Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Urteotan, pentsatu izan dut bazela garaia Kontxa irabazteko»

Publizitatea

Kirola

Unai Etxeberria. Orioko arraunlaria

«Urteotan, pentsatu izan dut bazela garaia Kontxa irabazteko»

Etxekoa, harrobikoa eta oriotarra izanda, lehen aldiz Kontxa irabazi izanak Unai Etxeberriari sortu dion pozak ez dauka neurririk, are gehiago klubaren azkenaldiko bolada txarra bertatik bertara bizi ostean.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-09-13 / Aitor Manterola

Eztarria urratuta, baina hizketan erraz aritu da Unai Etxeberria (Orio, Gipuzkoa, 1988), Orioko arraunlaria. Poza eta emozioa nabari zaio oraindik.

Oriotarra izan, eta Oriorekin Kontxa lehen aldiz irabazi duzu.

Dagoenik eta handiena da. Hitzik ez daukat azaltzeko zer den.

Bandera irabazi eta segituan, zer etorri zitzaizun burura?

Dena etortzen da burura. Klubean igarotako denbora guztia, une txarrak, une onak, egindako sakrifizio guztia... Hori dena poz bihurtzen da.

Tokatu izan zaizu azken boladan Orioren aldi txarrena bizitzea, eta horrek ematen dio beste zerbait Kontxa irabazi izanari?

2008an sartu nintzen lehen taldean; hasieran ordezko, eta gero titular. 2010ean, Kontxako bigarren igandeko azkarrenak izan ginen, baina, gero, taldearen erdiak utzi egin zuen, eta, 2011n, TKEtik KAE 1era jaitsi ginen. Neure buruari erronka jarri nion jaitsi egin nuen bezala, kluba igo egin behar nuela, eta, urtebetean, liga nagusian ginen berriz. TKE ligan gabiltza 2012tik, eta kostata, baina, azkenean, heldu da Kontxa.

Etsiak jota zeunden ez zenuela sekula irabaziko Kontxa?

Etsiak jota banengo, ez nuen arraunean segituko. Baina pentsatu dut noiz iritsiko zen nire momentua, garaia baitzen. Nahi edo ez, buruan izan dut beti Oriok zenbat aldiz daukan irabazita Kontxa, eta baita zenbat denbora pasatu den ere azkeneko bandera irabazi zenetik, eta aurten hamargarrena izango zen. Hori dena buruan izanda, banuen gogoa irabazteko.

2007tik irabazi gabe egoteak sortu dizue presioa urteotan?

Geuk geure buruari jarritakoa baino handiagoa ez. Gauza asko behar dira Kontxan irabazteko; sasoi ona, talde eta entrenatzaile ona, eta, jakina, zortea ere alde: lesioak ez izatea, kale onak tokatzea. Talde berean bizitza osoa pasatuta, zailagoa da; nire ustez, errazagoa da Bermeora joan eta Kontxa irabaztea. Horregatik dauka aparteko balioa igandekoak.

Estropada aurretik zer bizi izan zenuten, jokatuko zela, ez zela jokatuko?

Jokatu nahi genuen, itsasoa bare egonda bagenekielako Urdaibairi hamar segundo ateratzea zaila izango zela. Baina itsasoa nola zegoen ikusi genuenean, pentsatu genuen agian ez zela jokatuko, haizea ez bazen jaisten. Jokatu zenean, gu gustura. Beste gakoetako bat izan kaleena: denek nahi zuten laugarrena, eta guri bigarrena tokatu. Nahiago nuen laugarrena, baina, behintzat, txarrena baztertu genuen, lehendabiziko kalea. Horrekin gustura ginen.

Jon Salsamendik aipatu du kaleekin ez arduratzeko esan zizuela.

Esan zigun guk gurea egin behar genuela, eta hori zela garrantzitsuena. Kale onarekin guk gurea ez eginda alferrik izango zen. Arriskuak hartu genituen, kale edo bale egin, eta dena atera zitzaigun ondo.

Zertan arriskatu zenuten?

Aurrekalariak ez zuen arraun txikia eraman, eta, kostaduan, alderik alde jarri genuen babesa. Ziabogara heldu baino lehen, aurrekalariak arrauna aldatu zuen, istriborretik jarri zen arraunean, bat gehiago izateko ziaboga emateko, eta asmatu egin genuen. Uste dut gakoetako bat hor izan zela, bertan hartu geniolako aurre Urdaibairi. Gero, dena emanda joanda, buru eta bihotz, parean ginen, baina pentsatu genuen erabaki gabe zegoela estropada.

Uhartetik aurrera erabaki zenuten lehia, baina kanpora ondo joan izanak zenbateko balioa izan zuen?

Oso handia. Urdaibaik zuen kale onena kanpora joateko, eta talde indartsuena dauka, gainera. Baina dena ez zen indarra igandean, eta guk gurea bikain egin genuen, estropada biribila atera zitzaigun.

Barrurako luzean zer bizi izan zenuen?

Bagenekien ondo ibiliko ginela bueltakoan, eta badakigu patroi ona dugula. Taldea ere izaten da garrantzitsua, eta taldeko lan ederra egin genuen bukatu arte. Uhartetik aurrera, traineruak ipurdia altxatu zuen olatu batean, eta, hiru segidan hartuz, hautsi egin genuen lehia.

Urdaibai atzean ikusitakoan, zer pentsatu zenuen?

Emozioa, baina ezin nintzen hor geratu, azkenera arte segitu beharra zegoelako. Begira zer gertatu zitzaion Oriori 2001ean, eta une hartan buruan nuen.

Arrapalara banderarekin sartzea zer da?

Latza. Eta herriko ongietorria ere beste horrenbeste. Ez da Orio delako, baina, hamar urtez Kontxa irabazi gabe egonda, sekulako gosearekin zegoen herria.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak