Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Antiespezista eta politikoa

Publizitatea

Gizartea

Antiespezista eta politikoa

Bertze animaliak baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa, eta haren aurka egiten du lan eta borroka animalien aldeko mugimenduak. Euskal Herrian ere bai. Gora egin du, gainera, eta hainbat talde sortu dira azken urteotan. Animalien askapena dute elkarteok helburu.
Argazkia: BERRIA

2015-04-03 / Edurne Elizondo

Bertze animalien esplotazioa normalizatu egin dugu». Tras Los Muros proiektua sortu eta mamitu duen pertsonarenak dira hitzak. Animalien askapenaren alde lan egiten du, gordeka, argazki kamera baliatuz. Hainbat herritan izan da: Mexikon, Espainian, Herrialde Katalanetan; Euskal Herrian ere bai. Etxaldeetan egon da, hiltegietan, zoologikoetan eta animaliak erabiltzen dituzten bertze hamaika tokitan. Harresien atzean dagoena erakutsi nahi du. Behin eta berriz salatu duen «normalizazioa» apurtu. Argi du: «Gurea mugimendu politikoa da; gizartearen oinarriak jartzen ditu zalantzan. Animalien askapena aldarrikatzen dugunean, zapalkuntza badela onartzen ari gara, eta horrek bertze emantzipazio mugimenduekin lotzen gaitu».

Bertze animalien askapenaren aldeko mugimenduaz ari da Tras Los Muros. 1973. urteko apirilaren 5ean agertu zen Animalien askapena esaldia prentsan, lehendabiziko aldiz, The New York Review of Books argitalpenean. Gizakien eta bertze animalien arteko harremanari buruzko hainbat saio jaso zituen artikulu hark. 42 urte pasatu eta gero, Euskal Herrian ere indarra hartzen ari da animalien askapenaren aldeko mugimendua. Gero eta gehiago. Eta norabide garbi bat du, gainera: antiespezismoarena. «Aldaketa bat izan da; eta horrek bereizten gaitu azken urteotan sortu garen taldeok lehenagotik zeudenetatik».

Askekintzako kide Lide Trekurenak dira hitzak. «Lehendik zeuden ATEAren edo Zezenketen Kontrako Bizkaiko Kolektibo Animalistaren gisako elkarteekin alderatuta, aldaketa nabarmena da», berretsi du. «Antiespezismoak hartu dio aurrea, orain, talde horien izaera utilitaristagoari». Animalia ororen erabilera oro salatu, eta beganismoaren alde egin dute talde antiespezistek. Animalien askapena dute helburu, eta mugimendu horrek duen dimentsio politikoa nabarmendu dute.

«Subjektu politikoa gara», erran du, argi eta garbi, Askekintzako Lide Trekuk. 2010. urtean sortu zuten talde antiespezista hori, Donostian. Eta hori du bere lan esparrua. Donostia, eta inguruko herriak. Trekuk onartu du, hala ere, talde horren eraginak ukitu dituela Euskal Herriko bertze hainbat txoko, eta eragin horrek lagundu duela, neurri batean, bertze hainbat talde sortzen. «Beste hainbatentzat erreferentzia izan gara, nolabait, lehen Batzar Antiespezista zen Bilboko Ekintza Antiespezista taldearekin batera».

Bilbokoa da, halaber, Piztiak Konpartsa Animalista; 2013an sortu zuten. Iruñean, Iruñeko Ekintza Antiespezista jarri berri dute martxan. Urtarriletik ari dira lanean. Gasteizen, iazko abenduan egin zuten lehendabiziko bilera Bezala taldeko kideek. Eta Iparraldean, berriz, Vegan Pays Basque ari da animalia guztien alde, 2012. urteko maiatzetik.

Bazterketa ororen kontra

Espeziearen araberako bazterketa ekartzen duen aurreiritzia da espezismoa; gizakia jartzen du erdian, eta harentzako baliabidetzat jotzen ditu bertze animaliak. Aurreiritzi horren kontra lan egiten dute talde antiespezistek, sentitzeko gaitasunak animalia guztiak berdintzen gaituela nabarmenduz. Espezismoaren aurka egiten dute, sexismoaren, homofobiaren edo arrazakeriaren aurka egiten duten bezala. «Argi dugu borroka antiespezistak beste borroka guztiak jasotzen dituela, bazterketa ororen kontra egiten duelako; aldi berean, ezin ditugu gainerako borrokak ulertu antiespezismoa gabe», azaldu du Bilboko Ekintza Antiespezistako Beatriz Izarrak.

Borroken eta mugimenduen arteko lotura hori argia da, halaber, Piztiak Konpartsa Animalistako Oskar Melgarren hitzetan. Onartu du haiena ez dela ohiko taldea, konpartsa bat baitira. Horrek aukera eman die, hain zuzen ere, bertze hamaika gizarte mugimendurekin harreman estuagoa izateko. «Hainbati kosta egiten zaio onartzea, oraindik ere, animalien eskubideen aldeko mugimenduaren izaera politikoa», erran du Melgarrek, baina egoera hori aldatzen hasi dela uste du. «Taldeak konturatzen hasi dira beharrezkoa dela denen aldarrikapenek bat egitea, eta modu transbertsalean garatzea». Aldaketak mantso gertatzen direla onartu du, hala ere.

