LOMCEren ezarpena atzeratzea nahi du orain Nafarroako Gobernuak
Epeak bete behar direla esan du Madrilek

Bidelagun, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren bidelagun aritu da Nafarroako Gobernua orain arte. LOMCE hezkuntza erreforma erabat ezarri du aurten Lehen Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Izatez, UPN da erreformaren kontra agertu ez diren alderdi bakanetako bat. Orain, ordea, jarrera aldatu du Jose Iribas kontseilariak: Bigarren Hezkuntzako ezarpena atzeratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Era horretan, LOMCEren kontra ari diren erkidegoen mezuarekin bat egin du Nafarroak. Madrilek ez du jarrera aldatu, halere: epea nahitaez bete behar dela erantzun du.
Erreformaren egoera aztertzeko bilera egin zuten atzo Hezkuntza Ministerioak eta erkidegoetako arduradunek. Mahai gainean, bi gai nagusi: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculuma, eta Lehen Hezkuntzan egin beharreko proba orokortua 9 urteko haurrei egingo diete. Jose Ignacio Wert ministroa bileran izan zen, baina ondorengo agerraldian ez zuen parte hartu kazetariei izkin egiten ari zaie azken hilabeteetan.
Iribas kontseilaria ere ez zen aritu hedabideen aurrean, baina Montserrat Gomendio Estatu idazkariak bileraren berri ematean jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuak LOMCE atzeratzeko eskatu du. Aldaketa handia da hori, orain arte epeak erabat bete baititu UPNren gobernuak. Erkidego batzuen argudioa da Madrilek berandu argitaratu dituela edukiak orain bi aste, eta astirik ez dutela irailerako osatzeko. Gomendiok erantzun die Ceuta eta Melillarako egingo duela ministerioak curriculum osoa, eta hori erabil dezaketela erkidegoek.
Jaurlaritza, auzitegietan
Ez du atzerapenik eskatu Jaurlaritzak: LOMCE bera bertan behera uztea galdegin du Cristina Uriarte sailburuak. Auzitegietako bidean jarraitzeko asmoa du Gasteizko gobernuak: DBHko eta Batxilergoko curriculumei helegitea jartzea aztertzen ari da. Uriartek berretsi du elkarlanean ari dela hezkuntzako eragileekin LOMCEren «alderdi negatiboak» saihesteko.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.