Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Uriartek langileen kontra egin duela uste dute sindikatuek

Publizitatea

Gizartea

Uriartek langileen kontra egin duela uste dute sindikatuek

 

2017-02-17 / A.I.

«Sailburuak langileen kontra jo du». Iritzi hori azaldu zuten atzo ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak asteazkenean Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zituen asmoen inguruan. PISA azterketako azken etsaminean ikasleek lortutako emaitza kaskarren harira, hainbat aldaketa proposatu zituen, eta, besteak beste, irakasle ikasi nahi dutenei sarbideko azterketa bat jartzea aztertzen ari direla adierazi zuen. Ez dute begi onez hartu sindikatuek proposamena. ELAko ordezkari Xabier Irastortzak gogorarazi zuen bat egin dutela protesta dinamika bat hauspotzeko ahaleginean hezkuntza sistema «goitik behera» baldintzatzen duten hainbat gaitzi erreparatzea ezinbesteko iruditzen zaielako, eta esan zuen horietan jarri behar dela indarra hezkuntza sistema hobetzeko. «Erabakigarriak dira», azaldu zuen. «Aldiz, horiei ez erreparatu, existituko ez balira bezala jokatu, eta irakasleen kontra jotzea, guretzat, erabat larria da». CCOO sindikatuko ordezkariek ere ezinegona adierazi dute. Uriartek hezkuntzako emaitza txarren «ardura» irakasleei egotzi diela esan dute, eta ezin dela horrelakorik onartu: «Jendaurrean haren hitzak zuzen ditzan nahi dugu».

Berretsi egin zuen atzo Donostian Uriarte sailburuak atariko etsamin hori buruan duten xede bat dela. Era horretako azterketa baten bidez ikasleen «arrakasta» bilatu nahi luketela esan zuen. «Ikasketan hasieratik, ongi bideratuta daudela jakitea». Era horretan, irakasleen jardunari «izen ona» ere eman nahi diotela azaldu zuen. Gogorarazi zuen antzeko sarbide etsaminak egiten direla beste hainbat ikasketa hasi ahal izateko, eta ez direla, beraz, jardun ezohikoa. Adibide gisara aipatu zuen EHUren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean sartzeko etsamin bat gainditu behar izaten dutela ikasleek. Onartu zuen, hala ere, hezkuntza sistema hobetzeko ardurak partekatua izan behar duela: «Guztiok egin beharrekoa da».

Unibertsitateekin lanean

Galbahea jartzeko zein irizpide ezarriko dituzten erabakitzeko dutela azaldu zuen Uriartek, eta hainbat unibertsitaterekin gaia aztertzen ari direla. BERRIAk galdera eginda, EHUko iturriek jakinarazi dute Hezkuntza Sailarekin hastapenetan dagoela gai hori oraino. Irakasle eskolek gaiaren gainean hausnartu dute, eta iritzi bateratu bat ere adostu dute. Ordea, iritzi hori Hezkuntza Sailarekin partekatzeko zain daude.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea