Casillasenak, momentu garrantzitsuetan agertzeko magia hori izan duelako beti. Horretan bakarra dela uste dut. Eta burua, agian, Victor Valdesena.

Eman dizuten aholkurik onena?

Lanik egin gabe ez dela ezer lortzen.

Porrota litzateke etorkizun hurbilean Athleticen arrakastarik ez lortzea?

Nahiago dut horretan ez pentsatzea. Egunerokoa bizi nahi dut, pausoz pauso.

Zein da Athleticekin daukazun erronka nagusia?

Titulu bat irabaztea.

Izan dituzu eskaintzak, eta izango dituzu aurrerantzean ere. Urduri jar daitezke zaleak...

Iritsi berria naiz; lau partida besterik ez dut jokatu oraindik, eta oso pozik nago hemen. Betidanik izan naiz Athleticekoa, eta gozatzen ari naiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia»

Julen Etxeberria

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».
Sherpa Ai binakako txapelketako finalistak, herenegun, aurkezpean. ©AITZIBER ARZALLUS / UROLA KOSTAKO HITZA

Xerpak, txapelaren bila

Jon Ander De la Hoz

Sherpa Ai binakako aizkolari txapelketa jokatuko dute gaur, Zestoan. Lau bikote ariko dira maila nagusiko finalean, eta hiru promoziokoan
Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan

 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...