Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Kanpaina ofiziala eten arren, A-9ari eutsi asmo dio Kataluniak

Kontsulta Legearen aurkako debekua bertan behera uzteko eskatuko dio Kataluniako Legebiltzarrak Konstituzio Auzitegiari.

Kanpainarena «badaezpadako» neurria da
Artur Mas Kataluniako presidentea, atzo.
Artur Mas Kataluniako presidentea, atzo. TONI ALBIR /EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 1

Kataluniako prozesua aurrera doa oraingoz. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak orain arte hartutako neurriek ez diote atzera eginarazi Kataluniako Gobernuari, eta hark azaroaren 9an bozkatzeko asmoari eutsi dio. Nolanahi ere, bozketa egunerako kanpaina ofiziala «aldi baterako» eta «badaezpada» bertan behera uztea erabaki du. «Hartutako konpromisoak eta legea betez egingo ditugu gauzak», azaldu du Francesc Homs gobernuko bozeramaileak. «Nahi duenak egin dezake kanpaina, baina ezin ditugu kinka larrian jarri Generalitateko funtzionarioak».

Espainiako Gobernuaren helegiteak onartu eta biharamunean argitaratu du Espainiako Aldizkari Ofizialak Konstituzio Auzitegiaren erabakia: helegiteak aztertu bitartean, bertan behera geratu dira Kataluniako Kontsulta Legea, A-9rako deialdi ofiziala eta «haietan oinarritutako edozein ekintza edo ebazpen». Horrek deialdi ofizialari lotutako kanpainari ere eragiten dio; horregatik erabaki dute hura ere oraingoz etetea. «[Galdeketara deitzen duen] Dekretua aldi baterako indargabetuta dago, ez debekatuta», nabarmendu du Homsek: «Testuinguru horri dagokion moduan jokatu dugu. Ez dugu nahi honen guztiaren ondorioak funtzionarioen gain geratzea».

Oraingoz, Madrilen helegiteen aurkako alegazioak aurkeztuko ditu Kataluniako Gobernuak, eta haiek ez onartzeko eskatuko dio Konstituzio Auzitegiari. Hortik aurrera, parlamentuko gehiengoaren arabera hartuko ditu erabaki nagusiak. Legebiltzarrak, bestalde, kontsultarako legeen behin-behineko debekua bertan behera uzteko eskatuko dio Konstituzio Auzitegiari. Izan ere, automatikoki indarrean sartutako neurria da, eta ez arrazoitutako erabaki baten ondorioa; edozein unetan erabaki lezake hura atzera bota eta A-9rako legeak berriz indarrean jartzea. Auzitegiak Kataluniako Parlamentuaren eskariari muzin egin eta hala ere debekuari eustea erabakitzen badu, justifikatu egin beharko du.

Prestaketak aurrera doaz

Parlamentuak, oraingoz, aurreikusitako agendari eutsiko dio. Gaur bertan azaroaren 9ko galdeketarako Kontrol Batzordea izendatzeko asmoa du. Legebiltzarrak jada onartu ditu CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek proposatutako zazpi hautagaiak, eta aste honetako osoko bilkuran bozkatuko dute haien alde. Guztiak zuzenbidean adituak dira —gehienak, katedradunak—, eta, besteak beste, galdeketa egingo duten zazpi barrutietan bozketa behatzeko organoak izendatzea izango da haien ardura.

Bere garaian PSCri ere eman zioten aukera batzorde horretarako kideak proposatzeko, baina azkenean ez du parte hartuko: argudiatu duenez, aditu bakar batek ere ez du onartu alderdi sozialistaren proposamena. Orain, batzordearen izendapena osoko bilkuran ez eztabaidatzeko eskatu dute PPk eta Ciutadansek: Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean indarrik gabe utzitako ekintza eta ebazpenen artean ei dago Kontrol Batzordea. Nolanahi ere, auzi hori agendan mantentzeko aski da diputatuen gehiengo soilak hala eskatzea, eta CiU, ERC, ICV eta CUPen artean aise gainditzen dute parlamentuan behar den kopurua. Prestaketen fase bat baino ez dela azaldu du Jordi Turull CiUko bozeramaileak:«Ekintza juridikoa da soil-soilik, eta ez dauka inolako ondoriorik.

Konpromisorako eskaera

Madrilgo mehatxuen aurrean ez etsitzeko eskatu diote gainerako alderdi subiranistek CiUren gobernuari. Parlamentuko bigarren indar eta gobernuaren sostengatzaile nagusi den ERCk galdeketarekiko konpromisoa gogorarazi du. «Konstituzio Auzitegiak ez dauka zilegitasunik jada erabakita dagoen zerbaiti buruz erabakitzeko», esan du Marta Rovira idazkari nagusiak: haren arabera, parlamentuak herritarren agindua bete behar du, eta ez Madrildik datorren hitza.

Oriol Junqueras ERCko presidenteak, berriz, helburua zein den ez ahazteko eskatu du. «Ardura handiko unea da hau, ez adierazpen handiak egitekoa. Lan egiteko garaia da; asko daukagu egiteko, eta are gehiago konplikatuko digute», adierazi du Vilaweb atariari emandako elkarrizketa batean. «Independentista ez direnentzat, beharbada, galdeketara deitzea bera bada lorpen bat. Ez dakit. Baina independentistak garenok, eta beti izan garenok, oso garbi daukagu deialdia urrats bat baino ez dela: helburua azaroaren 9an botoa ematea da».

Konstituzio Auzitegiak galdeketa erabat debekatuz gero geratuko liratekeen alternatiben inguruan ez espekulatzeko eskatu du: «Galdeketa da daukagun tresna onena, eta bestelako aukerei buruz hitz egiteak kalte baino ez dio egiten. Denbora, B planen inguruko galderekin galdu beharrean, independentziaren edo oraingo egoeraren desabantaila posibleez eztabaidatzeko baliatuko bagenu, askoz gehiago irabaziko genuke».

ICVk ere prestaketekin jarraitzeko eskatu du, eta CUPek, inolaz ere ez egiteko atzera. «Dena aurrera doa, eta kontsultaren aldeko kanpainari eutsiko diogu; bestela, etor daitezela», adierazi du David Fernandez parlamentariak. «Konstituzio Auzitegiak ez du merezi gure aitorpenik, ez eta autoritaterik ere».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Raisi Irango presidentea eta Al-Sudani Irakeko lehen ministroa, atzo. ©EFE

Irakek ez du utziko «Irakeko lurraldetik» Irani eraso diezaioten

Ander Perez Zala

Bi herrialdeetako agintariak elkartu egin dira kurduez eta eskualdeko segurtasunaz aritzeko. Harremanak «hobetzea» adostu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.