Albistea entzun

Atzean dago sekretua

Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariak bere enpresak binakakoaren finalerdietan sarturiko bi bikoteak aztertu ditu. Atzelarien jardunean jarri du arreta handiena; Rezustaren maila bikaina nabarmendu du, eta Zabaletaren gorabeherak aztertu.
Iker Irribarria pilota astintzen, Jokin Etxanizen —xaboi potoarekin— begiradapean, atzo, Astelena pilotalekuan.
Iker Irribarria pilota astintzen, Jokin Etxanizen —xaboi potoarekin— begiradapean, atzo, Astelena pilotalekuan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko martxoak 10 - Eibar

Astelena pilotalekuan du saioa gaur Jokin Etxanizek (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Xaboi poto klasikoa eskuan hartuta, Jon Jaunarena eta Beñat Rezustarekin lanean dihardu katedralean. Pilotaren bila nola joan lantzen ari dira bi atzelariak. Rezustak pilotakada bikainak jo ditu eskuinez. «Ikusten? Eskuinez ere ederki ematen dio; partidetan gehiago erabili beharko luke», esan dio BERRIAko kazetariari. Teknikaria pozik dago saioarekin, eta pozik binakakoarekin. Bi bikote sartu dituzte finalerdietan —Irribarria-Rezusta eta Elezkano II.a-Zabaleta—, eta etzi elkarren aurka jokatuko dute Eibarren.

«Irribarria eta Rezustak ia partida guztietan agindu dute, eta haizea alde duzunean errazagoa da jokatzea. Beñaten [Rezusta] lana nabarmenduko nuke, hasieratik oso ondo jokatu duelako. Atzelari erregularrena izan da». Bi ezkerrek ligaxkako hamalau partidetatik hamabi irabazi dituzte, eta txapela irabazteko faborito nagusiak dira. Etxaniz, baina, zuhurra da. «Orain dena berriz hasten da. Baina tira, hori badakite: pilotari zentzudunak dira».

Irribarriak, berriz, behetik gora egin duela uste du. «Beñatek lagundu egin dio Ikerri, eta hark hobera egin du. Partidak pasatu hala gero eta hobeto elkar hartu dute, eta jokoa hartu. Ia partida guztietan haiek izan dira gehien jo dutenak, indarra dute alde, eta horrek gauzak errazten ditu». Uste zabaldua da zaleen artean bikote indartsuegia osatzen dutela. Zer dio Etxanizek? «Txapelketa aurkeztu zenean mundu guztiak zioen oso orekatua zegoela. Rezustak hirugarren txapelketa du hau, eta bigarrenez dago finalerdietan. Irribarria iaz ez zen sailkatu; ez dut uste gehiegizkoa denik».

Rezusta goratu du Etxanizek. Jakina da ezker eskua eskuina baino askoz gehiago erabiltzen duela, baina teknikaria pragmatikoa da. «Askotan hobe da beso oso on bakarra izatea, bi normal baino. Harekin zuloak irekitzen ditu. Gainera, entrenamenduan ikusi duzunez, eskuinez ere asko ematen dio». Rezusta, zorionez, esku onekoa da; urte eta erdi igaro da eskuko minaren ondorioz partida bat utzi zuen azken alditik. Pedro Garcia masaje emaileak diseinaturiko tako berriekin ari da, eta emaitza ona eman diote. Ezker bat bai, baina bi elkarrekin, ez al zen arriskutsuegia? Ondo azaldu du. «Askok diote aurkariek eskuina bilatu beharko lieketela. Hori, baina, ez da erraza eurek agintzen badute, eta Ikerrek eta Beñatek ia beti agindu dute».

Zabaletaren erritmora

Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletaren kasua ezberdina da. Finalerdietan dira haiek ere, baina ondo kostata. Hamalau partidetatik zazpi irabazi dituzte, eta Elezkanok hiru partida utzi behar izan zituen orkatilako eta eskuetako arazoen ondorioz. «Elezkanorentzat ez zen erraza. Lehen txapelketa zuen Lehen Mailan, eta ondo aritu da. Ondo egiten dituen gauzak oso ondo egiten ditu: Defentsan, artista da... Baina ez du beste aurrelari batzuek duten ahala sotamanoz sartu eta piloteoa aldatzeko».

Bikotea aztertzean, atzera begiratu du. «Bikoteari eutsi behar diona Zabaleta da. Hark agintzen ez badu, kostako zaie irabaztea. Oso gutxik duten kolpea du, baina txapelketan erregulartasuna falta izan zaio. Partidetan diot, tanto ikusgarri batzuk jokatu izan ditu, eta gero behera egin». Finalera begira aukera gutxien duen bikotea dirudi. Finalerdietako beste hiru bikoteen aurka jokaturiko ligaxkako sei partidetatik bakarra irabazi zuten, eta egun hartan Jakak jokatu zuen aurrean. Etxanizek, halere, oharra bidali die aurkariei. «Arrisku handia duen bikote bat da. Biek dute tantoa egiteko erraztasun handia, eta sustoa eman dezakete».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Nevado baloiarekin, atzo, Levanteren aurka. ©Athletic

Denboraldiko lehen porrota Athleticentzat

Berria

Levantek kontrolatu du neurketa, eta Redondoren eta Mayra Rodriguezen golei esker lortu ditu hiru puntuak. 

Nerea Arruti, garaipena ospatzen. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nerea Arrutik eta Andoni Iruretagoienak irabazi dute Euskal Pentatloia

Edu Lartzanguren

Iruretagoiena bigarren urtez nagusitu da. Iazko irabazle Karmele Gisasola bigarren geratu da.

 ©UNAI ZABALETA

«Eibarrekin Lehen Mailara igotzea baino ez daukat buruan»

Iñaki Berastegi

Etxean bikain abiatu du sasoia Eibarrek, baina etxetik kanpo, nahi eta ezin. Arbillaren ustez, partida guztiak irabazteko «gosea» izan behar du taldeak igoeragatik borrokatzeko.
Evenepoel, bakarrik helmugaratzen. ©DEAN LEWINS / EFE

Evenepoelek irabazi du Munduko Txapelketa, modu ikusgarrian

Berria

25 kilometroz bera bakarrik aritu da ihes eginda. 2018an ere irabazi zuen lasterketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...