Albistea entzun

Pantailekin, ikusmen arazoak gorantz

Gailu elektronikoen erabilerak miopia izateko arriskua handitzen du. Horixe da berriki egindako ikerketa batek ondorioztatu duena. Pantailaren aurrean gaudenean, atsedenak egitea eta urrutira begiratzea gomendatu dute adituek.
Pantailari begira 45 minutu egonez gero, hiru minutuko atsedenaldi bat egitea da egokiena.
Pantailari begira 45 minutu egonez gero, hiru minutuko atsedenaldi bat egitea da egokiena. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre -

2015eko maiatzak 30

Gero eta ordu gehiago pasatzen ditu jendeak pantailaren aurrean, izan ordenagailuarekin lanean, bideo jokoekin jolasean edo sakelako telefonoa baliatuta ingurukoekin komunikatzen. Denborarekin, eragina izan dezake horrek, eta ikusmen arazok sor daitezke. Hain zuzen ere, gailu elektronikoen erabilerak miopia izateko arriskuak ugaritzen ditu. Horixe izan da David Piñero ikertzaileak ondorioztatu duena. Alacanteko Unibertsitateko optika, farmakologia eta anatomiako ikertzaile eta irakaslea da Piñero. «Bien arteko harremana badago», azaldu du Piñerok.

Ospitalean lanean jardun duenean, haur eta gazte asko iritsi zaizkio miopia arazoekin. Begiaren egokitze sistemarekin lotutako arazoak asko ugaritu direla ohartu da Piñero, hain zuzen ere. Kontatu du begiaren egokitze sistemak distantzia guztietara ikustea ahalbidetzen duela. «Zoom baten modukoa da egokitze sistema. Zoom horren bidez, edozein distantziatara begiratu, fokuratu, eta ongi ikusten dugu». Arazoak gaizki fokuratzean hasten dira: hurbiletik urrutira edo urrutitik hurbilera begiratu, eta ikusmena lausotzen denean.

Piñerok esan du gizakien ikusmena distantzia luzeetara begiratzeko diseinatuta dagoela izatez. Eboluzioan, horretarako garatu da. «Baina ez gaude diseinatuta hainbeste ordu pantaila bati begira egoteko. Sistema herdoilduko balitz bezala da».

Bere ikerketak bat egiten du hainbat hedabide espezializatutan ateratakoekin. Kontatu duenez, Europako epidemiologia partzuergoak egindako ikerketa baten arabera, 21 eta 29 urte arteko gazteen %47k miopia dute. «Ia erdiak miopeak dira. Izugarrizkoa da zifra», azaldu du Piñerok.

Horrez gain, Ophthalmology AEBetako aldizkariak ere hainbat ikerketa argitaratu ditu horren harira, eta emaitzak ere bide horretatik doaz. Arlo horretako hedabiderik puntakoena da Opthalmology. «Ordenagailuaren aurrean denbora asko pasatzeak eta bizitza ohitura sedentarioek, hala nola etxetik asko ez ateratzeak, ikusmen arazoak sor ditzaketela diote».

Sakelako telefonoak ordenagailuak baino arriskutsuagoak direla uste du ikertzaileak. Pantailaren argiaren arabera-eta, aldatu egin daitezke gailu batetik besterako ezaugarriak, baina pantailarekiko uzten den distantzian dago gakoa. «Ordenagailuekin, errespetatu ohi dugu distantzia jakin bat, baina sakelakoak hurbilegi jartzen ditugu».

Horrelako arazoak saihesteko, ikertzaileak gaineratu du ohitura onak mantentzea ezinbestekoa dela. Batez ere gaztetxoenei begira. Prebentzio neurriak har daitezke; gailu elektronikoen pantailetara gehiegi ez hurbiltzea eta tarteka atsedenak egitea gomendatu du. «Ordenagailuan, oso garrantzitsua da 45 minututik behin hiru minutuko atsedenak egitea arreta handiz begiratzen badugu». Neurri hori hartuta, begiek urrutira begiratu eta atseden hartzen baitute.

Horrez gain, argiztapen ona edukitzea ere ezinbestekoa da, eta argi naturala bada hobeto dela dio. «Gaztetxoak edozein argi baldintzatan aritzen dira askotan sakelako telefonoarekin. Ez dira batere ergonomikoak».

Gailu elektronikoek ikusmenean duten eraginaz ikerketa ugari ari direla egiten nabarmendu du Piñerok. «Garatzeko arlo ugari daude, eta etorkizunera begira ikerketa gehiago argitaratuko direla uste dut».

Ongi asko ezagutzen du Laura Serrano Zurbitu Gasteizko Mendia Optikako optikariak gailu elektronikoen fenomenoa: bezero asko joan zaizkie optikara halako gailuek eragindako ikusmen arazoekin. Tartean, haur eta gaztetxo asko ere bai. Bi motatako arazoak izaten dira normalean: miopia eta, distantzia laburren kasuan, informatikako ikusmenaren sindromea. «Ikusmen lausoa, begi lehorrak, argiari hipersentsibilitatea eta buruko mina izan daitezke azken kasu horretan sintomarik ohikoenak».

Betaurreko bereziak

Sindrome hori duten lagunek lanean errendimendu txikiagoa izan dezakete, baina azaldu du irtenbidea baduela.

Piñerok aipatutako aholkuaz gain, Serranok aholkatu du bi urtetik behin optikara joatea ikusmen azterketa bat egitera. Horrez gain, begi lehorrak ez edukitzeko, tanta artifizialak erabil daitezke. Serranok gogoratu du ordenagailura begiratzean begiak gutxiago higitzen direla, eta hori dela begi lehorrak izatearen arrazoia.

Horrez gain, betaurreko bereziak ere badaude. Pantailak igortzen dituen izpi urdinak xurgatzen dituzte betaurreko berezi horiek, eta sintomak desagerrarazteko balio dute. Gaineratu du lanerako distantziarako egokiak diren betaurrekoak beharrezkoak direla zenbait pertsonaren kasuan. «Agian urrutira ikusteko betaurreko batzuk dauzkazu, baina akaso ez dute balio lanerako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Orein arrak, norgehiagoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Kritika soziala egiten duen komedia bat. ©SERIESLAND

Umorezkoak, euskaraz ere bai

Urtzi Urkizu

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna