Albistea entzun

Durangoko azokak mende erdi

Irakaspen eta erronkak

Mende erdi beteko du bihar Durangoko Azokak, eta gutxi dira haren garrantzia zalantzan jarriko duten sortzaile eta eragileak, baina etorkizunera begirako erronken artean aipatu dituzte euskal hiztun ez direnak erakartzea, azokari neurria hartzea eta negozioaz haragoko zerbait eskaintzea, besteak beste.
Jendea joan-etorrian Durangoko Azokak Landako gunean jartzen dituen saltokien artean.
Jendea joan-etorrian Durangoko Azokak Landako gunean jartzen dituen saltokien artean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2015eko abenduak 3

Baikorra da balantzea, nabarmen. Sortzaile, kultur eragile nahiz erakundeetako ordezkari, guztiek aitortzen dute Durangoko Azokak euskal kulturan mende erdiz izan duen zentraltasuna. Txalotzen dizkiote orain arte izan duen moldagarritasuna, Ahotseneari azokan leku egin izana eta garaian garaiko bilakatzeko izan duen trebezia, adibidez. Bihar ateak irekitzen dituenean, 50 urte beteko dituen aitzakian etorkizunera begira azokari ikusten dizkioten erronkez ere egin die galdera BERRIAk euskal kulturgintzan erreferentziazko diren sei sortzaile eta eragileri. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak; Lander Garro idazleak; Luzien Etxezaharreta idazle eta editoreak; Ilargi Agirre Perlak taldeko musikariak; Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kideak eta Katixa Agirre idazleak eman dute erantzuna, eta badira kezka batzuk balantzaren beste alde horretan ere. Finantzaketa eredua, euskal hiztun ez direnak erakartzeko egin beharreko indarra eta negozioaz haragoko zerbait eskaini beharra, tartean.

1. Zein da mende erdiko ibilbidean Durangoko Azokak eskaini duen irakaspen nagusia?

2. Zein da Durangoko Azokaren hurrengo hamarkadetarako erronka?

 JOXEAN MUÑOZ Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea

«Azokak jakin beharko du bere hazkundea neurtzen»

1. «Garaian garaiko moldeei eta premiei erantzuteko gaitasuna eta malgutasuna da Durangoko Azokak eskaini duen irakaspen nagusia. Gure liburugintza eta diskogintza industria bilaka zitezen baino lehenago ekin zion Durangoko Azokak euskal kulturaren agerikotasuna bilatzeari. Kultur industria izatera heldu zirenean, azokak topagune direla ulertu zuten, euskaldunon festa eta erdaldunentzako ere erreferentzia nagusia bilakatuz. Salmentarako gune izateaz gain, sortzaileen topaleku ere izaten jakin du, eta gazteak erakartzeko modua aurkitu du, programazio paraleloen bidez. Bizi dugun edo bizi gaituen aro digitalean, elkarrenganatzearen festa bihurtzen jakin du.».

2. «Aurrerantzean ere etengabe egokitzen jakitea. Euskal kulturaren industriekiko eta sortzaileekiko lotura estu eta biziari eustea. Gazteekiko erakargarria izaten jarraitzea. Azoka izateaz gain, euskaldunon eta sortzaileen topagunea izatea, geroan ere. Aldi berean, jakin beharko du bere hazkundea neurtzen eta bideratzen, lehentasunak eta lan ildoak ondo zehaztuz, ezin baitu euskal sorkuntzaren, euskal kultur industrien azoka bakarra izan. Era berean, Durangoko Azokak hausnarketa egin beharko du bere finantzaketaz, erakunde guztion ardura orain baino era orekatuagoan izan beharko baitu, eta baita ekimen pribatuarena ere».

 LUZIEN ETXEZAHARRETA Idazlea eta editorea

«Ez dio nagusitzen utzi behar negozioari ematen zaion lehentasunari»

1. «Durangoko Azokak 50 urte hauetan egindako ibilbidearekin, erakutsi du euskal kultur sorkuntza liburu eta musika sailean indartsu eta bizia dela, eta euskal naziotasuna egiazkoa dela, badela, ezberdintasun guztien gainetik».

2. «Etorkizunerako duen erronka da iraun behar duela, euskal munduaren dibertsitatea errespetatuz, mundializazioak negozioari ematen dion lehentasuna nagusitzen ez utziz».

 LANDER GARRO Idazlea

«Jendearentzat azoka berritzea eta kultura berritzea baliokide dira»

1. «Etengabe berritu edo berrasmatu beharraren garrantzia azpimarratzea izan da Durangoko Azokaren azken 50 urteetako ibilbidearen irakaspen nagusia. Mende erdi honetan azokak izan duen garapen estetikoa handia izan da (urteroko kartelak, egoitza berria, komunikazio estrategiak, Ahotsenea...), eta garapen estetiko hori azokaren zabalkunderako (eta biziraupenerako) hil ala bizikoa izateaz gain, garrantzitsua izan da kulturaren industriaren irudia hobetzeko ere, azoka baita, dudarik gabe, geure kulturak daukan ekimen erreferentziala eta, ondorioz, jendartearen begietara, azokaren berritzea eta kulturaren berritzea gauza baliokideak dira».

2. «Durangoko Azokak saltoki izatetik, erakustoki eta biltoki izatera pasa beharko duela iruditzen zait. Nik uste jendartean oso zabalduta dagoen kontua dela urtean behin behintzat euskal kulturaren alde gastu bat egin beharra, eta horretarako azoka hautatzen dute askok. Gertatzen dena da hainbat gastu geroz eta anakronikoagoak direla, eta zaila izango dela etorkizuneko belaunaldiak, esaterako, diskoen salmentaren amuarekin erakartzea. Ahotsenea, zentzu horretan, ekimen bisionarioa izan zela esan daiteke. Nire irudipena da berritzeak bide horretatik segi beharko duela».

 ILARGI AGIRRE Perlak taldeko kidea

«Euskal hiztun ez direnak azokara hurbiltzea lortu behar litzateke»

1. «Durangoko Azokaren mende erdiko ibilbideak erakusten digu elkarlanean lan eginez uste baino urrutirago irits daitekeela proiektu bat. Herritik sortu zen azoka, eta era guztietako kultur eragileen artean antolatzen jarraitzen da oraindik ere. Eredu profesionala eta parte hartzailea egoki uztartzen asmatu du Durangoko Azokak, eta meritu handia da hori. Horrez gain, euskal literatura eta euskal musikaren erakusleiho nagusi bilakatzea ere lortu du azkenaldian. Urte osoan euskal kultura ikusezina da zenbait hedabidetan, tamalez, eta azokaren eraginez, ikusgarritasuna lortzen da». 

2. «Euskal hiztun ez direnak eta euskal mundua urruti sentitzen dutenak era batera edo bestera azokara hurbiltzea lortu beharko litzateke. «Begira zer gauza interesgarriak ari naizen galtzen» pentsatzeko garai egokia izan beharko lukete azoka egunek, eta, bide batez, zubi lanak egitekoa. Gaur egun dauden guneak indartu eta diziplina berriak sartzea ere ez legoke gaizki. Zergatik ez arte plastikoentzako, eskultura edota pinturak aurkezteko; eta bertsolaritzari eskainitako guneak ere sortu?».

 UBANE UZIN Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kidea

«Azokak aurrea hartu beharko die datozen aldaketei»

1. «Ni jaio orduko azoka existitzen zen. Merkatu plazatik gaur egungo eraikinera pasatzeko prozesua bizi izan dut. Ikusle moduan, kontsumitzaile moduan. Urte askotan, euskaltzale askorentzat, kulturaren topagunea izan da Durangoko Azoka. Egia esan, euskalgintzarekin batera joan da handitzen eta sendotzen. Eta ibilbide oso honetatik atera daitekeen irakaspena azokarekiko konstantziaren indarra izan dela esango nuke. Urte batetik bestera euskal kulturgintzari babesa eman dion elefante moduan ikusi dut nik, bertaratu garen guztiekin batera hasi dena. Gero, azken 20 urteetan beste aldetik bizi izan dut Azoka, barruragotik, Gaztelupeko Hotsak-en standetik».

2. «Azokak aurrea hartu beharko die datozen aldaketei. Sortzeko moduak, ekoizpen sistemak, euskarriak, kontsumitzeko erak aldatzen ari dira orain eta gehiago, eta azkarrago aldatuko dira hemendik aurrera. Horregatik, hurrengo hamarkadan aldaketak bereganatzeko azkartasuna izatea du Durangoko Azokak erronka handiena. Mugimendu azkarrak eman beharko ditu».

 KATIXA AGIRRE Idazlea

«Gehiago aprobetxatu behar genuke azokako 'postal' ederra»

1. «Nire ustez, Durangoko Azokak mende erdian utzi duen irakaspen nagusia da posible dela testuinguru ilunenetan ere, orokorrean kultura eta zehazkiago euskal kultura, jazarrita zegoen diktadura baten pean, gauzak aurrera ateratzea, gogoa eta jendearen arteko batasuna baldin badago. Eta, gainera, bost hamarkadaz eutsi diogu azokari. Pentsa, Konstituzioaren Eguna eta Sortze Garbiaren egunaren artean jaiegun paralelo segida bat sortu dugu guztion artean, laikoa eta euskal kulturari erabat emandakoa. Bada marka, ezta?».

2. «Azoka haziz ikusi dugu gu hazten gindoazen heinean, eta uste dut antolatzaileek ondo ekingo diotela etorkizunari ere. Hala ere, uste dut gehiago aprobetxatu beharko genukeela azokak eskaintzen duen postal ederra euskal kultura esportatzeko, kanpoko agenteak gonbidatuz adibidez (itzultzaileak, editore atzerritarrak, musika promotoreak?). Eta baita proposatuko nuke ere espazio berri bat, sortzaileek eta publikoak bat egiteko toki informala, hitzaldi/sinatze/kontzertu formatutik harago. Tertulia txikiak, meriendak, tragoak... Zergatik ez?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Artea hezkuntzari so

Aitor Biain

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik
<em>Zura eta ura</em> egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak, Aquariumeko atzoko aurkezpen agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Itsas portuen erradiografia bat

Alex Uriarte Atxikallende

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Langile bat Donostiako Trueba zinema aretoak desinfektatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kulturak 2021ean emandakoaren errepasoa dakar 'Jakin' berriak

Erredakzioa

Ismael Manterolak eta Ainhoa Urienek idatzi dituzte 247. zenbakiko artikulu nagusiak. Beste hainbat sinadura ere bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.