Gasteizko Bezala taldeko Ainara Martinezek argi du mugimendu antiespezistak «traba» egiten duela. «Jendeak mehatxu gisa hartzen du gure mezua, anitzetan, guk erraten dugunak zalantzan jartzen duelako gehiengoaren bizitzeko modua», azaldu du.

Egunero hiltzen dituzte animaliak gizakiok jateko, bertzeak bertze. «Nork bere etxean nahi duena egiteko eskubidea aldarrikatzen du jendeak, adibidez, kontuan hartu gabe sistemak animalien esplotazioa duela ardatz; animalien esplotazioa bultzatzen eta babesten duela», gaineratu du Martinezek. Animalien esplotazioa gizartearen arazo bat dela nabarmendu du. Ez dagokiola gizakion esparru pribatuari.

Mezu hori zabaltzea da mugimendu antiespezistaren erronka, Martinezen hitzetan. «Bertze animaliak ere eskubideak dituzten subjektu gisa hartzea». Onartu du ez dela erraza. Vegan Pays Basque taldeko kideek uste dute animalien askapenaren auzian «dena egiteko» dagoela, adibidez. Lan egiteko prest dira haiek, behintzat. «Animalien askapenaren alde ari gara; ingurumenaren alde, eta menderatze mota guztien kontra. Antropozentrismoaren aurka gaude, bai eta kapitalismoaren aurka ere, animalia guztiak, gizakiak eta gizaki ez direnak, esplotatzen baititu sistema horrek; bai eta planeta bera ere».

Animalien askapena lortzeko «iraultza» behar dela argi du Vegan Pays Basquek, «erabateko aldaketa» eskatzen baitu. Berdintasunaren aldeko lan horretan «sendo» aritzeko beharra nabarmendu dute Iparraldeko taldeko kideek. Baikor izateko beharra ere bai. «Aldaketarako haziak erein egin behar ditugu gizartean, modu positibo batean».

Ildo horretan, bertze taldeekin elkarlana jorratzea funtsezkotzat jo dute Vegan Pays Basqueko kideek. Bertze gizarte mugimenduetako taldeekin, bai eta espezismoaren aurka Euskal Herrian ari diren bertze taldeekin ere. Harremana bada. Baina gehiago beharko litzatekeela uste dute. Iritzi bera dute bertze anitzek. Tras Los Muros proiektuko arduradunak, bertzeak bertze, «ezinbertzekotzat» jo du Euskal Herrian antiespezismoaren bidean urratsak egiten ari diren taldeen arteko elkarlana. «Hori da modua mugimendu batu eta sendoa lortzeko; mugimendua ikusgarri bilakatzeko», erran du.

Karrikan

Gizarte mugimendu bizia du Euskal Herriak, eta karrika du lan esparru naturala. Mugimendu antiespezistak ere jendaurrera atera nahi du. Karrikan egon. Oraindik gizartearen gehiengoarentzat ikusezina dena ikusgarri bilakatzeko. Hori lortzea hartu du helburutzat Iruñeko Ekintza Antiespezistak. Urtarrilean jarri zuten martxan taldea, animaliak zituen zirku batek Nafarroako hiriburura egindako bisitaren harira. «Hainbat pertsonak bat egin, eta taldea sortzea erabaki genuen», azaldu du Irene Adan taldeko kideak. Martxoaren 15ean karrikara atera ziren «animalia guztiak» defendatzera, eta orain udalekin kanpaina bat egiteko asmoa dute, bestetan animaliarik erabil ez dezaten. «Hasi berriak gara, baina lan egiteko gogoz gaude; herritarren harrerarekin kontent gaude, gainera».

Jendearen harreran, hain zuzen, aldaketa sumatu du Askekintzako Lide Trekuk. «Orain arte, gure mezua zabaldu, baina jendeak ez zuen entzuten. Ez genuen asmatzen modu zuzen batean helarazten. Tratu txarrei buruz hitz egiten genuen taldeok, txakurrak eta katuak babesteko elkarteei buruz... nahasketa bazen», azaldu du. Orain mugimenduak badu «tresna bat» mezu argia zabaltzeko, Trekuren ustez: antiespezismoarena. «Animalia guztien aurkako bidegabekeria guztiak salatzen ditu».

Orain da garaia indarrak batzeko, Trekuk nabarmendu duenez. «Bai eta zubiak eraikitzekoa ere, animalien aldeko borroka beste gizarte mugimenduen esparrura eramateko». Lehen emaitzak sumatu ditu jada Piztiak konpartsako Oskar Melgarrek. Bilboko besten esparrua jarri du adibide, mezu antiespezistak han izandako oihartzuna.

Urratsak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du Iruñeko Ekintza Antiespezistako Irene Adanek. Errealitateak lanean segitzera behartzen ditu aktibistak, Tras Los Muros proiektuko arduradunak erantsi duenez. «Hiltegietan akabatzen, zoologikoetan ixten edo ehizatzeko jazartzen dituzten animalia horien guztien alde ari gara. Begano bilakatu eta haien aldeko borrokara lotzen bagara, orduan lortuko dugu gauzak aldatzea».

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Elizondo Edurne Elizondo

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak