Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Gizon bat preso, sanferminetan adingabe bat bortxatu zuelakoan

Publizitatea

Gizartea

Gizon bat preso, sanferminetan adingabe bat bortxatu zuelakoan

Donostian eraso egin diotela salatu du andre batek, eta protestara deitu dute. Gasteizen eraso homofobo bat salatu dute, aurtengo laugarrena
Erasoen aurkako elkarretaratze bat, sanferminetan, Iruñean.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARP

2017-09-13 / Erredakzioa

Gizon bat espetxeratu egin dute joan den uztailean Iruñeko sanferminetan adingabe bat bortxatu zuelakoan. Eraso egin ziotela salatu zuen emakume batek joan den uztailaren 14an, jaietako azken egunean; 15 urte ditu neskak. Espainiako Poliziak egin du ikerketa, eta 30 urteko gizon bat atzeman du erasotzailea delakoan. Arrosadian gertatu zen erasoa, eta inguruko segurtasun kamerek grabatutako irudien bidez lortu dute gizona atxilotzea, Poliziak azaldu duenez. Instrukzioko epaileak agindu du behin-behinean kartzelara sartzeko gizona.

Beste eraso salaketa bat izan da asteburuan Donostian. Larunbat goizaldean eraso egin ziotela salatu du emakume batek, Ertzaintzak baieztatu duenez; ikerketa zabalik dute. Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du, erasoa gaitzesteko. Andrearen esku jarri ditu udalaren zerbitzuak. Berdintasunaren alde lanean segitu behar dela nabarmendu du udalak: «Beharrezkoa da azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela». Sexu erasoa salatzeko, protestara deitu du: bihar egingo dute bilkura, eguerdian, Alderdi Ederreko lorategian.

Eraso homofobo bat

Gasteizen ere izan da beste salaketa bat. TransBolloMarika taldeak jakinarazi du joan den abuztuan, jaietan, eraso homofobo bat pairatu zuela gazte batek. Erdialdeko kale batean jo zuten, eta aurpegia «nabarmen markatuta» utzi zioten. Taldeak ohartarazi du, gainera, eraso hori gertatu zen lekuan «etengabe» jasaten dituztela irain homofoboak. Azaldu du hainbat erakunderen egoitzak daudela inguruan: «Kamerek, poliziek eta segurtasun indarrek erabat zaindutako eremua da». Horregatik, ardura hartzeko eskatu die instituzioei. Erasoa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur iluntzean, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

TransBolloMarika taldeak jakinarazi du aurtengo udan horrelako lau erasoren berri izan duela, eta salatzeko laguntza eskaini du.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak