Albistea entzun

Arnaldo Otegi aske. Ibilbidea

Itzaletik aske, itzal handiagoz

Ia sei urte eta erdiz preso egon ostean, gaur askatuko dute Arnaldo Otegi. 1997an HBko eledun hasi zenetik, ibilbide luzea egin du, eta atzo jakinarazi zuen EH Bildurekin lehendakarigai izateko barne bozetara aurkeztuko dela. Ia denek aitortu diote estrategia aldaketa ekarri zuenetako bat izan zela.
EDURNE KOCH / EUSKALDUNON EGUNKARIA

Hodei Iruretagoiena -

2016ko martxoak 1

Itzalean eduki duten arren, Arnaldo Otegiren itzala handitu egin da azken urteetan. Haren irteerak sortu duen ikusminari begiratu besterik ez dago. Atzo The New York Times kazetak hari buruz argitaraturiko artikulua ere horren seinale da. Otegik berak AEBetako egunkariari jakinarazi dio EH Bilduren barne prozesura aurkeztuko dela, aurten egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako bozetan lehendakarigai izateko. «Berandu baino lehen, autodeterminazio eskubidea erabiliko dugu, eta Europako estatu berri bat bihurtuko gara»,adierazi du Otegik.

Azken hilabeteetan Otegi askatzeko agertu diren ahotsen bilduma ere itzal horren seinale da. Europako Parlamentuan aurkeztu zuten Free Otegi. Free Them All adierazpena, Friendship taldeak sustatuta. Talde horretako kide Martina Andersonek, Brian Currin bitartekariak eta Fermin Muguruza musikariak plazaratu zuten, eta, besteak beste, Pepe Mugica Uruguaiko presidente ohiak, Slavoj Zizek filosofoak, Leyla Zana giza eskubideen ekintzaileak, Tariq Ali idazleak eta Desmond Tutu, Mairead Maguire eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunek babestu dute. Geroztik, atxikimendu ugari jaso ditu kanpainak. Euskal kulturgileek eta AEBetako, Ekuadorko, euskal diasporako, Herrialde Katalanetako, Espainiako, Europako Parlamentuko eta Irlandako hainbat pertsona ezagunek sinatu dute.

Eta Otegiri buruzko iritzia ere aldatu dute hainbatek 2009ko urriaren 13an LABen Donostiako egoitzan atxilotu zutenetik; preso sartzeko agindu zuen epaileak berak, esaterako. Kalean eman zuen tartea baliatuta, beste hainbatekin batera, ezker abertzalearen estrategian aldaketa sakona ekarriko zuen eztabaida bultzatu zuen duela zazpi urte. Geroztik, ziegako itzaletik ikusi ditu ahalegin hark ekarritako ondorioak. Auziak auzi, zigorrak zigor, aurrera egin du orduan hasitakoak.

Gaur seigarren aldiz irtengo da kartzela batetik, sei urte eta erdiren ondoren. Bere ibilbide politikoan, herritar askoren gogoan iltzatutako hamaika argazki utzi ditu ezker abertzalekoak. Gaur, Logroñoko (Espainia) espetxe atariko eta Euskal Herriko irudiak ez dira gutxiagorako izango.

Goizeko zortzietarako prest egongo da dena Logroñoko kartzelaren kanpoaldean. Handik egingo ditu Otegik kalera irten ondorengo lehenengo hitzak. Arratsalderako espero da Euskal Herrian egotea; 18:30ean, Otegi Free jaialdia prestatu dute Elgoibarren (Gipuzkoa), bertsolari eta musikariekin. Lehenengo harreren ondoren, Donostiako belodromoa izango du, berriz ere, plaza: martxoaren 5ean, larunbatez, ekitaldi «berezi eta sonatua» egingo diote, 2004an olibondo adarrarekin azaldu zen leku berean. «Milaka pertsonaren artean irribarre erraldoi bat eskainiko diogu», esan dute antolatzaileek.

Rafa Diez, oraindik preso

Bateragune auzia deitutakoagatik izan dute preso Otegi urteotan. Hausnarketa prozesu bat bultzatu ostean sartu zuten, eta ezker abertzalea hausnarketa betean dela irtengo da orain. Harekin ibili ziren beste hainbat ere atxilotu eta auzipetu zituzten 2009an. Azkenean, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Rafa Diez eta Otegi zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zabaleta ikasle mugimendutik zetorren, eta Rodriguez, gazte mugimendutik. Zigorra beteta, biak urrian geratu ziren aske, Jacintorekin batera.

Atxilotu zituzten garaian, Diez ezagunagoa zen, sindikalismoan egindako lanagatik. Gaurtik, Otegi espetxetik aterata, LABeko idazkari nagusi ohia da Bateragune auziagatik preso jarraituko duen bakarra. Duesoko (Kantabria, Espainia) kartzelan dute, eta urtebete baino gehiago falta zaio zigorra betetzeko.

1997-12-4 AURRENA, ORDEZKO; GERO, ORDEZKARI

Gazte hasi zen politikan Arnaldo Otegi Mondragon (1958, Elgoibar, Gipuzkoa). ETApm-n ibili zen aurrena, ETAm-n gero. 1979an Luis Abaitua Gasteizko Michelin lantegiko zuzendari nagusia bahitzeagatik zigortu zuten 1989an, eta 1993an atera zen kartzelatik, zigorra beteta. Handik bi urtera, lehenengo aldiz sartu zen legebiltzarrean, ordezko gisa. Zazpigarren joan zen Gipuzkoako zerrendan —sei atera zituen HBk—, eta Begoña Arrondo legebiltzarkidearen ordez sartu zen azkenean. Pixkanaka nabarmendu zen politikari lanetan, eta handik bi urtera irten zen lehenengo lerrora, halabeharrez orduan ere. HBko Mahai Nazionala espetxeratu zuten, ETAren Alternatiba Demokratikoaren bideoa zabaltzeagatik, eta 1997ko abenduan zazpina urtera zigortu zituzten mahaikideak. Haien hutsunea betetzeko hasi zen Otegi HBko bozeramaile gisa, besteak beste, Joseba Permachekin batera.

1998-9-12 BAKERAKO LEHEN SAIOA

HBko ordezkari gisa hasi eta gutxira etorri zen Otegi ezagun egin zuen garaia: Lizarra-Garazikoa. Hark jarri zion aurpegia ezker abertzaleari, 1998ko irailean, Lizarra-Garaziko akordioa sinatuta. HBk EHri lekua egina zion ordurako, eta hamalau legebiltzarkide lortu zituen urriko bozetan. Otegi zuten bozeramaile. Legegintzaldirako akordioa ere egin zuten EAJ eta EArekin, eta Udalbiltzaren sorrera bultzatu. Azkenean, bertan behera geratu zen saialdia, eta 2000ko urtarrilean lehen atentatua egin zuen ETAk. Haren ostean, Otegi irten zen prentsaren aurrera, Pernando Barrenarekin. Hilketa hark gizartean «astindua» eragin zuela esan zuen.

2004-11-14 OLIBONDO ADARRA ESKUAN

Haustura haren ostean, garai ilunak etorri ziren ezker abertzalearentzat. Madrilek Terrorismoaren aurkako Ituna eta legez kanporatzeak bultzatu zituen. Anoetako belodromoan Orain herria, orain bakea proposamena aurkeztu zuenerako, Otegik denbora zeraman Jesus Egigurenekin hizketan. Lehen aldia zen halako proposamen bat Batasunak egiten zuena, eta ez ETAk. «Garaia heldu da hitz egiteko mahai baten inguruan eta auzia konpontzeko», zioen ezker abertzalekoak, BERRIAn. Bi esparrutan nahi zituen akordioak: eragile eta alderdien artean, eta ETAren eta estatuen artean. Ekarpen garrantzitsua izan zen negoziazio eskemak aldatzeko.

2006-12-30 BARAJASKOAREN ONDORENA

Otegik hasitako elkarrizketek Loiolako mahaiarekin eta ETAren eta Espainiako Gobernuaren elkarrizketekin izan zuten segida. 2006ko martxoan iragarri zuen ETAk su-eten iraunkorra, eta espetxera bidali zuten ezker abertzaleko buruzagia —handik egun batzuetara irten zen, bermea ordainduta—. Prozesua abian zen, Anoetako eskemaren bidetik. Atxiloketek, kale erasoek, ordea, ez zuten etenik izan. Pixkanaka, prozesua krisian sartu, eta Barajasko atentatua etorri zen, 2006ko abenduan. Otegi atera zen orduan ere prentsaren aurrera; besteak beste, ETAri su-etena mantentzeko eskatzera. Preso sartu zuten berriz 2007ko ekainean.

2009-3-16 NORABIDE ALDAKETA

Urtebete baino gehiago egin zuen espetxean Otegik prozesua hautsi ondoren. 2008ko abuztuan atera, eta ziegan hausnartutakoak ingurukoekin lantzen hasi zen, Zutik Euskal Herria ebazpena ekarri zuen eztabaida bultzatzeko. Estrategia aldatu beharra plazaratu zuten 2009ko martxoko prentsaurrekoan, ezker abertzaleko sektore eta adin ezberdinetako ordezkaritza bilduta. Zailtasunik ez zuten falta izan, eta eztabaidarako dokumentua zabaltzearekin bat etorri zen Bateragune auzia ekarri zuen sarekada, 2009ko urriaren 13an. Guztiarekin ere, ez zuten gelditu norabide aldaketa. Kartzelan eduki dute geroztik Otegi, gaur arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

11 ekintzaileak, Baionako auzitegi aitzinean ©Guillaume Fauveau

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' aurkako deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan errepidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte.

Iratxe Sorzabalen zauriak, 2001eko atxiloaldiaren ostean. ©Berria

Iratxe Sorzabalen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak

Berria

Euskal preso horrek pairatutako torturen berri eman izanak ez du «egiaztatzen» halakorik sufritu zuenik, Gorenaren arabera.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, iazko azaroan, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Artolazabalek otsailaren 14an utziko du sailburu postua

Mikel Elkoroberezibar Beloki

EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Esan duenez, «oso gustuko» izango luke bere ordezkoa emakume arabar bat izatea.

GKSko kide baten atxiloketa salatzeko mobilizazioa, iazko ekainean ©Bob Edme

GKSko kide bat epaituko dute Pauen

Ekhi Erremundegi Beloki

Asteartean eginen diote epaiketa, Paueko Dei Auzitegian. Margoketak egitea leporatzen diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.