Manex Agirre. Arabako bertsolari txapelduna

«Bertsotarako gai naizela egiaztatzeko balio dit txapelak»

Larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketako finala bukatu berritan zuena baino sentipen «hobexeagoa» zuen atzo Manex Agirrek finalaz, «luze eta ondo» joan zen ospakizunaren biharamuna igarota.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko martxoak 24

Manex Agirrek (Aramaio, 1982) bigarrenez jantzi zuen Arabako Bertsolari Txapelketako txapela larunbateko finalean. Iñaki Viñasprerekin jokatu zuen buruz burukora arte «tenple onean» jardun zuen. Bakarkakoekin du arantza: «Ez nuen jakin gaia entzunda burura zetorkidana ondo tolesten». Dena den, «konpongarria» dela espero du. «Ideiak baldin badaude, hori da abiapuntua eta oinarria», esan zuen atzo.

Lasai hartu omen duzu txapela, baina txapeldun zinela jakin zenuenean pozarren antzematen zitzaizun…

Bai, poza oso handia da, oso sentipen atsegina da. Hori ezin da ukatu. Hala ere, bigarrena izanda, beti alderatzen duzu lehenarekin. Lau urte igaro dira lehenetik, baina oraindik oso bizi daukat. Niretzat, lehen txapela izan zen askatze moduko bat. Nire bertso ibilbiderako aukeratutako helburua nuen. Ez nuen nahitaez lortu beharreko helburutzat, baina horren bila ari nintzen. Bigarren honek ez du hori betetzen.

Orduan, bigarren txapel honek zein esanahi du?

Duela lau urtetik hona, bertsoekin askotariko harremanak izan ditut. Irabazi gabe ere jarraituko nukeen bertsotan eta bertsoekin oso harreman estua izaten, baina bertsolaritzarekin harreman estuan jarraitzeko pauso bat da, autokonfiantzarako txute handi bat. Plazan egoteko beste modu bat eskaintzen dit.

Konfiantza falta zenuen?

Duela lau urtetik hona askotariko harremanak izan ditut bertsoekin. Tartean, eten bat ere egin dut. Pentsatzen dut eten horrek eragin duela horretan. Zertarako gai naizen galdetu izan diot neure buruari. Balio dit egiaztatzeko bertsotarako gai naizela.

Zerk bultzatu zintuen etena egitera?

Aurreko Arabako txapelketaren ondoren, Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu nuen. Bertso saioekin jarraitzen nuen aldi berean, eta nekatu egin nintzen. Bertso saioetarako deitzen zidaten, eta batzuetan baiezkoa gogo barik ematen ikusten nuen neure burua. Hori ezinezkoa da. Arrazoi nagusia gogo falta hori izan zen. Urte eta erdi izan zen, eta eskertu nuen. Txapelketa hau bertsolaritzari berriz heltzeko abiapuntu gisa jarri nuen.

Lehen finalaurrekoan oso goitik hasita, txapelketa gorabeheratsua egin duzu. Egunek baldintzatu dute zure jarduna?

Bertsolari segurua naizela iruditzen zait, baina segurtasun horren barruan gorabeherak izaten ditut. Ez naiz akordatzen inoiz txapelketa biribil bat egin izanaz. Nahiz eta tenple eta egun onarekin egon, beti ez dut asmatzen. Horrek bi ondorio izan ditzake: bata, saio guztian azpitik joatea; edo, bestela, zenbait unetan goia jotzea. Txapelketan hala gertatu da: lehenengoan, goian; bigarrenean, behean; eta, hirugarrenean, gora eta behera.

Finalisten artean inoiz baino gertutasun handiagoa izan duzue?

Finalean, bertsolaritza eta, bereziki, txapelketa ulertzeko oso era antzekoa dugunok egin genuen topo. Horrek eragin zuen gertutasun hori. Beste final batzuetan egon da desberdintasunik jarreretan. Nik penaz hartu dut iritzi desberdineko jende horien arteko batzuk txapelketan ez egotea, euren jarrera hori defendatzeko. Pena ematen dit Arabako bertsolaritza zaku handi eta irekia delako, eta denok gaudelako zaku horretan.

Nortaz ari zara?

Falta izan dira orain arte parte hartu izan duten batzuk: Asier Otamendi, Juan Mari Juaristi, Rikardo [Gonzalez de Durana] eta Serapio [Lopez] ez dira egon. Txapelketak lege batzuk dauzka, eta, lege horiek onartu ezean, ez duzu bertan lekurik. Txapelketa honek erakutsi du benetan txapelketa serioa dela eta parte hartzeko moduko txapelketa dela.

Txapelketa aurkeztean, azaldu zenuten kalitatean egingo zenutela apustua. Ez da arriskutsua txapelketaren aurretik kalitateaz hitz egitea?

Bai, badauka bere arriskua. Txapelketa erdi blokeatuta ikusten genuen, eta aipatu genuen ahalegin hura, kalitatea handitzen saiatzekoa, horren barruan ikusten dut. Agian ez da hitzik egokiena: agian, gehiago da norbera bere gaitasuna erakusten saiatzea edo aukera handiagoa ematea norbera izaten erakusteko. Izan ere, ez da oso erraza jakitea zein den bidea kalitate hori lantzeko.

Kalitatea ariketa zorrotzago batzuekin ere lotu duzue…

Bere kontraesana du horrek, eta bere zentzua ere bai. Denon artean hartutako erabaki bat izan zen. Doinu luzeagoak eta zorrotzagoak izanik, jendeak horren aurrean nola erantzuten zuen ikusi nahi genuen. Oraindik goiz da ondorioetarako, baina nik uste dut batzuek asmatu dugula eta beste batzuek ez. Norbanakoaren papera sartzen da erabat: zein gogo jartzen duzun txapelketan, zenbat entrenatu zaren, zenbat landu duzun…

Bertso ekosistemak hartu zenituen gogoan agurrean. Beharrezkoak dira Araban?

Gazteei zuzendu nintzaien. Arabako bertso eskolak oso tipologia interesgarrikoak dira: oso dinamikoak, oso parte hartzaileak eta herrigintzan ere ari dira bertso-eskolatik kanpo ere. Hori da bertso eskolek duten ezaugarrietako bat Araban: euskaraz herrigintza egiteko oso modu eraginkorra dira. Belaunaldi gazteak asmatzen ari dira horretan.

Bertsolari gisa, nabari duzu Araba soziolinguistikoki aldatzen ari den?

Ez dut helduagoek duten perspektibarik, baina garai batean bertso saio bat zer zen ez zekiten herri batera joan, kantatzen hasi eta entzulerik ez egotea gertatzen zitzaidan. Hori egun ez da gertatzen: orain jendeak badaki zer den bertsolari bat, bertso saio bat... eta bertsozaleak ere geroz eta gehiago dira. Oso zaila da hartzaile bako saio batekin topo egitea.

Jendea ezagutzea omen da bertsotarako motibazio handienetako bat zuretzat...

Ekarpen handienetako bat hori da. Araba bertsoei esker ezagutzen dut. Gure funtzionamendua ez da kantatu eta alde egitea. Asko ikasten duzu horrela, eta asko aberasten zaitu horrek: jende berezia ezagutzen duzu, basamortuan profeta izan barik lanean dabilen jendea ezagutzen duzu...

Txapelak beste herrialdeetan gehiago kantatzeko aukera ematea nahiko zenuke?

Bai, zergatik ez... Gure publikoari kantatzera oso ohituta gaude, eta beste publiko batengana iristea estimatzen dudan zerbait da, nahiz eta hori batzuetan deserosoa izan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna