Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Denek dute zer eman

Publizitatea

Kirola

Denek dute zer eman

Hamazazpi jokalari erabili ditu Eusebiok orain arte jokaturiko hiru partidetan, eta denen ekarpena izan da garrantzitsua. Iragan sasoian ez bezala, aulkiko jokalarien lana ona izan da.
Realeko jokalariak, Asier Illarramendik Deportivori sartutako bigarren gola ospatzen.
Argazkia: CABALAR / EFE

2017-09-13 / Jon Eskudero

Gainerako talde ia denak ligari neurria hartu eta piezak nola egokitu aztertzen ari diren bitartean, Realak suziri baten moduan abiatu du denboraldia. Jokoan izan dituen bederatzi puntuetatik guztiak batuta, sailkapenaren bigarren postuan dago, Bartzelona liderrarekin puntutan berdinduta. Asier Illarramendik bikain gidatuta, jokoan aurkaria erabat menderatu beharrik gabe irabazi ditu hiru partidak, besteak beste, jokalari guztien ekarpena izan delako garrantzitsua, erasoko lerroan aritu direnena, batez ere. Guztira hamazazpi jokalari erabili ditu Eusebio Sacristanek, eta, bakoitzak bere arloan, ezin hobeto erantzun dute, baita Januzaj eta Diego Llorente debutatu berriek ere. Iragan sasoian ez bezala, aulkian dinamita du Realak.

Udak gogor jo du klubaren bulegoan, eta ez da samurra izan berme handiko taldea osatzea. Klub handiak ate joka izan dira hainbat jokalari garrantzitsu ehizatzeko asmoz, baina Yuri Berchichek salbu, Zubietan jarraitzen dute beste guztiek, zuzendaritzaren lan onari eta zorteari esker. «Oso pozik eta harro nago egin dugun taldearekin», aitortu zuen Eusebiok udako merkatua itxi berritan. Ez da harritzekoa. Joan zeneko denboraldiari aitzakia bat jartzekotan, aulkiko jokalarien ekarpen urria dago nabarmendu beharra. Jokalari garrantzitsuak jokatu ezinda zeudenean jokoak nabarmen behera egiten baitzuen. Ordea, harrobiko gazte eta fitxaketekin, kalitate handiagoko multzoa eraiki du klubak. Denen beharra izango da. Hiru lehiaketetan freskotasunari eusteko, aldaketak sarri izango baitira.

Lerro guztiak indartu ditu Realak, eta erasoan duen joa talde gutxiren esku dago: hamar gol sartu ditu orain arte. Jaso, berriz, lau jaso ditu. Ez dira gutxi, baina oso lan ona egin dute defentsako jokalariek. Aritz Elustondoren ekarpena ari da izaten ezusterik pozgarriena. Aitaren heriotza tarteko, «asko» sufritu zuen iragan sasoian, eta, itzalpean egonik, apenas izan zuen jokatzeko aukerarik. Hots, aurrerapausoa eman du udan, eta hura da defentsako lau jokalarien artean minutu guztietan parte hartu duen bakarra. Bigarren jardunaldian, Vila-realen aurka distiratsu aritu zen. Alboan izan Raul Navas, izan Iñigo Martinez edota izan Llorente, konfiantzaz jokatu du. Llorenteren hasiera ere aipagarria izan da elastiko txuri-urdinarekin. Riazorren egin zuen debuta 66. minutuan zelairatuta, eta 2-3koa sartu zuen.

Juanmik hiru gol

Zelai erdian ez da aldaketarik izan orain arte: Illarramendi, David Zurutuza eta Xabi Prieto aritu dira. Halere, aurrera begira aldaketak egongo dira, eta, Ruben Pardoren baimenarekin, aukeraren zain dago Igor Zubeldia gaztea. Erasoko lerroan, bestalde, zazpi jokalarik parte hartu dute hiru partidetan: Mikel Oiartzabalek, Juanmi Jimenezek, Willian Josek, Carlos Velak, Sergio Canalesek, Adnan Januzajek eta Imanol Agirretxek. Lehen hirurek jokatu dute gehien, eta ez alferrik. Willian Josek bi gol sartu ditu, eta Juanmik hiru, guztiak partida banatan. Hura da taldeko golegile nagusia. Hori bai, aulkitik zelairatu direnek ere ekarpen handia egin dute. Velak freskotasuna eman dio taldeari, eta Januzajek, kalitatea. Riazorren aho zabalik utzi zituen asko.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak