Albistea entzun

Oscar De Marcos. Athleticeko jokalaria

«Athletic dut gustuko, eta ez dut pentsatzen beste taldeetan»

Denboraldi bikaina egiten ari da eskuin hegaleko atzelaria, eta, berriro ere, Ingalaterrako Ligako taldeen interesa piztu du. Athleticekin tituluak irabaztea du, ordea, ametsa. Europa liga dauka begiz jota.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Haritz Gallastegi -

2016ko apirilak 1 - Bilbo

Jokalari nekaezina da Oscar De Marcos (Guardia, Araba, 1989). Aurrera eta atzera ibiltzen da partida guztietan. Sekula ez du amore ematen. Eta energia hori talde guztira zabaltzen du. Jokalari baloratua da taldekideen zein zaleen artean. Eredua. Marcelo Bielsaren lehen urtean gertatu legez, aurten ere talde askoren interesa piztu du. Baina De Marcosek berak argi ditu gauzak: ez du Athletic utziko.

Denboraldiaren azken txanpa erakargarria da Athleticentzat. Ligan Europarako sailkatzeko lehian zaudete, eta Europa ligan final-laurdenak hastear daude.

Ezin dugu eskatu askoz gehiago. Oso egoera onean gaude. Baina geratzen zaizkigun erronkak gogorrak dira. Ea maila ona ematen dugun.

Zer lortuta emango zenuke ontzat denboraldia?

Badakizu ni baikorra naizela oso. Europa ligako finala jokatu gura dut. Ilusio handia daukat. Ligan ere ondo kokatuta gaude, eta ezin dugu lo hartu. Lehenik, Granadaren aurkako partidan pentsatuko dugu, eta gero helduko diogu Sevillaren aurkako erronkari.

Beraz, zuk Europa ligari ematen diozu lehentasuna.

Bai. Final-laurdenetan gaude. Sevilla kanporatzeko gai bagara, oso gertu egongo da helburua, eta horrek indarra emango digu. Baina liga ez dut alboratu gura.

Zenbateko aukera dauka Athleticek Sevilla, Europa ligan garaiezina dirudien taldea, mendean hartzeko?

Kanporaketa parean dago: %50ean. Guk badakigu zer egin behar dugun Sevilla estu hartzeko. San Mamesen ondo moldatu izan gara euren aurka. Hala ere, gaitza izango da.

Athletic sasoi honetan ematen ari den maila ez da kasualitatea. Urteak daramatzazue lan ona egiten. Puntako taldea zarete.

Nik zazpi urte daramatzat Athleticen eta bost aldiz lehiatu gara Europan. Klubean asko egin behar da atzera antzeko urteak gogoratzeko. Talde ona daukagu eta hurrengo urteetan ere bide beretik jarraitu gura dugu.

Errematea falta da, baina, azken pausoa. Gabarra ateratzea falta zaio belaunaldi honi.

Lor dezakegula uste dut. Ziur naiz erretiratu aurretik lortuko dugula. Gerturatzen ari gara. Zorte apur bat falta zaigu une erabakigarrienetan.

Futbola globalizatu egin da, eta horrek zaildu egin du Athleticen lana. Baina taldea erantzuten ari da. Gozatzen ariko zara, ezta?

Asko. Gainera, taldekide batzuek gu ailegatu aurretik sufritu zutenaren berri ematen digutenean, bizitzen ari garena baloratzen ikasten dugu.

Defentsaren eskuin hegalean egonkortu zara. Valverdek atzeratu zintuenean ez zeunden oso gustura, baina ez dirudi postu txarra denik zuretzat.

Agintzen didatena egiten ahalegintzen naiz ni. Egokitu beharra dago. Jokatzea gustuko dut. Gustura nabil.

Teknikaria oso gustura dago ematen ari zaren mailarekin. Zure jarrerak eta indarrak taldea bultzatzen duela adierazi du.

Nire lana egiten ahalegintzen naiz. Nire jokatzeko era da. Orain arte gorputzak oso ondo erantzun dit, eta hori baliatzen ahalegintzen naiz. Indarra daukadanean energia hori aprobetxatzen dut taldekideei arnasa apur bat emateko.

Dagoeneko kendu duzu burutik erdilari aurreratu postura bueltatzea?

Valverderekin ez dut postuz aldatuko. Hiru urte daramatza Athletic zuzentzen, eta atzean zelairatu izan nau hasieratik. Postua ezagutzen dut. Baina inork ez daki zer gertatuko den aurrerantzean.

Andoni Iraolaz inor ez oroitzea lortu duzu. Ez da lorpen makala!

Iraolarekin alderatzeko urte askoan eman beharko dut maila ona. Egun oso gustura ari naiz, baina nik orain arte eskaini dudana baino gehiago egin zuen Iraolak. Eredua da, eta hark hasitako bideari jarraipena ematen ahaleginduko naiz. Zaleak ez badira beretaz oroitzen, denon onerako izango da.

Irakurri duzu azken egunotan hedabideetan agertu dena?

Irakurri ez, baina zerbait komentatu didate.

Chelsea eta Manchester United zu fitxatzeko prest omen daude.

Polita da, baina, batez ere, lan ona egiten ari naizela adierazten du. Baina Athletic dut gustuko, eta ez dut pentsatzen beste ezertan.

Zuri edo zure inguruari heldu zaio interesaren berririk? Zuengana hurbildu da klub horietako ordezkariren bat?

Ez. Albistearen berri izan dugu, baina inor ez da etorri guregana.

Beti argi esan izan duzu ez daukazula asmorik Athletic lagatzeko. Sekula ez duzu duda egin?

Ez. Erabaki guztiak errespetatzen ditut, eta ulertzen ditut bestela pentsatzen duten futbolariak. Baina nik beti izan dut argi zer gura dudan. Beste gauza batzuk baloratzen ditut. Athleticen dauzkat aintzat hartzen ditudan gauzak.

Zer gauza dira horiek?

Lehenik eta behin, gertu ditut familia zein lagunak. Bigarrenez, taldekide bikainak ditut. Athleticekin txapelketak irabaztea da nire ametsa. Horrek ez dauka parekorik. Gurago dut Athleticek zerbait irabazteko borroka egitea, beste klub batean hamar titulu irabaztea baino. Elastiko zuri-gorriarekin irabazi gura dut nik.

Arabarra zara, baina Bilbo erdiko lagun batek ere ez zuen hobe islatuko sentimendu zuri-gorria.

Bai. Beste jokalari batzuek ere nik esaten ditudan gauza bertsuak esaten dituzte. Athleticeko jarraitzailea izan naiz umetatik. Beraz, ez zait asko kostatzen hori esatea. Gurpegi, Iraola eta Adurizi begiratzen diet eta eurek bizi izan dutena bizi gura dut nik ere.

Taldeko liderretako bat zara?

Ez dakit. Pisu handia duten jokalariak daude Athleticen: Aduriz, Muniain, Gurpegi, Susaeta... Ezinbestekoak dira zelai barruan zein kanpoan. Dena dela, normala da urteak pasatu ahala ardura hartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia»

Julen Etxeberria

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».
Sherpa Ai binakako txapelketako finalistak, herenegun, aurkezpean. ©AITZIBER ARZALLUS / UROLA KOSTAKO HITZA

Xerpak, txapelaren bila

Jon Ander De la Hoz

Sherpa Ai binakako aizkolari txapelketa jokatuko dute gaur, Zestoan. Lau bikote ariko dira maila nagusiko finalean, eta hiru promoziokoan
Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan

 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.