«Identitate propiodun subjektu» bihurtzeko bidea hasi du EH Bilduk

Akordioa sinatu dute Sortuk, EAk, Aralarrek eta Alternatibak EH Bildu «berritzeko». Prozesua ekainaren 17an amaituko da, kongresu batean
Otegi, Urizar, Ubera eta Matute, Iruñeko ekitaldian, atzo.
Otegi, Urizar, Ubera eta Matute, Iruñeko ekitaldian, atzo. ANDONI CANELLADA / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Naiara Elola -

2017ko apirilak 2

Beste pauso bat emateko garaia iritsi dela argudiatuta, duela bost urte Bildu sortzeko aintzat hartutako printzipioak berritzea adostu dute EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdiek, Sortuk, EAk, Aralarrek eta Alternatibak. Akordioa atzo aurkeztu zuten, Iruñeko Baluarte jauregian. EH Bilduk «koalizio izaera» gainditu eta «identitate propioa duen subjektua» izatea nahi dute lau alderdi horiek. Berritze prozesua ekainaren 17an amaituko dute, Gasteizen, kongresu batekin.

Etorkizunera begira jarri diren arren, orain arte egindako akatsak onartu dituzte EH Bilduko kideek. 2011. urtean ekindako ibilbidearen balantzea «positiboa» dela jakinarazi dute. Hala ere, autokritika egiteko ere baliatu dute lau alderdiek adostutako ituna. Bertan jasotzen denez, bost urteko ibilbidean «hutsegite politikoak» eta «barne kudeaketan akats nabarmenak» izan dituzte. Dena den, Euskal Herrian izan diren gertakari politiko nagusietan «lehen mailako eragile» izan direla aldarrikatu dute.

Biharko konpromisoak

Bi konpromiso jasotzen ditu EH Bildu osatzen duten lau alderdietako ordezkariek Iruñean sinatutako akordioak. Lehenengoa, EH Bildu «identitate eta militantzia propiodun subjektu politiko, ireki, inklusibo, parte hartzaile eta erabat demokratiko» bilakatzea, kide diren alderdien «autonomia eta identitatea ezertan galarazi gabe». Izan ere, diotenez, koalizioa sortu eta osatzen duten alderdiez haragoko espazio politiko gisa sendotu da EH Bildu; alderdien batura baino zabalagoa dela irizten diote.

Hala dio bigarren konpromisoak: «Estatu propioa eta sozialki aurreratua eraikitzera bideratuko den prozesu subiranista diseinatzea, eta hala nahi duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiekin batera gidatzea». Izan ere, Eskozian eta Katalunian dagoen «subiranotasun boladak» Euskal Herrian ere beste aukera bat zabaltzen lagunduko duelakoan daude. Ireki den «leiho» hori profitatu nahi du EH Bilduk.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Mirentxin gidarietako boluntarioek gidatzen dituzte furgonetak. ©NAGORE ARIN
Azken porturaino

AZKEN PORTURAINO

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak bisitatzera joateko, milaka kilometro egin behar izaten dituzte haien senide eta lagunek. Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia baten kronika da hau.
Sare Herritarrak atzo Donostiako Kontxa hondartzan eginiko mosaikoa. ©SARE

Olatu bat konponbidearen itsasertzera

Jon O. Urain

Sarek deituta, 600 lagunez osatutako mosaiko bat eratu dute Donostian. Espetxe politika aldatzeko eskatu dute
 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna