Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Helburuak gero eta handiagoak dira, eta gero eta zailagoak»

Publizitatea

Kirola

Omar Fraile Matarranz. Txirrindularia

«Helburuak gero eta handiagoak dira, eta gero eta zailagoak»

Urte ederra izan da hau Omar Frailerentzat, tartean Giroko etapa bat poltsikoratu baitu. Baina ez du azken hitza esan, Vueltan parte hartuko du eta. Aho zapore onarekin utzi nahi du Dimension Data.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Behetik gora hasi zuen 2017. urtea Omar Frailek (Santurtzi, Bizkaia, 1990), eta Italiako Giroan zerua ukitu zuen, maisutasun handiz 11. etapa irabazita. Atseden hartu ostean, Dimension Dataren Vueltarako bederatzikoan da. Garaipen batekin agurtu nahi ditu taldekideak, datorren urtean Astanan ariko baita.

Giroan lortutako garaipenaren ostean, txirrindulari hobea zarela uste duzu?

Lasterketa txikiagoetan postu onak lortutakoa nintzen, baina itzuli handi bat, itzuli handi bat da. Giroan lortutako garaipenak itzuli handi batean irabaz dezakedala ikusarazi dit, eta konfiantza eman.

Hemendik aurrera zein egutegi duzu? Soilik Vueltan lehiatuko zara?

Vueltan aritu ondoren, Italiako klasikoren bat lehiatzea da ideia. Baina Vuelta ongi amaitzen badut, eta Espainiako hautatzaileak Munduko Txapelketarako deitzen banau, ilusio handiarekin joango nintzateke. Benetan gustatzen zait aurtengo ibilbidea.

Azken proben faltan, zein da aurtengo balorazioa?

Positiboa. Bizikleta gainean egin dudan urterik onena esango nuke. Espainiako Vueltan datorrena opari bat izango da niretzat. Halere, gogor lan egiten ari naiz, ahalik eta ondoena iristeko.

Nola doa prestaketa?

Ongi iritsiko naiz. Sasoia neurtzeko tresnak ditugu, eta aurreko urteko emaitzak eta aurtengoak alderatuta, balantzea positiboa da. Vuelta ona egin dezakedalakoan nago, baina egun batzuk itxaron beharko ditugu sailkapen nagusia argitzeko eta ni bezalako txirrindulariak, etapa ehizan ibiltzen garenak, lehian sartzeko.

Ez zara nagusiarekin ausartzen?

Ez. Errealista izan behar da. Sailkapen nagusian lehiatzeko erregularra izan behar duzu 21 egunez, eta modalitate guztietan abila izan. Ni ez naiz igotzaile peto-petoa, eta etapa menditsuetan denbora asko gal dezaket. Txirrindulari bakoitzak bere indarguneak ditu, eta horiei ahalik eta zuku gehiena atera behar zaie.

Zein helbururekin irtengo zara?

Etapen bila irtengo naiz. Azkenean, etapen bila ihesaldietan sartzen bazara, mendiko elastikoa bakarrik etortzen da.

Nolakoak izan dira bi urte hauek Dimension Data taldean?

Esker oneko hitzak besterik ez ditut. Bi urte oso on bizi izan ditut Dimension Datan. Haiei esker izan dut World Tourreko talde batera jauzi egiteko aukera, eta oso ongi portatu dira nirekin. Talde handia da, eta giro ederra dago barnean. Ez zitzaidan axolako etorkizun batean itzultzea.

Talde kontinental batetik zentozen, Caja Ruraletik. Orain, perspektiba handiagoarekin, nolakoa izan zen jauzi hori?

Kontinental mailan, Itzulian, Donostiako Klasikoan eta Vueltan lehiatzen zara, baina, World Tourrean, urte guztian erritmo handian lehiatzen zara. Egutegia gogorragoa da. Horregatik, nahiz eta lehen urtean gauza politak egin, maila berrira erabat egokitu gabe nengoela sumatzen nuen. Aurten, ordea, eroso sentitu naiz.

Taldera ongi moldatu zinen?

Denak egoera berean geunden: etxetik urrun, senitartekoak ikusi gabe... baina elkarren konpainia genuen, eta txirrindularion arteko giroa oso ona da. Zorte hori dugu txirrindulariok. Horregatik, erraz eta ongi moldatu nintzen taldera, eta oso pozik nago.

Zer izan da onena?

Bai kontzentrazio eta bai lasterketetan ongi pasatu dudala. Ongi pasatzen duzuenean, emaitzak onak izaten dira.

Eta txarrena?

Lesioak. Une gogorrak dira, eta sasoiko zaudenean baloratzen jakin behar da.

Eta orain Astana.

Oso pozik nago. Aldaketa handia da, baina ongi antolatutako taldea da Astana. Nire aukerak izango ditut, baina lan egitea ere egokituko zait. Horrek ere motibatzen nau: denetatik apur bat egin behar izatea txirrindulari gisa hazten jarraitzeko.

Zein lan izango duzu?

Nire aukerak izango ditut, baina beste egun batzuetan lan egin beharko dut. Ez da morroi lanetara noala soilik edo ez. Bakoitzak bere lasterketak izango ditu, eta egokitzen ez denean, lan egin behar da. Eta nik gustura egingo dut lan.

Taldeaz zer espero duzu?

Talde handia da, World Tourreko handietako bat, eta aukera ona da hazten jarraitzeko eta nire maila gorenera iristeko.

Dimension Datan egindako bi urte onen ondoren, zuzendariek gehiago eskatzen dizute?

Emaitza onak pilatzen zoazenean, normala da zuzendariek gehiago eskatzea. Ondorioz, helburuak geroz eta handiagoak dira, eta geroz eta zailagoak. Baina hori da entrenatzen jarraitzeko motibazioa. Ni ez naiz konformatzen, erronkazalea naiz, eta zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto.

Hitz egin duzu Pello Bilbaorekin?

Lagun ona da, eta, Astanara joateko pausoa ematean, harekin hitz egin nuen, eta hark animatu ninduen. Ona da taldekide bat etxetik hurbil izatea. Gainera, Pellok eta nik antzeko egutegia izango dugu segur aski.

Bilbao Igor Antonengatik aldatuko duzu.

Igorrekin bi urte eder pasatu ditut, baina halakoa da kirola. Halere, entrenatzen jarraituko dugu, tropelean elkar ikusiko dugu, eta lagun izaten jarraituko dugu.

Datorren urtean jauzia emango duen beste bat Murias da. Kontinental Profesional mailan lehiatzeko prestatuta ikusten duzu?

Euskal txirrindularitzak behar du Kontinental Profesional mailako talde bat. Orain arte harrobi lana egin dute, eta eskertzekoa da. Baina hemendik aurrera zerbait gehiago behar dute. Orain talde gazteegia dute, baina Itzulian, Klasikoan eta Vueltan lehiatuko dira, eta maila bermatuko txirrindulariak behar dituzte; Jon Aberasturi eta Egoitz Fernandez, adibidez.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak