Barakaldoko baratze okupatuko inputatuak usurpatzea ukatu du
Usurpatzea egozteko, jabeak orubetik joateko eskatu behar du
Ordubete pasatxo igaro zuen atzo Javier Marques Ekologistak Martxan taldeko kideak Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiko epailearen galderak erantzuten. «Baikor» atera zen. 2014ko udan Barakaldoko (Bizkaia) Lutxana auzoko Serralta inguruan abandonatuta zegoen lursail bat okupatu zuen taldeak, garbitu, txukundu eta hiri baratzeak sortzeko. Marques zen programaren arduraduna, eta hura da auzian ikertuko duten bakarra. Usurpatze delitua egin duen ikertzen ari da epailea. «Jabeek lursaila utzi behar genuela esan ote ziguten galdetu dit, eta nik argi eta garbi erantzun diot ezetz». Hori da usurpatzea egozteko Espainiako Zigor Kodeak jasotzen duen baldintzetako bat. «Identifikazio eske etorri ziren ertzainak baino ez dira handik igaro».
Orubea norena den ere ez du oso argi Marquesek. «Serralta Parkearen Exekuzio Unitatearen Batzordeak salatu omen gaitu, eta jakin dugu batzorde horretan hainbat enpresa eraikitzaile daudela». Besteak beste, Sareb Espainiako bankuen aktibo toxikoak kudeatzeko sortu zen bankua eta Eretza Barakaldoko udal etxebizitza enpresa dira kideetako bi. Orube horretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua dago. Marquesek ez daki publikoa, pribatua edo zati bat pribatua eta bestea publikoa den. Proiektua martxan noiz hasiko den ere zehazteke dagoela azaldu du.
Lursaila okupatu aurretik orduko udal gobernuarekin egin zuten berba, hiri ortuen programa azaltzeko. Ingurumen zinegotziarekin bildu zirela gogoratu du Marquesek. Baina ez zuten ez babesik, ez aurkako jarrerarik jaso. «Udalak eman digun erantzun bakarra salaketa hau izan da. Antza denez, aurreko alkatearen [Alfonso Garcia sozialista] ideia izan zen gu salatzea». Iazko hauteskundeetatik sortutako gobernuarekin ere bildu dira. Ortuen proiektua azaldu diete, eta salaketaren berri ere eman diete. «Guk esan arte ez dute jakin udalak sustatuta salaketa ipini digutenik». Hiri baratzeen inguruan ez dute ezer adostu. Baina Ekologistak Martxan-eko kideak prest daude lursailaren jabeekin eta udalarekin behar beste negoziatzeko. «Etxebizitzak eraikitzen hasi arte ortuak lantzen jarraitu nahi dugu. Nahi genuke udalak gehiago sortzen laguntzea».
Erakunde publikoek halako egitasmoekiko duten jarrera salatu du Marquesek. Kontraesana iruditu zaio herri mugimenduek sortzen dituztenean aurkako jarrera agertzea, baina NBEk iaz Milanen (Italia) Hirietako Elikagaien Politikaren Ituna sustatu zuenean Bilbok sinatu eta hiri ortuen sarean sartu izana.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.