Albistea entzun

EPPKren agiria

«Lege baliabideak» erabiliko ditu EPPK-k «etxeratze» bidean

Euskal Herriratzea modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin nola egin aztertzeko prest agertu dira EPPK-ko kideak

Foro Sozialaren gomendioak onartu dituzte, eta betetzeko bidean urratsak iragarri
Euskal presoen eskubideen alde, martxa egin zuten atzo Martuteneko espetxera.
Euskal presoen eskubideen alde, martxa egin zuten atzo Martuteneko espetxera. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Oihana Elduaien -

2013ko abenduak 29

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) prest azaldu da «Euskal Herriratzea lehentasunez eta etxeratzea ezinbestez» lege baliabideak erabiliz egiteko, nahiz eta horrek «inplizituki zigorraren onarpena» ekarri. Lokarri eta Bake Bideak antolatutako Foro Sozialak joan zen maiatzean Aieten aurkeztutako ondorioei erantzun die EPPK-k BERRIAra helarazitako bideoak eta oharrak. Udan egindako eztabaidaren ondorioen berri emanez, Marixol Iparragirre EPPK-ko mintzaideak espetxetik irakurritako oharrak argi dio gomendio horiei jarraituz iragarritako urratsek presoen egoera konpontzetik haragoko helburua dutela: «Konponbide prozesua lokaztu ez dadin, EPPK-k dagokion ardura hartu du bere gain». Ardura onartu dute, «gatazkan bezala konponbidean ere aktore aktibo eta eraginkor izateko konpromiso osoa» dutela uste dutelako.

«Tresneria judizial-juridikoa egoera politikora egokitu» behar dela dio EPPK-k, kartzela politika «errotik» aldatzeko. Baina, nolanahi ere, ontzat eman dute beren «etxeratze prozesua» legeak ematen dituen zirrikituak baliatuz egitea. Hala, legeek eta beren aplikazioak aurrerantzean garrantzi handia izango dutela nabarmendu du EPPK-k: «Egin behar diren urratsak sendotzeko izan behar dute». Foro Sozialaren bosgarren gomendioa ia hitzez hitz beren eginez, onartu egin dute prozesu hori, egitasmo orokor baten barruan izanda ere, «modu mailakatuan, konpromiso indibidualekin eta denbora zuhur batean» egitea.

Urratsak iragartzeaz gain, egin ere egin dituzte EPPK-ko kideek, oharrean bertan: «Gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa» onartu dute, eta norberaren erantzukizunak onartzeko ere prest azaldu dira. «Eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» dute, eta ontzat jo dute «borroka aurrerantzean molde politiko eta demokratikoetatik egitea». Beste modu batera esanda: «Berretsi egiten dugu aurrera begira uko egitea iraganean inposizioari, zapalkuntzari eta eskubide urraketei aurre egiteko baliatu moldeari».

Pauso horiek aurrera eramateko gomendioen sustatzaileekin eta «Euskal Herriko eragileekin» harremanak abiatuko dituztela iragarri dute, gainera, kolektiboko mintzaideek. Gogoeta eta proposamenak trukatzeko prest agertu dira, «prozesuak aurrera egiteko erabaki eta urratsek guztiongandik behar duten babesa izan dezaten».

Horretaz gain, beren «izaera eta duintasun politikoa zalantzan jarriko ez duen etxeratzea gauzatu dadin adostasun zabala» bilatzeko deia egin die herritarrei, instituzioei, eragile sozialei eta alderdi politikoei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Kalerainfo' aldizkaria, Sortuk antolaturiko hitzaldi batean, iazko apirilean. ©JON URBE / FOKU

'Kalerainfo' aldizkaria ixteko erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Halaber egin du kalerakalera.eus webgunearekin ere. Ebatzi du «terrorismoa goratzeko tresna» direla

 ©Jesus Diges, EFE

Nafarroako Gobernuak ostiralean aurkeztuko die Euskararen Dekretua sindikatuei

Berria

Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean aurkeztuko dute. Ordutik aitzina, sindikatuek hamabost eguneko epealdia izanen dute alegazioak jartzeko. PSNk aurreratu du euskara ez dela balioetsiko eremu ez-euskaldunetan.

Zaballako espetxearen atarian 2020ko abenduan euskal presoen seme-alaben eskubideen alde egindako ekitaldi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Zaballan dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

3 urte bete berri dituen Izadi umearen gurasoak dira. Espainiako Espetxe Erakundeek abendu akaberan iragarri zuten Euskal Herriratuko zituztela, eta gaur gauzatu da lekualdatzea.

Omenaldia, gaur goizean, Donostian. ©Juan Herrero / EFE

Ramon Diaz oroitu dute Loiolan, ETAk hil eta 21 urtera

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Senide eta lagunek omenaldia egin diote Donostian, ETAk hil zuen lekuan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.