Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Ehunmiliak, korrikalarien festa

Publizitatea

Kirola

Ehunmiliak, korrikalarien festa

Ehunmiliak. 2010ean, erokeria zirudien, baina dagoeneko egonkortu da Euskal Herriko ehun miliako mendi lasterketa bakarra. Ez da proba bat bakarrik izango, ordea: ohi bezala, Goierriko Bi Handiak ere jokatuko da, eta, aurten, lehen aldiz, baita Marimurumendi maratoia ere. Bihar arratsaldean hasiko da ultren festa Beasainen.
Goierriko Bi Handiak lasterketako bi parte hartzaile, San Adriango pasabidean, Aizkorrira bidean, iaz.
Goierriko Bi Handiak lasterketako bi parte hartzaile, San Adriango pasabidean, Aizkorrira bidean, iaz. JANIRE ARRONDO / GOIERRIKO HITZA

2015-07-09 / Unai Ugartemendia

Ehunmiliak: 168 kilometro (+11.000 metro), bihar, 18:00etatik aurrera. Goierriko Bi Handiak: 88 kilometro (+6.000 metro), bihar, 23:00etan abiatuta. Eta aurten, estreinakoz, Marimurumendi: 42 kilometro (+2.300 metro), igandeko 09:00etan. 272, 500 eta 150 parte hartzaile, hurrenez hurren. 900dik gora. Eta mila boluntario baino gehiago, horiek zaintzeko. Hiru lasterketa gogor, baina baita mendiko lasterketen hiru festa ere, Beasainen (Gipuzkoa).

Hona hemen parte hartzaile batzuen iritziak:

1 Zein da zure helburua?

2 Zein izango dira zailtasun handienak?

3 Esperientzia ona izan duzu aurreko urteetan?

4 Zerk ematen dizu beldur gehien?

5 Zer da proba luzeen gauzarik erakargarriena?

6 Ondo prestatu al zara psikologikoki?

GAIZKA BARAÑANO (Amurrio, Araba, 1978). 4. Ehunmiliak

1. Amaitzea. Urte batzuk daramatzat bat bukatu nahian, baina ez dut inoiz lortu. Lasterketan indartsu sentitzen banaiz, ahal dudan aurreen joaten saiatuko naiz. Polita litzateke lehenengo bosten artean sartzea. Hala ere, ez naiz horrekin itsutuko.

2. Ordu kopurua. Inoiz ez dut horrelako distantziarik egin, eta ez dakit nola erantzungo duen gorputzak hamazazpi edo hemezortzi daramatzadanean.

3. Antolakuntza aldetik, bai; pertsonalki, ez. Arazoak izan ditut Ehunmilietan eta G2Hn parte hartu dudan urteetan. Espero dut aurtengoa nire urtea izatea.

4. Berriro ere bidean gelditzea kolpe gogorra litzateke. Nola edo hala lortu behar dut amaieran ematen duten finisher txalekoa.

5. Bakoitzak hobetzeko duen nahi hori. Hala ere, astakeria bat iruditzen zait. Dinamika arriskutsuan sartzen ari gara: zenbat eta gogorragoa izan, hobeto iruditzen zaigu, baina beste gauza batzuk baloratu beharko genituzke.

6. Arazoa hori da! Egoskor jartzen banaiz, bukatu egingo dut, kosta ala kosta; baina ondorio txarrekin: Apuko Extremen hori egin nuen, eta hiru egun pasa behar izan nituen ospitalean. Mugak non jarri jakin behar da.

ARRATE BASTIDA (1968, Portugalete, Bizkaia). 4. Ehunmiliak

1. Halakoren batean amaitzea.

2. Bero asko egitea eta gorputza ez egokitzea.

3. Bai, horregatik errepikatzen dut. Asko atsegin ditut giroa eta lasterkariei emandako tratua.

4. Arazo fiskoren bat izateari eta urdailak ez erantzuteari.

5. Ikaragarrizko esperientzia izaten da. Zure mugak, noraino irits zaitezkeen jakitea... Azkenean, bitxikeria asko pasatzen dira.

6. Bai, kar-kar: azkenekoan, ordu asko igaro nituen Cadizko korrikalari batekin; ez zen isiltzen. Tarteko helburuak jartzen ditut, eta bat betetzen dudanean bestea daukat buruan. Adibidez, Tolosara iristean pentsatzen dut: zenbat ordutan Amezketan?

JOSU ANDUEZA (Lezo, Gipuzkoa, 1973). 6. Ehunmiliak

1. Egun biribila ateratzea: gozatzea, baina nire marka hobetuta.

2. Zailtasun handiena eguraldiak jartzen duela uste dugu, baina gure esku ez dagoen abiaduran egin nahia izaten da.

3. Esperientzia izugarriak izan dira, bai ondo bukatutakoak, bai bertan behera utzitakoak. Denetan, asko ikasi dut.

4. Beldurrik ez dut inoiz eduki, nire esku nuen guztia eman dudanaren lasaitasuna baitut.

5. Giroa, eta halako distantzietan nire burua indartsu ikustea.

6. Bai, eguneroko lanak gogortzen zaitu. Hala ere, azkeneko astean batez ere lan hori sakontzen dut, urtea errepasatuz.

JAVI DOMINGUEZ (Gasteiz, 1974) 4. Ehunmiliak. 2011ko eta 2013ko irabazlea

1. Daukadan guztia ematea, gozatzea eta datorren urtean itzultzea.

2. Belaunean arazo batzuk ditut, eta zailtasun batzuk ditut, jaitsieretan gehienbat.

3. Edizio guztietan asko gozatu dut.

4. Halako lasterketa guztien moduan, urdailak esateari ez duela ezer jan nahi, hortik aurrera infernua hasten baita.

5. Lasterketak baino gehiago, esperientziak dira, bidaien antzekoak; denetik gerta dakizuke.

6. Bai. Horrelakoetan, gogo handiarekin iritsi behar da, ez erreta; bestela, oso gogorra izan daiteke.

ELENA CALVILLO (Beasain, Gipuzkoa, 1970). 2. G2H. 2010eko irabazlea

1. Lehiatzea. Euskal Herriko Txapelketa da, eta podiumen sartzea gustatuko litzaidake.

2. Burua argi mantentzea eta kontzentrazioari eustea, indarrak gordez, kilometro asko baitira. Bero handia egiten badu, ondo hidratatu eta jan beharko dugu; euria egiten badu, berriz, galtzerdiak aldatzea babak ez ateratzeko, baselina ematea?

3. Oso ona, bai lortutako postuengatik [garaipena G2Hko lehen edizioan, eta iaz bigarren Ehunmilietan], bai antolakuntza bikainagatik.

4. Beldurrik ez diot; bai errespetu handia.

5. Nire burua gehiago ezagutzen erakusten didatelako: gorputzaren mugak, buruaren edo pentsamenduen indarra helburuak lortzeko? Emozioak loratzen ditu.

6. Psikologikoki, ez naiz propio prestatzen. Lasterketa luzeagoak egin ditut, eta ondo moldatu naiz. Pertsona bakoitzak baliabideak atera behar ditu bere burua momentu zailetatik edo txarretatik ateratzeko, arnasketak eginez, hitz positiboak errepikatuz, irudi positiboak ikusiz?

IKER BELOKI (Andoain, Gipuzkoa, 1975). 3. G2H

1. Ondo sentitzea eta, ahal bada, hamasei ordutan bukatzea.

2. Ganbotik behera Lizarraustirainoko zatia eta azkeneko 15 kilometroak. Zailak egiten zaizkit, korrika egitean hankak ez daudelako hasieran bezain fresko.

3. Hirugarren G2H dut: 2012an helburua bukatzea zen; lortu nuen. Ordutik, probak harrapatu nau. 2014an, aldiz, 36. kilometroan utzi nuen lasterketa, eguraldi txarragatik. Aurten, 2012ko denbora hobetzea espero dut.

4. Ez da beldurra, baina, iazko lokatza baldin badago, ziurrenik berriz ere lasterketa utziko dut. Astelehenean, berriro ere lanera joan behar dut, eta ez dut arriskuan jarri nahi nire gorputza. Gozatzera ateratzen naiz, parajeak paregabeak direlako, nire gorputza probatzen dudalako eta helmugara iristean sentsazio izugarria izaten delako.

5. Nire bizitza guztian talde kirola egin izan dut, eta kirol honetan helmugara sartzean sentitzen dena ez dut inoiz sentitu beste kiroletan. Jende asko ezagutzeko aukera ematen du, eta denak lasterketa barruan laguntzeko prest izaten dira.

6. Bosgarren lasterketa luzea dut. Badakit kilometro asko direla eta une onak eta txarrak pasako ditudala. Horregatik, nire burua edozertarako prest dut. Jan, edan eta indarrak ondo neurtzen badituzu, asko irabazi duzu.

KEPA LARREA (Arrasate, Gipuzkoa, 1970). 1. G2H

1. Anaiarekin gozatzea eta bukatzea, denbora muga baino lehen.

2. Gaua eta eguraldia. Betiko moduan, zeresan handia izango du.

3. Lehen aldia da.

4. Nekea ondo kudeatzeko gaitasuna ez izateari eta babei, zauriei eta horrelakoei.

5. Mendiak erakartzen nau, modalitate guztietan. Horrelako proba luze gutxi egin ditut. Gainera, beti martxa erritmoan, eta zati batzuk baino ez korrika. Erronka bat da, nirea eta Mikel anaiarena.

6. Bai, noski. Anaiak eta biok bikote ona egiten dugu, batak bestea animatzeko une gogorretan.

LEIRE MARTINEZ (Santurtzi, Bizkaia, 1978). 2. G2H

1. Gozatzea, nire martxan joatea eta iazko denbora hobetzea.

2. Asko. Gogorra da, eta denetarik gerta daiteke.

3. Iazko eguraldiaz oroitzen naiz: behe lainoa, hotza eta ura. Asko markatu ninduen urte osorako. Hala ere, gogoan ditut jendearekin partekatutako momentuak eta helmugako unea.

4. Ez dut beldurra dela pentsatzen; nahiago dut urduritasuna dela pentsatzea, horrela dena errazagoa baita.

5. Mendi eta natur parke asko ezagutu ditut, eta lasterketa hauetako giroa ikaragarria da. Sufritu egiten da, barre, erori, jaiki... zailtasunak gainditu behar dira. Helmugara iritsi, eta beteta sentitzen zara. Maratoia baino luzeagoa den lehen proba egin nuenean konturatu nintzen hori egin nahi nuela.

6. Ondo prestatua nago. Gero, lasterketan, gauzak ezberdin ikusten dira. Buruz gogorra naiz, eta hori garrantzitsua da.

IKER ZURUTUZA (Idiazabal, Gipuzkoa, 1974). 1. Marimurumendi

1. Gozatzea. Lasterketa ona egitea eta gustura gelditzea.

2. Erritmo egokia aurkitzea, azken txanpara indartsu iristeko. Eguraldiak eta lurrak ere kezkatzen naute.

3. Badaukat eskarmentua; ea zerbaiterako balio duen.

4. Azken kilometroetara denak emanda iristeari. Ea eguraldia ondo portatzen den eta entrenamenduetatik ondo errekuperatuta iristen garen.

5. Gustuko distantziak eta erritmoak ditut. Ez naiz ondo moldatzen lasterketa laburretan, eta ez dut gozatzen.

6. Beharrezkoagoa da ultretarako maratoietarako baino.

LIDE GOROSTIOLA (Larrabetzu, Bizkaia, 1982). 1. Marimurumendi

1. Orain arteko nire erronkarik gogorrena izango da, eta ibilbideaz gozatzea eta ganoraz amaitzea da asmoa.

2. Nire burua. Normalean, astiro hasten naiz, eta 20. kilometrora arte oso gogorra egiten zait.

3. Lehena izango da.

4. Lesionatzeari. Lesionatu gabe jarraitu nahi dut.

5. Oso esperientzia gutxi daukat mendiko lasterketetan, baina gusturago sentitzen naiz 30-40 kilometro ingurukoetan laburragoetan baino.

6. Ez daukat presiorik. Gozatu, nire burua ezagutu eta amaitu nahi dut.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak